Juan Carlos I.a Espainiakoa

Espainiako erregea
Joan Karlos I.a Espainiakoa» orritik birbideratua)

Juan Carlos I.a[1]gaztelaniaz, izen osoa: Juan Carlos Alfonso Víctor María de Borbón y Borbón-Dos Sicilias edo, labur, Juan Carlos I— (Erroma, 1938ko urtarrilaren 5a) 1975tik 2014ko ekainaren 19ra Espainiako erregea eta estatuburua izan zen. Haren oinordekoa haren seme Felipe VI.a da, Juan Carlosek abdikatu zuenez gero. Hala ere, Juan Carlosek oraindik errege titulua du.

Juan Carlos I.a Espainiakoa

(2013)
Espainiako errege emeritua

2014ko ekainaren 19a -

Espainiako errege

1975eko azaroaren 22a - 2014ko ekainaren 17a
Alfontso XIII.a Borboikoa - Felipe VI.a Espainiakoa
Espainiako Estatuburua

1975eko azaroaren 22a - 2014ko ekainaren 17a
Espainiako printze

1969ko uztailaren 22a - 1975eko azaroaren 22a
← baliorik ez - baliorik ez →
Bizitza
JaiotzaErroma1938ko urtarrilaren 5a (86 urte)
Herrialdea Espainia
BizilekuaZarzuela jauregia
Familia
AitaJuan de Borbón y Battenberg
AmaMaria de las Mercedes Borboi-Bi Sizilietakoa
Ezkontidea(k)Sofía Greziakoa  (1962ko maiatzaren 14a -
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaEspainiako Borboi etxea
Hezkuntza
HeziketaInstituto San Isidro (en) Itzuli
Villa St. Jean International School (en) Itzuli
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)Ángel López-Amo (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakmonarka eta aristokrata
Pisua79 kilogramo
Altuera182 zentimetro
Jasotako sariak
KidetzaAcadémie des sciences morales et politiques
Erromako Kluba
GraduaKapitain nagusi
Air captain general (en) Itzuli
Capitán General de la Real Armada Española (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
IMDB: nm0207526 Edit the value on Wikidata

Francok izendatu zuen bere ondorengo estatuburu, nahiz eta, izatez, errege izatea Juan Carlosen aitari zegokion. Horrela, Francisco Franco hil eta gero, Espainian monarkia berrezarri zen.

1975eko azaroaren 22an izendatu zuten errege, 1947ko Estatuko Ondorengotzarako Legean horrela erabaki baitzen. 1978ko Espainiako Konstituzioak Espainiako erregetzat onartu zuen, Borboi etxearen oinordeko izendatu zuen eta estatuburutza eman zion. Kargu horiek jaso aurretik ere, Juan Carlosek Estatuko buruzagitzaren barneko eginkizun batzuk izan zituen Franco gaixo zegoen bitartean.

Bere erreinaldian Juan Carlosek bere aldeko jarraitzaile ugari izan du, bai Espainian, bai Iberoamerikan. Hala ere, 2012an egoera hura goitik behera aldatu zen, 2013an herritarren % 53 haren gobernatzeko erarekin erabateko desadostasunera iritsi arte, nahiz eta, gainerako Espainiako organigrama politikoarekin alderatuta, iritzi positiboa mantendu.

Errege zela, hainbat omenaldi eta nazioarteko sari jaso ditu Espainiako trantsizioan izan zuen jarreragatik, 1981eko Estatu kolpea etettzeko izan zuen bitartekotzagatik, Europari laguntza emateagatik eta harreman diplomatikoak sortzen egindako ekarpenagatik, hala nola: Karlomagno saria (1982); UNESCOren Félix Houphouët-Boigny saria, bakea bilatzeagatik (1995); Demokraziaren domina, Yeshivako Unibertsitateak emana (1997); estatuburu mundialaren saria, Appeal of Conscience erakundeak emana (2011); erakunde errusiarraren estatu saria (2011), besteak beste.

Bizitza

aldatu

Juan Carlos Erroman (Italia) jaio zen 1938ko urtarrilaren 5ean eta Juan Carlos Alfontso Victor Maria Borboikoa izenarekin bataiatua izan zen. Aitaren aldetik, Alfontso XIII.aren iloba da eta Juan Carlosen gurasoak Joan Borboikoa eta Battenberg(Bartzelonako kondea) eta Maria de las Mercedes Borboikoa-Dos Sicilias eta Orleans (Dos Siciliaseko printzesa) izan ziren.

Bere ahaideek Juanito deitzen diote, aita zen Joan Borboikoarengandik bereizteko. Juan Carlos I.a, Erromako ospitale batean jaio zen, Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, 1931n, errege-erreginen familia Espainiatik erbesteratu eta gurasoak Italian bizi baitziren.[2]

1938ko urtarrilaren 26an Erromako kapera batean bataiatu zuen Vatikanoko idazkaria zen kardinal batek, Eugenio Pacellik, ondoren Pio XII.a aita santua izango zenak. Juan Carlos I.aren aitaren ama, hots, bere amona Victoria Eugenia, bataioko ama pontea izan zen eta bere amaren aita, hots, Juan Carlosen aitona, Carlos Tancredo Borboikoa (Bi Sizilietako printze eta Espainiako infante), berriz, aita pontekoa. 1942an, familia osoa Lausanara (Suitza) lekualdatu zen.

1948ko abuztuaren 25ean, Francok eta Bartzelonako kondeak topaketa bat egin zuten Bizkaiko golkoan, lehena Donostiatik aterata (Azor itsasontzian) eta bigarrena, berriz, Arcachondik. Printzea Espainiara joanen zela erabaki zuten, bere ikasketak bertan egiteko. Urte bereko azaroaren 8an, 10 urte besterik ez zituen Juan Carlosek espainiar lurrak zapaldu zituen lehen aldiz. Hurrengo urteko udan, Franco eta Joan Borboikoaren arteko harremanak errazak ez zirenez, Joanek bere seme Juan Carlos berriro ere Espainiatik ateratzeko erabakia hartu zuen.

Estorilen urtebete eman ondoren, 1950eko udazkenean, Joan Borboikoak bere semari Espainiara itzultzen utzi zion bertan bere ikasketekin jarraitzeko, baina bere anaia Alfontsorekin batera izan zen oraingo honetan. 1954ko udarako Juan Carlosek jadanik bere batxilergoko ikasketak bukatuta zituen. Jarraian, heziketa militarra jaso zuen, Zaragozako Akademia Militar Orokorrean lehenik (1955-1957), gero Pontevedrako Itsas Eskola Militarrean (1957-1958), eta azkenik Murtziako Aireko Akademia Orokorrean (1958-1959).

1956ko martxoaren 29ko Aste Santuan, Estorileko (Portugal) errege-erreginen etxean (gaur egun Villa Giralda izenez ezaguna), Juan Carlosek 18 urte zituela, errebolber batekin jolasten ari zen bere anaia Alfontsorekin. Juan Carlosek ustekabean tiro egin eta bere anaia hil zuen.

1961eko irailaren 13an Juan Carlos I.aren eta Sofia Greziakoaren arteko ezkon-hitza eman zen ofizialki. Zortzi hilabete geroago, 1962ko maiatzaren 14an, bikotea Atenasen ezkondu zen erritu ortodoxo eta katolikotik. Ezkontzaren aurretik, Francok Juan Carlos eta Sofia Espainian bizitzearen egokitasuna adierazi zuen eta, 1963aren hasieran, Joan Borboikoa alde ez bazegoen ere, senar-emazteak Madrilera joan ziren eta Zarzuelako jauregian jarri ziren bizitzen.[3]

1966ko martxoaren 5ean, Bartzelonako kondearen kontseilu pribatua Estorilen elkartu zen Alfontso XIII.aren heriotzaren hogeita bostgarren omenaldia egiteko eta Juan Carlos bertara gonbidatu zuten. Bilera hura, Joan Borboikoaren eskubide dinastikoak onartzeko ekitaldi bat izango zen. Juan Carlosek aurretik aita bizirik zegoen bitartean ez zuela koroa onartuko esan bazuen ere, emaztearen eskaerari kaso egin eta bilera horretara ez joatea erabaki zuen, gaixo zegoela esanez.

Espainiako printze

aldatu

1947ko Estatuko Buruzagitzaren Legeari jarraituz, Francok Erregearen tituluaren ondorengo izendatu zuen Juan Carlos; 1969ko uztailaren 22an, Espainiako gorteek berretsi zuten eta printze gazteak hauen aurrean zin egin behar izan zien erreinuko funtsezko legeei eta Movimiento Nacional delakoaren printzipioei, hots, ideal frankistei. Hala ere, lege horietan oinarrituko zen gerora erregimenaren aldaketa bultzatzeko eta demokraziaren etorrera errazteko.

Francok Gorteei Juan Carlos printzea bere ondorengo estatuburu izendarazi zuenekoa:[4]

« Mugimendu Nazionalaren printzipioetan VII.ean finkatuta dago espainiar Estatuaren forma politikoa (...) Monarkia tradizional, katoliko, soziala eta ordezkaritza bidezkoa dela. 1947ko uztailaren 26ko Estatuaren Buruzagitzarako Ondorengotza Legeak (...), 1967ko urtarrilaren 10eko Estatuko Lege Organikoak zenbait puntutan aldatuta (...), seigarren artikuluan Estatuaren Buruzagitzan ondorengoa ezartzeko bide zuzena finkatzen du. Horretarako, Espainiako Caudillo eta Armaden Generalísimoari eskubidea ematen dio bere ondorengoa, Errege edo Buru moduan, izan beharko lukeela uste duena Gorteei proposatzeko (...). Horregatik, Espainiako Gorteei nire ondorengotzat erregetzat Juan Carlos Borboi eta Borboikoa Printzea proposatzeko unea dela deritzot. Izan ere, hain zeregin zailerako prestakuntza egokia hartuta eta hiru Armadetako kidea izanda, argi erakutsi du herrizale garbia dela eta Mugimenduaren Printzipioekin eta Erreinuaren Oinarrizko Legeekin bat egiten duela, eta Ondorengotza Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak ere betetzen ditu. Horren arabera, eta Espainiako Gorteek onartutako Legeari jarraiki, zera berresten dut: 1. artikulua. Estatuko Buruzagitza hutsik geratzean, Koroa ezarriko da On Juan Carlos Borboi eta Borboikoa printzearen bitartez, 1947ko uztailaren 26ko Oinarrizko Legearen 11. artikuluan, 1967ko urtarrilaren 10eko Estatuko Lege Organikoak aldatuta, finkatutako ondorengotza ordenaren arabera »

Arau dinastikoei jarraituz, Espainiako erregetzaren ondorengotza Joan Borboikoa eta Battenberg-entzat izango litzateke, Alfontso XIII.aren hirugarren seme eta jaraunslearentzat. Baina, Joan eta Francoren arteko harremanak okerrera zihoazenez, oinordekotzaren lerroan salto bat egin zuen eta Juan Carlos hautatu zuen Espainiako printze izateko. Titulu horrekin, Francok lortu nahi zuena monarkia liberalarekin distantzia bat gordetzea zen. Juan Carlosek onartu egin zuen aurrez esandako salto hori eta horrek errege-erreginen etxe barruko gatazkak ekarri zituen. 1977ra arte, Bartzelonako kondeak ez zien bere ondorengotzarako eskubideei ofizialki uko egingo.

Ondoregotza Legea

aldatu
« Horregatik guztiagatik, uste dut iritsi dela eguna Espainiako Gorteei jakinarazteko nor proposatzen dudan nire ondorengo izateko. Don Joan Karlos Borboiko eta Borboiko printzea proposatzen dut, errege izenda dezaten eguna iristean. Izan ere, goi-misio horretarako prestakuntza egokia jaso du eta hiru armadetako kidea da, eta horrez gain, argi frogatu du abertzale garbia dela eta bat egiten duela Mugimanduaren printzipioekin eta Erresumako Funtsezko Legeekin. »

— Estatu Burutzarako Ondorengotza Legea, 1969ko uztailaren 22a.


Juan Karlosen onarpena

aldatu
« Espainiako errege-etxeko kidea naiz, linea zuzenean, eta nire familian, Probidentziaren borondatez, bat egin dute bi adarrek. Nire aurrekoen ondorengo duina izatea espero dut (...). Gure tradizio loriatsuaren benetako funtsari eutsi beharko zaio beti, baina iraganaren kultua ez dadila eragozpena izan abiadura izugarrian eraldatzen ari den gizarte honen bilakaeran, historiako aro liluragarri honetan. Tradizioa ezin da estatikoa izan; egunero hobetu behar da. »

— Joan Karlos printzearen onarpena, 1969ko uztailaren 23a.


Juan Carlos I.ak Estatuko buruzagitza onartu zuen 1974ko uztailaren 19aren eta irailaren 2aren artean lehenik eta 1975eko urriaren 20tik hilabete bereko 30era gero, Francoren gaixotasunak zirela medio. 1974ko uztailaren 9an Franco ospitalean sartu zuten bere eskuineko hankan flebitisak jota. Ospitalera joan aurretik, gobernuko lehendakariari deitu zion (Carlos Arias Navarro) eta Espainiako gorteetako lehendakariari (Alejandro Rodriguez de Valcárcel), printzeari botereen transferentzia egiteko. Bi egun geroago, Juan Carlos, lehendakaria konbenzitzen saiatu zen ez baitzuen Francok esandako hori egitea nahi, diktadoreak boterea betiko pasa ziezaiola baizik. Arias Navarroren ezezkoa jaso ondoren, Juan Carlosek Francori eskatu zion transferentziaren dekretu hori ez sinatzeko. Uztailaren 19an, diktadorearen egoera oso larria zenez, lehendakaria Francorengana joan zen transferentzia hori onartzeko xedearekin. Cristobal Martinez-Bordiú, diktadorearen koinatua, Arias Navarro logela hartan sartzea eteten saiatu zen, baina azkenik, lehendakariak sartzea lortu zuen eta baita diktadorea konbenzitu ere bitarteko boterea eman ziezaion. Honek guztiak, Villaverdeko markesa haserrarazi zuen eta baita Francoren emaztea (Carmen Polo). Juan Carlosek, lehen aldiz, Estatuko buruzagitza hartu zuen.

Franco gero eta gaixoago zegoenez, 1975eko urriaren 23an Valcárcel eta Arias Navarro Zarzuelara joan ziren Juan Carlosi berriro ere buruzagitza hartu zezala proposatzera. Baina, Juan Carlosek ezezkoa esan zuen baldin eta ordezkapena ez bazen behin betiko. Urriaren 30ean, peritonitis larri batek hartu zuen diktadorea. Bere egoera estu horretaz jabetuta, diktadoreak printzeak bera ordezkatzea eskatu zuen eta honek baiezkoa eman zuen, Francoren gaixotasuna terminala zela jakin ondoren.

Erregealdia

aldatu
 

1975eko azaroaren 20an, Francoren heriotzaren berri ematean, Juan Carlosek zin egin zuen Movimiento Nacional delakoaren printzipioei men egingo ziela, hots, frankismoa iraunaraziko zuela. 1975eko azaroaren 22an, Gorteek Espainiako errege egin zuten Juan Carlos I.aren izenpean eta tronura eramana izan zen bost egun geroago.

Nahiz eta Espainiako Movimiento Nacionalen legeei —hau da, erregimen frankistaren legeei— leial izango zitzaiela hitzeman zuen, bere jarrerarekin Erreforma Politikorako Legea sustatu zuen. Lege hori diputatuen Kongresuan onartu zen 1976ko azaroaren 18an, eta gero erreferendumean ere onartu zen %94ko babesarekin. Ondorioz, Espainiako trantsizioa hasi zen.

1977ko maiatzaren 14an, errege izateko aukera urrun ikusten zuelarik, Bartzelonako kondeak (Juan Carlosen aita) bere eskubide dinastikoei uko egin zien. Horrela, 1977ko azaroaren 1ean, Felipe (Juan Carlos I.aren semea) koroaren oinordeko bihurtu zen eta Asturiasko printze titulua bere gain hartu zuen. On Joanek bere ukapena ekitaldi bero eta afektibo batean burutu zuen; Landelino Lavilla zegoen Erreinuko notario nagusi eta ekitaldiaren ostean, On Joanek honako hau aitortu zuen:

« Uko egiten dut, Espainiarenganako maitasun handiz eta nire semearekiko afektu handiz »

.

Juan Carlosen erreinaldian, Espainiako konstituzioa onartu zen eta bertan erregearen eginkizunak zehaztu ziren, koroaren edonolako esku-hartzea politikan ezabatuz eta Espainia monarkia parlamentario bihurtuz. Horrez gain, konstituzioaren 57. artikuluak Juan Carlos I.a dinastia historikoaren oinordeko legitimo aitortzen du. Konstituzioa erreferendumean berretsia izan zen abenduaren 6an eta erregeak onetsi egin zuen abenduaren 27an.

Koroak, iraunkortasunaren eta aberriaren sinbolo denak, ez du onartzen indarra erabiliz konstituzioak (espainiar herriak erreferendumean onartu zuena) zehaztu zuen prozesu demokratikoa geldiarazi nahi duenaren jarrerarik.

Espainiako erregeak aurre egin behar izan zion arazo handienetako bat 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea izan zen. Egun hartan, gobernuko lehendakari izateko hautagai zen Leopoldo Calvo-Soteloren inbestidurarako bigarren botazioa egiten ari zen bitartean, diputatuen kongresua hartu zuten Goardia Zibileko indarrek, Antonio Tejero koronelaren agintean. Aldi berean, III. eskualde militarreko kapitaintza nagusian (Valentzia), Jaime Milans del Bosch teniente jeneralak hiriko kaleak okupatu zituen tankeekin eta beste hainbat saialdi egon ziren beste puntu batzuetan, hala nola, Madrilgo Prado del Reyko Televisión Españolako estudioak hartzea. Une hartan, altxamenduak koroaren babesa espero bazuen ere, Juan Carlos I.ak telebistan eginiko agerraldiaren ondoren, altxamendua bertan behera geratu zen.

2011ko abenduaren 11n, komunikazio bideetan ateratako informazioen arabera, erregearen suhia den Iñaki Urdangarinek agian diru publikoak bidegabekeriaz erabili zituen eta iruzur, faltsutasun eta diru zuritzeaz salatu zuten. Zarzuelak, izandako jokabidea ez zela ereduzkoa izan-eta, eginkizun instituzional guztietatik alboratu zuen.

José Castro epaileak Iñaki Urdangarinen auziarekin jarraitu zuen eta, 2012ko otsailaren 25, 26 eta 27an, Urdangarinek 2006an erregeak bere negozioak bertan behera uzteko eskatu ziola adierazi zuen. Hala ere, 2012ko apirilaren 16an, Urdangarinek bere sozio ohia zen Diego Torresi idatzitako hiru korreo egin ziren publiko eta korreo horiek erregea bere suhiaren aldeko negozioetan inplikatzen zuten.

2012ko apirilaren 14an Juan Carlos I.ak, Botswanan elefanteak ehizatzera joatera gonbidatua izan zen batean, aldakako haustura bat pairatu zuen. Gertakari honek, kritika asko piztu zituen, Espainiako krisi ekonomikoaren garai okerrenean gertatu baitzen. PP eta PSOEk ez zuten ezbehar hori publikoki baloratu, baina Izquierda Plural, Unión Progeso y Democracia eta Esquerra Republicana de Catalunyak gobernuari gai honi buruz galdetuko ziotela azaldu zuten, diputatuen kongresuan. Patxi Lopez lehendakariak ere ez zela gaizki egongo erregeak barkamen publikoa eskatzea esan zuen.

Apirilaren 18an, operatua izan zen ospitaletik ateratzean, erregeak barkamen publikoa eskatu zuen gertatutakoagatik.[5] Hortik aurrera, bere erregetza erabat aldatuko da.

Erreinaldiko gobernuak

aldatu
 
Juan Carlos I.a eta Sofia Nixonekin
 
Juan Carlos I.a Putinekin
 
Juan Carlos I.a eta Zapatero
 
Erregea eta Urkullu Zarzuelan

Carlos Arias Navarro (1974-1976): lehenengo erreforma demokratikoen liderra izan zen. Frankismoa mantentzeko etengabeko ahaleginek bere kargu-uztea ekarri zuten. 1976ko uztailaren 1ean, erregearekin tentsioz betetako bilera bat izan ondoren, Ariasek dimisioa aurkeztu zuen.

Adolfo Suárez (1976-1981), UCD: Hainbat bideetatik demokraziarako uste sendoetara iritsi ziren bere garaiko politikoen talde batek bultzatuta, 1976 eta 1979 bitartean, erregimen frankista desmuntatu zuen eta horretarako Movimiento delakoaren legeekin bat zetozen barne erreformak egin zituen. Bere agintaldian egon ziren une garrantzitsuenak hauek izan ziren: erreforma politikoaren proiektua eta lehen hauteskunde orokor askeak (1977). Hauetatik, gorte batzuk azaleratu ziren, konstituzio espainiarra (1978) idatzi eta onartu zutenak eta oraindik indarrean dagoena. 1981ean, Suárezek, ezkerreko alderdi politikoen etengabeko presioa eta bere alderdian bertan zeuden tentsioak zirela-eta, dimititu egin zuen.

Leopoldo Calvo-Sotelo (1981-1982), UCD: Bere agintaldian, hartu zuen erabaki garrantzitsuena Espainia Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzea izan zen (NATO). Erabaki honek arazo asko sorrarazi zizkion, batez ere, PSOErekin. Agintean egon zen denbora laburrean, azken saialdi kolpistak bertan behera utzi ziren. Gainera, hainbeste espero zen dibortzioaren legea onartu zen.

Felipe González (1982-1996), PSOE: bere lehendakaritza luzeko ekintzetatik nabarmentzen direnak honako hauek dira: lehen aurkako bortitza izan bazen ere, NATOn sartzea, eta 1986ko erreferendumean berresteko bideak egitea, Europar Batasunean sartzea eta 1992ko Bartzelonako Joko olinpikoak. Berak bultzatutako modernizazio ekonomikoa, soziala eta azpiegituretakoa, gehiengo absolutuan oinarrituta zegoena, bere azken urteetan lausotuta geratu zen hainbat arrazoi zirela medio: krisi ekonomiko bortitza, ustelkeriaz gainezka zegoen estatu bat eta GAL talde terroristan inplikatuta egon zitekeenaren hipotesia, ETAren aurka zihoana.

José María Aznar (1996-2004), PP: bai Felipe Gonzalezekin eta bai José María Aznarrekin, erregimen demokratikoa sendotzen ari zela, erregea jokabide politikotik urruntzen joan zen. 2004ko hauteskundeak (Aznarrek ez aurkeztea erabaki zuena) baino hiru egun lehenago 11-Mko Madrilgo atentatu terroristak gertatu ziren.

José Luis Rodríguez Zapatero (2004-2011), PSOE.

Mariano Rajoy (2011-gaur egun), PP.

Ondorengotza

aldatu
 
Felipe Borboikoa

Haurrak

aldatu

1962ko maiatzaren 14an Atenasen ezkondu zen Sofia Greziako eta Danimarkakoarekin eta bikoteak hiru seme-alaba izan zituen:

Ustezko seme-alabak

aldatu

Juan Carlos Borboikoa aita zutela adierazi duten zenbait pertsona agertu dira. Are, horietako bat, Albert Sola haren seme zaharrena izango litzateke, haren adierazpenen arabera. Espainiako Zerbitzu Sekretuetako Villarejok DNA testak egin zizkion, eta baieztapen hori berresten bide du, % 99,9ko segurtasunaz, baina Espainiako Auzitegi Gorenak uko egin zion aitatasun demanda onartzeari.[6] Albert Sola telebistan elkarrizketatua izateko bezperan hil zen bat-batean, bihotzeko batek jota 2022ko urrian.[7]

Zaletasunak

aldatu

Juan Carlos I.ak 1972ko Municheko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen, Dragon klasean, Fortuna bere ontziarekin. Haren bi tripulatzaileak Félix Gancedo eta Gonzalo Fernández de Córdoba izan ziren. Aurrerago, Bribón taldearen parte izan zen. Horrez gain, irrati-amateurra da, bai eta eskiaren eta ehizaren zalea ere.

Ehizari dagokionez, 2004ko urriaren 8an, hartzak ehizatzen hartu zuen parte Errumanian. 2006an, Errusiako hedabide batzuek hartz drogatu bat ehizatu zuela leporatu zioten, eta agintari errusiarrek ikerketa bat ireki zuten. Gertaera faltsua zela adierazi zuen Errege Etxeak. 2012ko apirilean, Botswanan elefanteak ehizatzen aritu zen. Jarduera horiek natura eta ingurumena babestearekin bateragarri ez zirela eta, 2012ko ekainaren 21ean Munduko Natura Funtsaren Espainiako sekzioak erabaki zuen Juan Carlosi bere ohorezko lehendakari izatearen titulua kentzea. Sekzio hori sortu zenetik zuen Juan Carlosek titulua.[8]

Karlomagno sariaren irabazle izan zen 1982an, Simón Bolivar sariarena 1983an eta honoris causa doktoretzak eman dizkiote hainbat unibertsitatek, hala nola, Boloniakoak (1988), Oxfordekoak (1986), Cambridgekoak (1988), Harvardekoak (1983) eta Sorbonakoak (1985).

Aberastasun pertsonala eta esamesak

aldatu

2012ko irailean, The New York Timesek Un Rey escarmentado que busca la redención, para España y su Monarquía izeneko artikulua argitaratu zuen.[9] Testua erregeak egunkaria bisitatu eta handik bost egunera zabaldu zen. Bisita hori Espainiako egoera azaltzeko eta herrialdearen irudia hobetzeko egin zuen. Testu horretan, errege-erreginen familiaren aberastasuna 2.300 milioi dolar ingurukoa dela adierazi zen, hots, 1.800 milioi euro ingurukoa. New Yorkeko iturri batzuek esan zuten kalkulu hori ez zela izan ikerketa baten ondoriozkoa, baizik eta, aurretik publikatutako zifretan oinarrituta zegoela.

Zenbait maitelerekin erlazionatu izan dute, modu publikoenean Corinna zu Sayn-Wittgenstein alemanarekin. Juan Carlos I.aren izenean Saudi Arabian negozioak egin izan dituela argitaratu izan da. Halaber, Corinnaren ahotsa ageri den grabaketak agertu dira, zeinean onartzen zuen Juan Carlosentzat dirua Suitzan legez kanpo gordetzen lagundu zuela.

Haren aberastasunaren nondik-norakoak ordura arte argitaratu zituzten bakarrak Eurobusiness (2000 eta 2002) eta Forbes (2003) aldizkariak izan ziren. Eurobusiness lehenengoa izan zen 1.790 milioi eurori buruz hitz egiten, 2002an argitaratu zuen zerrendan, Europako 400 pertsona aberatsenak azaltzen baitziren. Aurreko eranskinean, 2000koan, Juan Carlos I.ari 1.681 milioi estimatzen zitzaizkion, baina horren inguruko erreakzioak ez ziren iritsi 2002ko zenbakia argitaratu zen arte. Bertan esaten zenaren arabera, Juan Carlos I.aren familiak ondasun asko jarauntsi zituen Espainian eta Europako beste leku batzuetan, hala nola, Mallorcako irla bat... Arte lan ugari ere eskuratu zuen baina erregetza espainiarraren aberastasunaren iturri garrantzitsuena 40ko hamarkadaren amaieran, monarkia berrezartzeko Franco jeneralaren eskutik antolatutako erakunde batetik dator. Erregeak 545 milioietan baloratutako aberastasun pertsonala dauka eta horrez gain, familiaren ondasunak kontrolatzen ditu, 1.136 milioi eurotan baloratuta daudenak.

Gobernuak eta erregearen etxeak informazio hori faltsua zela esanez erreakzionatu zuten. Erresuma Batuko espainiar enbaxadoreak aldizkariko zuzendariari eskutitz bat bidali zion, Eurobusiness-ek esandakoarekin ez zegoela batere ados azaltzeko.

Osasuna

aldatu

Hainbat operazio kirurgikori egin behar izan die aurre. 1981eko ekainaren 21eko gauetik hurrengo egunera larriki operatua izan zen, Zartzuelako igerilekuan bainatzera zihoanean kristalezko ate batekin izandako kolpearen eraginez nerbio erradialean ebakia izan zuelako.

1983ko urtarrilaren 3an, pelbiseko fisura izan zuen, Gstaaden (Suitza) eskiatzen ari zela; hori zela eta, hiru hilabetez egon behar izan zuen bajan.

1985eko uztailaren 19an, fibrosia kentzeko berriro ere ebakuntza egin behar izan zioten, aurrez esandako eski istripu horrengatik.

1991ko abenduan, beste istripu bat izan zuen eskiatzen ari zela Baqueira Bereten. Azken horrengatik, belaunetik operatu zuten eta beste lau hilabetez bajan egon zen.

2010eko maiatzaren 8an, tumore bat kendu behar izan zioten Bartzelonako Hospital Clínic-ekin lotura duen entitatean.

2012ko apirilaren 14an aldakatik operatua izan zen, Madrilgo Quirón San José ospitalean, Botswanan ehizatzen ari zela erori izanagatik. Orduan jain zen Corinna zu Sayn-Wittgenstein maitalearekin zegoela han. Aurrerago, erregeari protesi bat ezarri zioten ezkerreko aldakako artikulazioan.

2013ko martxoaren 3an, ebakuntza egin behar izan zioten, Madrilgo Milagrosako klinikan, lunbarretako arazo batzuengatik.

2013ko irailaren 24an, ezkerreko aldakatik operatu zuten Pozuelo de Alarcóngo (Madril) ospitale unibertsitarioan.

Tituluak

aldatu

Espainiako Konstituzioak, bere II. tituluko, 56. artikuluko, 2. parrafoan errege-titulua Juan Carlos I.ari ematen dio. Bestelako tituluak erabiltzea ere baimentzen du:[10]

Genealogia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. (PDF) 186. arauaː Atzerriko pertsona-izenak. Grafia-irizpideak. Errege-erreginen eta kidekoen kasua. .
  2. (Gaztelaniaz)http://www.casareal.es/ES/FamiliaReal/rey/Paginas/rey_biografia.aspx
  3. (Gaztelaniaz)http://www.hola.com/biografias/juan-carlos-i/
  4. (Gaztelaniaz) BOE, 1969ko uztailak 23
  5. (Gaztelaniaz)https://web.archive.org/web/20140621030155/http://politica.elpais.com/politica/2012/04/18/actualidad/1334736994_093121.html
  6. (Gaztelaniaz) «Albert Solà, primogénito de Juan Carlos, hunde a su hermano Felipe VI en TV3» En Blau 2021-09-30 (Noiz kontsultatua: 2022-10-14).
  7. (Gaztelaniaz) «Muere súbitamente Albert Solà, el hombre que aseguraba ser hijo de Juan Carlos I» www.lasexta.com 2022-10-09 (Noiz kontsultatua: 2022-10-14).
  8. (Gaztelaniaz) «WWF deja al Rey sin la presidencia de honor», El País, 2012-07-21.
  9. (Gaztelaniaz) http://www.20minutos.es/noticia/1602409/0/the-new-york-times/articulo/rey-juan-carlos/
  10. Royal Styles Spain. En heraldica.org
  11. Espainiako monarkiak horrenbeste titulu dituenez, garrantzitsuenak idatzi ohi dira, baina badaude gaur egun erabiltzen ez diren hainbat titulu monarkia espainiarrak dituenak:
    Hungariako, Dalmaziako eta Kroaziako erregea
    Linburgoko, Lotaringiako, Luxenburgoko, Gelderlandeko, Estiriako, Karniolako, Carintiako eta Würtembergeko dukea
    Alsaziako landgrave-a
    'Suabiako printzea
    Franche-Comtéko konde palatinua
    Artoisko, Hainauteko, Namurko, Goriziako, Rhin Garaiago eta Kiburgoko kondea
    Oristano eta Goceanoko markesa
    Germaniako Erromatar Inperio Santuko eta Burgauko margrave-a
    Salinsko, Malinasko, Esloveniar Markako, Pordenoneko eta Tripoliko jauna.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Juan Carlos I.a Espainiakoa