Edukira joan

Atlantropa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Oihanguren (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 11:35, 11 otsaila 2024
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Artistak pentsatutako Atlantroparen eremua airetik ikusita.

Atlantropa 1920ko hamarkadaren amaieran, Herman Sörgel (1885-1952) arkitekto alemaniarrak Europa eta Afrika fisikoki batzeko egin zuen proiektu handizalea izan zen, Gerra Handiaren ondorengo krisi orokorrari aurre egitea xede. Sörgelek uste zuen Afrikari ez zitzaiola inolaz ere behar bezalako etekinik ateratzen, eta Mediterraneo itsasoak hiri eta estatu berriak sortzeko erabil zitekeen lur-eremu aproposa betetzen zuela[1].

Proiektutzarrari Atlantropa esan zion eta, besteak beste, Gibraltar itsasartean presa bat aurreikusi zuen, ozeano Atlantikoari bidea itxiko ziona eta energia elektrikoa sortzeko erabiliko zena. Dardaneloen itsasartean beste presa bat eraikiko zuten. Bi ertz horiek itxita itsasoko ura pixkanaka lurrunduko zen eta, hala, urpeko eremu asko berreskuratuko ziren. Ondoren, baliabideak eskuratzeko aukera egongo zen lur eremu lortu berrietan. Sörgelen kalkuluen arabera, mende erdi pasatxoan 600.000 kilometro koadro inguru berreskuratuko ziren[1].

Baina ur hura guztia ez zen lurrunketa mantsoaren menpe egongo; lehentasunezko helburuetako bat Mediterraneo itsasoaren zati bat Afrika erdialderaino kanalizatzea eta han itsaso artifizial bat sortzea zen; Saharako basamortua ureztatu eta laborantzan ustiatzeko lurrak lortuko omen ziren Mediterraneoko lur afrikaratuari esker[1].

Zentzurik eta etorkizunik gabeko proiektua badirudi ere, arkitekto eta ingeniari ezagunen babesa lortu zuen Sörgelek; Peter Behrensena, esaterako. Baina proiektua gauzatu zezaketenek, agintari politikoek, ez zioten jaramonik egin. Adolf Hitlerren igoera gogo onez eta itxaropentsu hartu zuen Atlantroparen aitak. Kontinente berri bat sortzeko ideia buruzagi naziaren megalomaniarekin bat etor zitekeela pentsatu zuen, baina Hitlerrek hasieratik baztertu zuen[1].

Alemaniar nazien babesik gabe, Sörgel antipodetara joan zen laguntza bila: juduengana. Erich Mendelsohn arkitektoarekin batera, Sörgelek uste zuen Atlantropan kolono juduentzat nahikoa toki egongo zela eta, hala, juduek ez zutela palestinarrei lurrak kentzeko beharrik izango. Baina Bigarren Mundu Gerrak Sörgelen itxaropen urriak uxatu zituen; gobernuak arduratuago zeuden suntsitzeaz eraikitzeaz baino[1].

1952an, Municheko Unibertsitatean hitzaldi bat ematera bizikletan zihoala, auto batek jota hil zen arkitekto ameslaria[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f Nagore Irazustabarrena, «Atlantropa: Afrika eta Europa josita», Argia, 2014-10-19, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]