Euzko JEL-Batza
Euzko JEL-Batza | |
---|---|
Datuak | |
Izen laburra | EJB eta CNV |
Mota | euskal alderdi politikoa |
Ideologia | Eusko abertzaletasuna, kontserbatismoa eta autonomismoa |
Kokapen politikoa | eskuin politiko |
Agintea | |
Lehendakaria | Engrazio Aranzadi |
Prentsa-organoa | Euzkadi (egunkaria) |
Historia | |
Sorrera | 1916 |
Desagerpena | 1930 |
Euzko JEL-Batza (EJB)[1][2][3] —ezagunagoa espaienierazko izenaz: Comunión Nacionalista Vasca (CNV)— 1916 eta 1930 bitarteko euskal alderdi politiko abertzale bat izan zen. Garai hartan eta 1915an abertzaletasunak krisi larri bat jasan zuen, eta EAJn bi joera nagusi nabarmendu ziren:
- Lehena, joera eskuindar moderatu eta estatutistak osatzen zuen; honen buruzagi nabarmenena Engrazio Aranzadi Kizkitza izan zen.
- Bigarrena, EAJ-Aberri, erradikalagoa eta independentista zen, eta Luis Arana (Sabin Aranaren anaia) buru zuen.
EJBren sorrera
1916ko apirileko Donostiako biltzarrean moderatuen joera garaile atera zen, eta, egokiagoa zelakoan, EAJri izena aldatzea erabaki zuten. Gainera, egoera nahasi honen ondorioz 1916an ordu arte alderdiko lehendakari zen Luis Arana, bere aurkarien ezkutuko barne-mugimenduen ondorioz, EAJtik iraitzi zuten.
Aipatzekoa da, Lehen Mundu Gerrako garai hartan, euskal foru-aldundietatik euskal sortarau bat lortu eta Espainiaren batasunaren barnean jarraitzeko egitasmo bat lantzen ere ari zirela; joera kontserbadore horrek euskal gizartean indar handia zuen.
Bi joeren arteko desadostasunak
Euzko Gaztediko kideen ustez, EJBko joera berri hura moderatuegia zen, eta jatorrizko pentsamolde sabindar eta independentistari eutsi beharra zegoen; halandaze, Aberri aldizkaria sortu eta EJBko jarrera ofizialaren aurkako iritziak argitaratzen hasi ziren. Joera honetako buruzagirik nabarmenena Elias Gallastegi izan zen (1930eko hamarraldian EAJ birbatutik berriz ere irten eta Jagi-Jagi aldizkaria eta talde independentista sortu zituen).
Bai EJB, bai EAJ-Aberri alderdien arteko liskarrak latzak eta luzeak izan ziren. Liskarrok nagusiki EJBren Euzkadi egunkariko eta Aberri aldizkariko iritzartikulu eta eztabaida-orrialdeetan ederki asko ikus daitezke. Ika-mika honen erpina 1921eko udan izan zen, batez ere Kizkitzak eta Gallastegik zeuzkaten Euskadiko gizarte-mailen ikuskerak zirela-eta.
EAJ-Aberriren sorrera
Liskar honen ondorioaren inguruan hainbat bertsio dago: batzuen arabera, EJBko buruzagiek Euzko Gaztedi eta Aberri aldizkariko kide independentistak alderditik kaleratu zituzten; beste batzuen ustez, aldiz, Euzko Gaztedi eta Aberri aldizkariko kideek euren kasa EJB utzi zuten, alderdi berri bat sortzeko asmoz.
Horiek horrela, Euzko Gaztedi eta Aberri aldizkariko kide haiek jatorrizko alderdi politikoaren EAJ izena berreskuratu eta eusko alderdi independentista abertzale berri bat sortu zuten. Alderdiko buruzagirik nabarmenena Elias Gallastegi izan zen. Alderdi berri honek, gerora Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian abertzaletasunaren barnean garrantzi handia izango zuten bi erakunde sortu zituen: Emakume Abertzale Batza eta Euzko Mendigoxale Batza (gerora, Euskal Mendi Federakundea izango zenaren jatorrizko erakundea).
Berrelkarketa
Primo de Riveraren diktaduraren amaiera aldera, Euzko Gaztedik eta Euzkadi egunkariak abertzaletasunaren batasunaren aldeko kanpainari ekin zioten. 1930ko apirilean helburu horretarako batzorde bat sortu eta adostasun baten hastapenera iritsi ziren.
1930eko azaroaren 16an Bergarako zineman ospatutako Batasun Biltzar Nazionalean antzinako Euzko Alderdi Jeltzalea izena berreskuratzea erabaki zen. Abertzaletasunaren gehiengoaren batasuna lortu zen; halere, aipatzekoa da talde bat, laizismoaren aldeko eta Espainiako alderdi ezkertiarrekin itunen aldeko izateagatik, bereizi zela; handik gutxira, Eusko Abertzale Ekintza alderdi berria sortu zuen.
Erreferentziak
- ↑ Kintana Goiriena, Jurgi. (2008). Intelektuala nazioa eraikitzen: R. M. Azkueren pentsaera eta obra. Euskaltzaindia, 21 or. ISBN 9788495438393.
Aipua: «EJB: Euzko Jel-Batza (gazt. Comunión Nacionalista Vasca, CNV). 1916- -1930 arteko alderdi jeltzalea.». - ↑ «Bilbaopedia - Luis Eleizalde Breñosa» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2023-07-23)
Aipua: «EAJk izena aldatu zuen: 'Euzko Jel Batza (gaztelaniaz, Comunión Nacionalista Vasca)». - ↑ Petxarroman, Iñaki. (2023-07-23). «Arturo Campion Argi izpi bat, foruen itzalaldian» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-07-23).
Kanpo-estekak
- Comunión eta Aberri. Euskomedia. (Gaztelaniaz)
- Abertzaletasunaren berrelkartzea eta Errepublika. Euskomedia. (Gaztelaniaz)