Claudio Abbado
Claudio Abbado (Milan, Italia, 1933ko ekainaren 26a - Bolonia, Italia, 2014ko urtarrilaren 20a) musika-zuzendaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zortzi urte zituela jabetu zen musikarekiko zuen zaletasunaz, eta bere jaioterriko Giuseppe Verdi Akademian pianoko, konposizioko eta orkestra-zuzendaritzako ikasketak egin zituen. 1955ean Vienara joan zen Hans Swarowski zuzendariarekin ikastera. 1958. urtean Tanglewooden (Estatu Batuetan) Koussevitzky saria jaso zuen, eta Italiara itzulita Milango Kontserbatorioko ganbera-musikako irakasle izendatu zuten.
1960an aritu zen lehen aldiz zuzendari gisa bere hiriko Teatro alla Scala-n, eta hiru urte geroago hasi zen bere izena nazioartean entzuten, Mitropoulos Lehiaketan orkestra-zuzendaritzako lehen saria jaso eta Herbert von Karajanek Salzburgoko Jaialdian Gustav Mahlerren "Bigarren Sinfonia" zuzentzeko gonbita egin zionean. Huraxe izan zen Vienako Orkestra Sinfonikoarekin izan zuen lehen harremana; orkestra haren zuzendari gonbidatu izan zen 1971tik aurrera, eta zuzendari titularra 1986-1989 urte-bitartean.
1971. urte horretan bertan Vienako Mozartgemeinek Mozart domina eman zion, munduko antzoki eta kontzertu-areto onenetatik hasi zitzaizkion deitzen, betiere bere hiriari eskainiko bazizkion ere bere denbora eta ahalegin gehienak. 1968an Milango Scalako Operako musika-zuzendari izendatu zuten eta, horrez gainera, 1977-1979 bitartean, bertako zuzendari artistikoa izan zen. 1982an Scalako Orkestra Filarmonikoa sortu zuen; urte horietan lan handia egin zuen musikaren kultura gizarte osora zabaltzeko. 1989an, Herbert von Karajan hil zenean, Berlingo Orkestra Filarmonikoaren zuzendari izendatu zuten; 2002 arte aritu zen postu horretan.
2002an urdaileko minbizia diagnostikatu zioten, baina ebakuntza larri baten ondoren, sendatu egin zen. 2003an, Luzernako Jaialdiko Orkestra sortu zuen, eta bere kontzertuak oso txalotuak izan dira, batez ere Mahlerren sinfoniei eskainitakoak. Bere bizitzako azken urteetan zenbait gazte-orkestra ere sortu zituen.[1]
2014ko urtarrilaren 20an, Claudio Abbado Bolonian hil zen laurogei urte zituela, minbiziaren aurkako borroka luze baten ostean. Abbadoren hilkorren aztarnak erraustu eta bere errautsen zati batekin urna bat lurperatu zuten Val Fex-eko XV. mendeko Fex-Crastako kaperaren hilerrian. Sils im Engadin/Segl udalerriaren zati bat da, Suitzako Grisonia kantonamenduko herri bat non Abbadok oporretarako etxea zuen.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Italieraz) «Addio al grande maestro Claudio Abbado», Corriere della Sera, 2014-01-20.
- ↑ (Italieraz) «Le ceneri di Abbado in Engadina L’ultimo viaggio sulle montagne» Corriere della Sera 2015-01-15 (Noiz kontsultatua: 2024-07-22).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Claudio Abbado Allmusic webgunean