Edukira joan

Euskal Herriko musika garaikidea

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal Herriko musika garaikidea XIX. mende erdialdetik aurrera Euskal Herrian egindako euskarazko nahiz erdarazko musika da. Askotariko estiloek bilakaera desberdinak izan dituzte, baina guztiek ere lotura dute garai horretatik aurrera izandako industrializazio eta aldaketa demografikoekin. XX. mende bukaerako eta XXI. mendeko gizarte mediatikoak sofistikazio handia eta elkarreragin bereziak sortu ditu jatorrizko euskal musika, musika jaso klasikoen eta nazioarteko pop musika berrien artean. Euskal Herriko musika sorkuntza eta emanaldiak norbanakoen eta gizataldeen identitaterako ezin besteko elementu bilakatu dira.

Bergarako txistulariak (1930)

XIX. mendean, euskal foruen galera eta identitatearen krisia gertatzearekin batera, euskal kulturaren berpizkunde bat izan zen, eta hainbat abesbatza talde sortu. Burdinbidearen Euskal Herriko etorrerak (1863) eskusoinu txikia ekarri zuen, harrezkero herri musikan sendo errotua, ordu arteko txistu eta txirulaz gain. Herri ohitura eta musikari buruzko interes etnografikoa ere agertu zen, ikertzaile dirudunek eta erlijio gizonek bultzatuta. Mugaz bi aldeetara euskal jaiak ugaldu egin ziren eta, bitartean, turismoaren eta kanpoko eliteen eraginpean, musika klasikoko genero batzuk lantzen hasi ziren hiriburuetan oinarrituta. Turismoaren hegalpean, 1914 arte, Jose Maria Usandizaga donostiarra garatu zen, operagile eta zarzuelagilea. Gero loratu ziren beste zuzendari eta musikagile batzuk ere orkestrarako musikaren inguruan.

Diktadurako agorraldi latzak kimu berriei utzi zien lekua, mugaz bi aldeetan agertu zen kultura eta musika isuria Nouvelle chanson eta Nova canço gidari hartuta: XX. mendeko 60ko hamarkadako Euskal Kantagintza Berriaren agerpena jotzen da euskal herri musika modernoaren mugarritzat eta ezin besteko erreferentziatzat. Geroztik, kontsumo gizartean eta hiritartzean sakondu ahala, Espainiako zein Frantziako eta nazioarteko produktuak eta joerak indarrez sartu ziren Euskal Herrian, itxaropen eta belaunaldi arteko kontraesanetan murgildutako giroan. Niko Etxart izan zen aitzindarietako bat, aurreko tradizioaren eta musika mugimendu berriaren arteko zubi lan bihurrian. 80ko hamarkadan punk kontzeptuaren goraldia izan zen, DIY ("egin ezazu zeuk") filosofia bidelagun hartuta. 90eko hamarkadatik, berriz, dibertsifikazioaren eta gizarte mediatikoaren zabalkuntza orokorra gertatu da: rock, jazz, elektronikoa, new age, punk, hardcore, heavy metal eta gainerako estilo guztiak garatu dira Euskal Herrian.

Euskal musikaren pizkundea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Julian Gaiarre Milanen, opera lan baten estreinaldian (1876)
Gernikako Arbola ereserkia
Pepita Enbil eta Eresoinkako kideak (Sara, 1937)

Euskal foruen galerak Ipar Euskal Herrian (1790) eta Hego Euskal Herrian (1839, 1841, 1876-77) euskal nortasunaren krisialdiaren hasiera ekarri zuen. XIX. mende lehen erdian bizirik zirauen bertako erakundeak eta legeak berreskuratzeko esperantza. Hala ere, kezkatutako pertsonaia aberatsek eta gai-adituek kultura arloan hasi ziren lanean, euskal kultura eta tradizioen estatusa igotzeko: oro har, Lore Jokoak Anton Abadiak bultzatu zituen Urruñan lehendabiziko aldiz 1851n. Gipuzkoan, Joan Ignazio Iztuetak dantza tradizioaren bilketa lana egin zuen 1820 aldera (Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia), ohiturazko euskal musika tresnen berri emanez.

Burdinbidea heltzearekin ia batera, 1865ean, Iruñeko Orfeoia sortu zen, Europako orfeoi zaharrenetakoa, eta eskusoinua Piemontetik ekarrita sartu zen euskal herri musikan (1863). Gaztetatik, Pablo Sarasate bidankoztarrak musikarako sena agertu zuen eta, 17 urte zituela, Pariseko Kontserbatorioko lehendabiziko saria eraman zuen biolin lehiaketan. Iruñeko Orfeoiak Jose Maria Iparragirrek aldean gitarra hartuz ondu eta zabaldutako doinu herrikoi berriak kantatu zituen, garai horretako gizarte eta politika aztoramendua islatuz. Ordukoak dira Gernikako arbola ereserkia (1854), Zibilak esan naute, etab. Hertsiki lotuta zegoen herri musika bertsolarien eta koblakarien jardunarekin. 1876ko foruak galtzearekin batera hil zen Bilintx hiriko bertsolari eta poeta (Bein batian Loyolan, Juana Vishenta Olave...), eta Lapurdiko Lore Jokoek Pirinioak zeharkatu zituzten Donostiaraino Euskal Festa bihurtuta (1891), eta pixka bat geroago Bilbora. Donostian, Raimundo Sarriegik hainbat doinu sortu zituen, Serafin Barojaren hitzak zituztenak, eta Danborradan ezin bestekoak bihurtu zirenak.

Garai berriko interes etnografikoaren haritik, Jose Gonzalo Zulaikak, "Aita Donostia"k, euskal kantuen bilketa lan handia egin zuen. Donostiako turismo giroan murgilduta, Jose Maria Usandizagak euskal gaiak jorratu zituen bere zarzueletan eta operetan, hala nola Mendi mendiyan, baita Las golondrinas ere, kanpoko eliteen gustuari lotuz. Musika jasoan, 1886an jaiotako Jesus Guridi gasteiztarrak ere zarzuelak, operak, ganbera musika eta abar landu zituen. Arabako Foru Aldundiak "euskal musikagile handiena" izendatu zuen. Usandizagaren lagun-mina zen, eta Ziburuko oporraldietan euskaldun hazitako Maurice Ravelek ere Usandizagarekin posta elkartrukea izan zuen. Azken honek musika sinfonikoko konponketak egin zituen, piano-jole izateaz gain; Boleroa da bere lan ausart eta ezagunena. Bigarren Karlistaldiaren bueltan, Julian Gaiarre erronkariarra ospea hartuz joan zen Iruñeko Orfeoiaren epelean, tenor bakarlari gisa (1890ean hil zen).

Euskal gizarteak aldaketa handiak eta esperientzia traumatikoak bizi izan zituen I. eta II. Mundu Gerren artean. 30eko hamarkadan bizitako pizkundeak eta esperantzak Espainiako Gerra Zibilari eta II. Mundu Gerrari utzi zioten bidea, Euskal Herria gogor astindu zutenak. Luis Mariano irundarra Bordeleko deserrian hazi zen, eta gerraostean kantu arinak eta pozgarriak abesten itzuli zen, frantsesez, gaztelaniaz eta noizbait euskaraz. Francisco Escudero musikagile zarauztarrak Espainiako Arte Ederretako saria jaso zuen 1937an Trío bucólico lanarekin, eta erbestera jo zuen gutxira. 1947an Pinceladas vascas piano eta orkestrarako lanarekin saria irabazi zuen, eta hurrengo urtean Donostiako Kontserbatorioko zuzendari izendatu zuten. Aldi berean, Illeta elegia hunkigarria konposatu zuen 1947an, baritono, koro eta orkestrarako. Atzerrian, Eresoinka kantu taldea Euskal Herriari ahotsa jarri zion nazioartean egindako itzulietan, Gerra Zibilaren eta gerraosteko une gogorretan.

Gerraosteko giro goibelean aritu zen Isidro Ansorena Donostiako txistu bandaren buru, musika tresna hori biziberritzen. Iruñean, Manuel Turrillas musikagile hasi zen La Pamplonesa musika bandan 1925etik aurrera, baita bertan 50 urte eman ere, bandarako herri musika konposatuz. Egungo Sanferminetako doinu ezagunak eta Osasunako ereserkia sortu zituen, baina baita kalejirak, pasodobleak, aurorak, jotak eta zortzikoak ere. Zuberoan, Pierre Bordazarrek, Etxahun Iruri musikari ezagunak, bertako herri musika berritzen jo eta su jardun zuen, koblakari, txirulari eta pastoral idazle lanetan; "Agur Xiberua" eta "Ama" kantuak dira bereak, baita gerraosteko pastoral berritua ere (Etxahun Koblakari, 1953). Berari zor zaio, neurri handi batean, pastoralaren transmisio lana.

Euskal Kantagintza Berria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mixel Labeguerie 1960 aldera
Jose Angel Irigarai Ez Dok Amairu taldeaz hizketan
Ez Dok Amairu eta beste abeslari batzuen bilkura bat
Artikulu nagusia: «Euskal Kantagintza Berria»

Manu Robles-Arangizek eta Luisa Bernaola emazteak euskal diasporarekin bat egin zuten 1937an indar kolpistengandik ihesi, eta gerraostean Arrangoitzen finkatu. Euskal kultura eta musikako ezin besteko erreferentzia bilakatu ziren aldi horretan Ipar Euskal Herrian, seme-alabek Soroak laukoa osatu zutenean, 1958 aldera. Aire berria eman zieten herri kantuei, gitarra espainolaz eta ahotsaz baliatuz. Sona handia hartu zuten, eta Mixel Labegueriek mirespenez begiratu zien. Berbera musika egiten hasi zen, gitarra aldean hartuta. Bere doinuek oihartzun handia izan zuten, "Gu gira Euskadiko" edo "Primaderako liliak" abestiekin, esate baterako. 1961etik 1963ra zabaldu ziren haren lehen kantuak, orduko Jacques Brel, Georges Brassens eta Nouvelle chansonen eragin eta isuriaz. Tradizioarekiko haustura handia zen.

Labeguerieren kantuak mugaz gaindi igaro ziren Hego Euskal Herrira, eta musika molde berriak probatzeko irrikaz zegoen gazte belaunaldi batek haiek entzun zituen. Kimu berri horien artean zeuden Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta Xabier Lete, besteak beste. 1963an, Donostiako Barandiaran galeriaren inguruan euskal artearen abangoardiako eta musikagintzako hainbat eragile bildu ziren, elkarren berri izan eta elkarrekin kultur ekintzetan aritzeko. Hortik, Ez Dok Amairu mugimendua atera zen; Jose Angel Irigarairen eta Artze anaiak ere ziren tartean. Artze anaiek txalapartarekin interesatu ziren, eta haren jotzeko moldea berritzen hasi ziren. Une hauetan zentsurari egin zioten aurre hainbat aldiz, dela kantuetako letren inguruan, dela kontzertuak emateko orduan. 1967an, Estitxu Robles-Arangiz kantari ibilbideari lotu zitzaion Bilbon; are, 1968an, hiru sari irabazi zituen Ipar eta Hego Euskal Herrian. Geroztik, oihartzun handiko diskoak atera zituen, atzerriko abestien euskarazko bertsioak, ume kantak, eta berak sortutakoak tartekatuz. Itzuliak egin zituen Ameriketan, askotan Euskal Etxeek gonbidatuta.[1]

Gitarra arrotzaren erabilerak kritikak jaso zituen, baina pixkanaka Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Mikel Laboa eta Benito Lertxundiren eskuetan, euskaldunak hura onartzen hasi ziren. Euskal musikak ezkutuan igarotzen zuen muga kaseteetan, Ximun Haranen bitartekaritzaz askotan. Ez Dok Amairuren kontzertuak ugaldu egin ziren, tokian tokiko irratiak ere zabaltzearekin batera (Herri Irratia, adibidez). Gazteen euskal talde txikiak sortu ziren landa ingurunean, tartean dela Urretxindorrak. 1971n, berriz, Bilbo industrializatu eta erdaldunean Oskorri folk taldea sortu zen, eta urte horretan bertan Larraitzeko jaialdia jazo zen, askok hippy kutsua hartu ziotena eta euskal gazteriak kristautasunari egindako errefustzat jo izan dena. Ez Dok Amairu taldea desegin egin zen. Gorka Knörrek Araba kantari diska atera zuen 1971n, eta 1976an Txalaparta diska, Lluis Llachen "L'estaca"ren euskal bertsioa sartuz.

Ez Dok Amairuko abeslariek beren bidea jarraitu zuten, nork bere aldetik. Euskal Kantu Berriko joerekin bat etorriz, 1970ko Euskal Herriko errepresio eta borroka giroan, talde berriak sortu ziren Ipar Euskal Herrian ere: Guk (1968), Etxamendi eta Larralde (1967), Errobi (1973). 1972an, Niko Etxart Pariseko emigraziotik itzuli zen Zuberora ideia modernoekin, rock&rolla aldarrikatuz eta euskaraz, baina bere manera apurtzaileek herrikide askoren errefusa eragin zuten.[2] Telesforo Monzon, Hego Euskal Herriko diktaduratik ihesi, Donibane Lohizunen finkatua zen 40ko hamarkadan, eta Pirinioez hegoaldeko iheslari berriei eman zien harrera. Pantxoa eta Peio bikote gaztearen hainbat kanturen hitzak idatzi zituen, fama handia hartu zutenak: "Itziarren semea", "Lepoan hartu", etab. Imanol Larzabalek Pirinioez iparraldera ihes egin zuen 1971n, eta orduko europar eragin handia izan zuen. Mutrikun, Indar Trabes dantzaldietako taldea sortu zen, askotariko kantuak ematen zituena. Amaia Zubiriak, Txomin Artolak eta beste musikari batzuek Haizea folk taldea sortu zuten 1977an, nazioarteko eraginaren isuri handikoa; gero eta gehiago rock progresibora lerratu ziren. 1978an, Indar Trabesek LP diskoa bat atera zuen bere kantuekin, eta Itoiz izena hartu zuten.

Euskal Rock Erradikala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Rock Erradikala»
Kortatu Egiako gaztetxean
Cicatriz Hondarribian

Kantautoreek beren banakako bidean jarraitzen zuten bitartean, musikako argitaletxe berriak sortu ziren, Euskal Herrian. Soñua izan zen horretan aitzindaria. Hiri eta herrietan egosten ari zen belaunaldi berrien kaleko protestan, gaztetxeak sortu ziren, eta Ingalaterra eta Estatu Batuetako punk mugimendua egin zuk zeuk ikuspegiaz (DIY) Euskal Herrian bere aztarna utzi hasi zen. 1977an, Zarama sortu zen Santurtzi endekatuan, eta bere originaltasuna punk musika euskaraz egitea zen. Santurtziko depresio ekonomikoan, oraingoan erdaraz, Eskorbuto sortu zen aldi berean. Punk estilo berean, 1979an, La Polla Records sortu zen Agurainen; 1981ean, Hertzainak Gasteizen eta, 1982an, Barricada Iruñean.

Soñua argitaletxearekin ia batera Discos Suicidas disketxea sortu zen Bilboaldean. Geroago etorri ziren Oihuka eta Gor. 1984 eztanda urtea izan zen euskal rockaren baitan, talde ugari sortu ziren, eta diskoetxe berriek lehendabiziko diskoak argitaratzeko modua eman zieten. Hala agertu ziren, goian aipatutakoez gain, Baldin Bada, Tijuana in Blue, Kortatu, Cicatriz, Hertzainak, MCD eta beste batzuen diskoak. Diskoak agertu ahala, borrokako rock musikaren oihartzuna zabaldu egin zen eta talde berriak agertu ziren. M-ak taldeak alde esperimentalagoa landu zuen. Herri Batasunak, "Martxa eta borroka" kanpainaren bidez, musika arrotzeko mugimendu hori bultzatzearen aldeko hautua egin zuen.

1987rako, mugimendu berria bere helduarora heltzen ari zen. 1987an, Egin egunkariak Bat, bi, hiru... zazpi! bilduma diskoa atera zuen, talde berrien kantuen laburpen bat eskainiz. Sona eta entzute handikoa izan zen. Harrezkero "Euskal Rock Erradikala" izendapena zabaltzen hasi zen, asko horrekin bat ez etorri eta hari uko egin arren, Eskorbutok bereziki. Ordu arte erdarazko hitzak erabiltzen ziren gehienetan, baina une horretan Kortatuk apustu sendo bat egin zuen, beren banakako hirugarren diskoa, Kolpez kolpe, euskara hutsez argitaratuz (1988ko martxoan). Jotakie talde azkoitiarrak ere hala egiten zuen hasieratik, Balerdi Balerdik bezala geroago, pop estilora lerratuago.

Gaztetxeen inguruan umotutako musika eta gizarte mugimendu hori, baina, gainbehera hasi zen, drogaren erabilerak eta HIESak gogor zigortuta. Ordurako, zale ugari biltzen zituzten talde andana bateko kideak gaixotzen hasiak ziren: Cicatriz, Eskorbuto, RIP, etab. Hala ere, arrakasta izaten jarraitu zuten. Gauzak, hala ere, aldatzen ari ziren, soinu eta eragin berriak sartzen. 1988an, Kortatuk Azken guda dantza zuzeneko diskoa atera zuen, eta desegingo zela iragarri, egitasmo berri batekin itzultzeko: Negu Gorriak (1990). Urte berean, Euskadi Gaztea irrati publikoa sortu zen, protestakoaz bestelako gazte musika sustatzen zuena euskaraz, irrati-formula ereduaren arabera.

Dibertsifikazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

60ko hamarkadatik, Euskal Herriko musikak dibertsifikazio handia izan zuen, kontsumoko gizartea eta hiritartzea hedatu ahala. Euskal herri musikak herrietako erromerietan jarraitu zuen, baina aldi berean dantzaldietatik musika banda berriak atera ziren hedabideek lagunduta. Erdarazko musika sendotu egin zen nabarmen, eta oihartzun handia aurkitu zuen hedabideetan: Mocedades kantu taldeak Eurovision 1973ko lehen saria eskuratu zuen "Eres tú" abestiaz, arrakasta handiz; izan ere, kantu taldeek indar handia zuten herri tradizioan, Biarritzen bertan Oldarra sortu zen 1945ean. Euskal Herri mendebaldean indar bereziz, otxote gizon ahotsen taldeak indartu ziren, eta 60ko hamarkadan ugaldu egin ziren lehiaketak, baita beste abesbatza batzuk ere.

La Oreja de Van Gogh, lehen garaietako kontzertu batean
Xabier Solano 2012n (Esne Beltza)

Euskal Kanta Berriaren eta Oskorriren lorratzean, Ganbara da aipatzekoa 80ko hamarkadan folk estiloan, Oskorrirekin batera. Ingeles eta espainiar joeren eraginpean (Movida madrileña eta Los 40 principales), hiriburuetan hainbat talde sortu ziren pop estilora lerratuagoak eta, oro har, joera komertzialago bati lotuak: Sanchis y Jocano, 21 Japonesas, Duncau Dhu. Bilbon, aipatzekoak dira 80ko hamarkadaren amaieratik aurrera Doctor Deseo, Platero y Tú, besteak beste. Kontzertuen ugaltzeak eta hedabideetako oihartzunak, gainera, profesionalizatzeko aukera zabaldu zuen, espezializazio gero eta handiagoaz. Carmelo Bernaola musikagintza klasikoan ibili zen 50eko hamarkadatik, baina otxandioarrak hainbat doinu herrikoi ere utzi zituen: Athletic Bilbaoren ereserki ezaguna, edota TVEko Verano azul telesail sonatuko hasierako doinua.

Txistuak gorde egin zuen euskaltasunaren altxor izatearen sinbolismoa eta, oro har, rol instituzional eta protokolarioa. Trukean, 80ko hamarkadan gero eta gehiago ziren trikiti eta pandero bikoteak, dantzaldien bizigarri. Trikiti txapelketa nazionalek bi talde goratu zituzten 80ko hamarkada bukaeran: batetik, Tapia eta Leturia; bestetik, Kepa Junkera. Musikariok, baina, ez ziren ohiturazko doinuetan geratu, eta beren doinu bereziak ontzen hasi ziren, esperimentaziorako joera batez. Hernaniko Txalaparta Eskolan, txalaparta doinuek isuri moderno eta esperimental bat hartu zuten, Euskal Herri osora hedatu zirenak. Luze gabe gitarra baxua elkartu zitzaien emanaldietan, joaldiei pop kutsua emanez, triki pop deitu izan den joeran. Trikiti eskoletatik atera ziren 90eko hamarkadan Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Iker eta Larraitz, Gozategi... musika alaia, arina eta baikorra. Oso harrera ona izan zuten plazetan ez ezik, hedabideetan ere.

Gaztelaniaz, La Oreja de Van Gogh donostiarrak zurrunbilo bat bezala aireratu ziren plazetan eta hedabideetan, Dile al sol beren lehen diskoaz (1996); ahots indartsuko kantu gehiago etorriko ziren geroko albumetan. Haren lorratzean etorri zen Alex Ubago kantautore intimista, donostiarra ere, eta oihartzun handikoa Espainian. M-ak taldeak musika oso anitza eta eraginkorra eskaini zuen bere Barkatu aman, eta harrera beroa izan zuen Euskal Herrian, baita kanpora ere, kritika aldetik bereziki. Ikuspegi berri batez, Negu Gorriak taldeak (1990) aurreko protesta kantuen aldean jarrera baikorragoa agertu zuen, hip hop eta mestizajeari emana, eta euskararen aldeko konpromisoaz. Ildo beretik beste talde batzuk agertzen joan ziren euskaraz: Zestoako Lin Ton Taun, protesta espirituari eutsiz bere lehen diskoan, Urtz power-pop estiloari helduz, edota Sorotan Bele, folk estilo fresko eta eraberritu batez. Luze edo labur arrakasta handia lortu zuten euskarazko musikaren munduan. Kontrako aldean, aurreko punk estilotik soinu gogorragoak atera ziren eta, horietan guztietan, Lekeitioko Etsaiak eta Andoaingo BAP taldeak dira aipagarriak; heavy metal estiloan eta euskaraz Su Ta Gar sortu zen Eibarren. 90eko hamarkadan, espezializazioa eta aniztasuna gailendu ziren.

Ines Osinagarekin elkarrizketa (Gose)
Zuloak taldearen irudikapen artistikoa (Egia, Donostia)
Anari kontzertuan (2017)

1990eko hamarkadaren amaieran, gaztetxeek indarrean jarraitu zuten arren, indarra hartuz joan zen kultur eta musika eskaintza publikoa, kultur etxeetatik hasita. Espezializazio handiagoak profesionalizazioa ere ekarri zuen, goraldi ekonomikoak bultzatuta; aldi berean, kontzertu emanaldi handiak hasi ziren. ETAren suetenekin batera, gizarte aurreikuspen berriak sortu ziren, baita bake asmoak hedatu ere. Mugaz bi aldeetako lankidetzak areagotu egin ziren. Irunen, Les Mecaniciens taldea desegin, eta Jabier Muguruzak bere bideari heldu zion. Mixel Ducauren Zaldibobo proiektua Bidaia bihurtu zen (2002), folk eklektikoko taldea. Bitartean, Sustraia taldeak (1992) Ipar Euskal Herriko bestak musikatu zituen 2009 arte, Mixuk gidaturik.[3]

Lekunberrin, Berri Txarrak talde gazteak harrera beroa izan zuen rock gogor eta sofistikatuaz. Nazioartean oihartzuna hartzen hasi ziren. Etsaiak Pin Pan Pun Band festalari eta, aldi berean, garratzak ere nazioarteko bidea hartu zuen, Latinoamerikako kontaktu sare oparo baten bidez. Giro festazale eta alai horri eutsi zioten ere Joxe Ripiauk eta Betagarri skalari gasteiztarrek. Trikitiaren espezializazio eta esperimentaziotik Trikizio banda sortu zen (Ze Esatek!en aitzindari), eta Oreka TXek bide berriak urratu zituen txalapartarekin. Etzakit taldetik Esne Beltza sortu zen. Pi.L.T-k "Hil da jainkoa" abestiaz entzute handia hartu zuen Euskadi Gazteako sariketa irabaztean. 2000tik hasita, Delorean Zarauzko taldeak musika elektronikoa landu zuen.

Hiriburuetako festetako kontzertu handiekin batera, beste jaialdi komertzial eta ez-komertzial batzuek arreta irabazi zuten musikazaleen artean, milaka horietara bilduz. 1996an, Euskal Herria Zuzenean euskal kulturaren eta kultur artekotasunaren ospakizuna antolatzen hasi ziren Arrosan; Gasteizko Azkena Rock Festivalek lehen pausoak eman zituen (2002); Bilbao BBK Live Bilboko Udalarekin hitzartuta egin zen lehendabizi (2006). Hatortxu Rock, berriz, 1997an egin zen lehen aldiz Iruñea inguruan, euskal preso politikoen elkartasunez, eta 2017n 20. urteurrena bete zuen. Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiak eta Getxoko, Donostiako zein Gasteizko Jazzaldiak beren bidean gorantz egiten jarraitu zuten, nazioarteko arreta erakarriz. Euskal musikan, Ken Zazpi taldeak pop soinuak eta sentimendu intentsitatea bateratu zituen.

2015ean, Ken Zazpik Phoenicoperus bere estudio lan zainduena atera zuen, eta bere ordu arteko Euskal Herriko entzute eta ospea biribildu. Hari lankidetza berri batek jarraitu zion, 2013an Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin album sinfoniko bat atereaz.[4] Horrelako lankidetzetan aitzindari izan zituen Benito Lertxundi (Auhen sinfonikoa; Elkar, 1998)[5] eta Mikel Laboa musikari beterano ezagunak (Gernika-Zuzenean 2; Elkar, 1999).[6] Estilo oso desberdinen nahasketak zirudien hartu beharreko bidea: Kalakanek herri tradizioa eta egungo eraginak uztartu zituen, baita nazioarteko itzuli batean murgildu ere, Madonnarekin (2012). Pascal Gaigneren eta Iñaki Salvadorrren bakarkako bideak zinemarekin gurutzatu ziren, baita hainbat sari irabazi, azkena Pascal Gaignek Handia pelikulan (2018). Opera estiloan eta ganberako musikan aipatzekoa da Ainhoa Artetaren jarduna, Euskal Herriko zein nazioarteko oihartzunaz.

Delorean, Inoren Ero Ni, Niña Coyote eta Chico Tornado, SextySexers, Sharon Stoner, Surfin Kaos, Izaki Gardenak, Ze Esatek!, Glaukoma, Potemkin, Willis Drummond, Korrontzi, Izaro Andres, Nogen eta Anne Etxegoien 2000ko hamarkadatik aurrera aritutako talde eta abeslari interesgarrien artean ditugu.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Estitxu. (Noiz kontsultatua: 2018-02-24).
  2. Niko Etxart. (Noiz kontsultatua: 2018-02-24).
  3. Sustraia. (Noiz kontsultatua: 2018-02-24).
  4. Ken Zazpi. (Noiz kontsultatua: 2018-02-25).
  5. Benito Lertxundi. (Noiz kontsultatua: 2018-02-25).
  6. Mikel Laboa. (Noiz kontsultatua: 2018-02-25).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]