Edukira joan

Mikel Errazkin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mikel Errazkin
Bizitza
JaiotzaHondarribia1973ko abenduaren 29a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza2008ko irailaren 5a (34 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikaria eta musikagilea
Genero artistikoapop musika

Inguma: mikel-errazkin-agirrezabala Badok: mikel-errazkin Discogs: 3510686 Musikasten: mikel-errazkin Edit the value on Wikidata

Mikel Errazkin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1973ko abenduaren 29a[1] - 2008ko irailaren 5a) euskal musikari eta musikagilea izan zen. Sorotan Bele taldearen sortzailea izan zen, zeltiar folka eta pop musikak elkartzen zituen taldea. Horrez gain bakarlari gisa 5 disko ere grabatu zituen eta Lantz musika taldean jo zuen bere azken urteetan.

Mikel Errazkin Sorotan Bele taldeko musikagilea eta txirula jotzailea izan zen. Aldi berean hainbat lan egin zituen bakarlari gisa. 1994an, gaixotasun bat zela medio, Sorotan Bele utzi behar izan zuen. Hala ere, musikagile gisa jarraitu zuen. Taldea desagertu zenean beste lan batzuei ekin zien, hala nola konponketak egitea, soinu-teknikaria edo grabaketa estudio bateko teknikaria.

1995an Hirusta Records argitaletxea sortu zuen. Izen horrekin 30 bat lan ekoiztu dira. 1996an Aixa taldea sortu zuen Urbil Artolarekin.

Mikel Errazkin hondarribiarra Sorotan Bele taldearekin egin zen ezagun, 1992. urtean. Euskadi Gaztea irratiko maketa lehiaketa irabazi ostean, taldearen lehen diskoak -Sorotan Bele (Elkar, 1993)- arrakasta itzela lortu zuen bere folk-pop atsegin eta dantzagarriarekin. Txirula jotzeaz gain, konposatu ere egiten zuen Errazkinek talde hartan. Hala, Mundu hegian (Elkar, 1994) bigarren diskoko ia musika guztia Errazkinek sortu zuen. Hilabete batzuk lehenago, buruko tronbosia izan zuen, eta horren ondorioak nabarituko zituen aurrerantzean. Ospitalean sendatzen ari zela, Errazkinen ama hil zen, eta, haren omenez, Hilargi, non zaude? konposatu zuen, Sorotan Beleren bigarren diskorako. Tronbosiak gorputzaren eskuinaldea mugitu ezinda utzi zion, eta txirula jotzeari eta zuzeneko emanaldietan aritzeari laga behar izan zion Errazkinek. Baina jarraitu zuen Sorotan Belen, musika sortuz eta teklatuez eta programazioaz arduratuz.

Gaixotasuna ez zen oztopo izan Errazkinek gustukoen zuena, musika sortzea, egiten jarrai zezan. Are gehiago, hurrengo urteetan bizkortu egin zen haren sorkuntza. 1995ean, Hirusta diskoetxea sortu zuen, eta bere bakarkako lehen lana kaleratu zuen, Bostak arte (Hirusta, 1995). Sorotan Belek egiten zuen musikarekin zerikusi txikia zuen Errazkinen bakarkako lanak, new age, folk eta afrikar doinuak batzen baitzituen, eta pieza gehienak instrumentalak baitziren. Abesturiko kantuen artean, Ruper Ordorikaren "Ene begiek" kantuaren moldaketa zegoen. Sorotan Beleko zenbait kidez gain, musikari ezagunek lagundu zioten diskoa grabatzen: Luis Camino, Alan Griffin (Alboka), Iker Goenaga, Aitor Amezaga (Akelarre)...

1996an, Sorotan Belek azken emanaldia eskaini eta gero, Urbil Artolarekin urte batzuk lehenago abiatutako proiektuari bultzada eman zion Errazkinek. Aixa taldean, Artola eta Errazkinez gain, Iker Goenagak, Kotte Susperregik eta Beti Mugan taldeko Xabi Lopezek hartu zuten parte, eta izenburu bereko kaleratu zuten 1998an. Aurretik, beste lan bat kaleratu zuen Errazkinek, Azken momentuan (Hirusta, 1997), eta berriz ere kolaboratzaile askoren ekarpenak bildu zituen: Mikel Irazoki (M-ak, Bizkar Hezurra...), Kepa Junkera, Josu Salbide (Oskorri), Luis Camino, Joserra Senperena... Disko horretan, Juan Carlos Perezen (Itoiz) pieza instrumental bat (Pieza lasarie) moldatu zuen, eta Carmen Santonja (Vainica Doble) eta Pablo Guerrero espainiarren hitzak musikatu zituen.

Hurrengo urteetan, beste hiru disko kaleratu zituen: Beti berandu (Hirusta, 1999), Airborn (Hirusta, 2002) -Becky Siegel dantzariak sortutako izen bereko koreografiarako sortutako musika- eta 10.0 (Hirusta, 2004). Disko guztietan musika ulertzeko modu pertsonala islatu zuen Errazkinek: ohiko eskemetatik ateratzeko gogoa, hainbat tradiziotako doinuak nahasteko joera, giroak sortzeko zaletasuna... Horrez gain, beste hainbat proiektutan murgildu zen: Julen Lekuonaren omenezko diskoa zuzendu zuen (Itsasoan urak handi dire, 2004), haurrentzako bi disko argitaratu zituen (Kanta ttikiak eta Gabon kanta ttikiak), eta beste hainbat kantariren diskoak plazaratu zituen Hirusta zigiluan (Markos Unzeta, Joseba Irazoki, Garbiñe Insausti, Jabier Muguruza, Gorka Sarriegi...).

Azken urteetan, Lantz gaur egungo folkeko taldean aritu zen Errazkin, Juan Ezeiza, Josean Martin Zarko (Ganbara taldeko kide ohiak), Xabi Lopez eta Alaitz Telletxearekin, besteak beste.

2008ko otsailean, Errazkinen osasun egoerak okerrera egin zuen, eta gurpil aulkian eman zituen azken hilabeteak. Irailaren 5ean zendu zen. Urtea amaitu baino lehen, Errazkinen azken ekoizpena kaleratu zen, Lo lo, kanta ttikiak (Hirusta, 2008), eta hainbat musikarik Bidean aurkitu zintudan (Hirusta, 2008) diskoa eskaini zioten. Diskoan bildutako musikariek (Urbil eta Txomin Artola, Aitor Furundarena, Gorka Sarriegi, Joseba Irazoki, Nieves Arilla, Lantz taldekoak...) omenaldia egin zioten Errazkini Hondarribian, 2008ko abenduaren 14an.

Bakarlari gisa honako diskak egin zituen:

Hil ¡ondoren argitaratuak:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Kantu Kontari (2024/02/27)» eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2024-3-31).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]