Orreagako gudua (824)
- Artikulu hau 824ko guduari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Orreagako gudua (argipena)».
Orreagako gudua | |||
---|---|---|---|
Data | 824 | ||
Lekua | Orreaga-Garaziko inguruko mendiak | ||
Koordenatuak | 43°01′N 1°19′W / 43.02°N 1.32°W | ||
Emaitza | Euskaldunen garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Orreagako 824ko gudua edo Orreagako bigarren gudua[1] 824an jazotako gudua izan zen; Pirinio mendebaldeko baskoien armada batek karolingiar espedizio militarra mendean hartu zuen. Gudua Orreagako lehenengo gudua baino 46 urte geroago izan zen, eta, aurrekoak ez bezala, ondorio politiko garrantzitsuak izan zituen: guduan Eblo eta Aznar Antso kondeak preso hartu zituzten eta, segidan, Oroel haitzean, Jakatik gertu, baskoi nobleek Eneko Arista errege goratu eta Iruñeko Erresuma burujabea sortu zuten.[2][3]
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pirinio inguruetan egoera ezberdina izan arren, haranetan kristauak gutxiengoa ziren. Orduko euskaldun batzuk alderdi frankoen alde egiten zuten, hasieran Karlomagnok eta gero Luis Errukitsuak eutsirik. Belaskotar leinu aberatsa frankoen alderdiaren buruzagia zen.
799an, karolingiarren aldekoek Iruñeko gobernadore musulmana edo walia, Eneko Aristaren senidea zen Mutarrif ibn Musa, erail zuten.[2][4] 806an, frankoek eskualdea kontrolpean zuten, Belasko Baskoia edo Gaskoia izeneko gobernadorearen bitartez.[2]
812an, Luis Errukitsuak Iruñerantz bidali zuen espedizio bat. Itzulera ez zen loriatsua, haurrak eta emakumeak hartu baitzituzten bahitu Orreagako mendatea zeharkatzeko.
816an, Ibn Hayyanen esanetan, Abd al-Karim ibn Abd al-Wahid ibn Mugitek frankoen aldeko "Jaungoikoaren Etsaia" zen Belasko Baskoia (arabieraz: بلشك الجلشقي, Balašk al-Ŷalašqī), Iruñeko sahibaren (arabieraz: صاحب بنبلونة) aurkako espedizioa zuzendu zuen, alderdi kristau eta paganoa bildurik baitziren. Hiru eguneko gudu batean omeiarren aldeko alderdiak bere etsaiak menderatu eta Belasko hil zuten, eta baita Alfontso II.a Asturiaskoaren noblea zen Gartzia Lopez, Antso "Iruñeko zalduna" eta "Ṣaltān" izeneko zaldun paganoa ere. Frankoen aldekoen erabateko porrota erabilgarria izan zen Enekok baskoien buruzagitza lortzeko.[5]
Iruñeko matxinada Pirinioz beste aldera hedatu zen eta Luis Errukitsuak Xemen I.a Gaskoiniakoa Baskoniako duke eta Bordeleko kondea kargutik kendu zuen, matxinada mendean hartu ez zuelako edota babestu zuelako. Horrek sua piztu eta Pirinioez bi aldeetako euskal buruzagiak matxinatu eta 817an Akizen Luis Errukitsuak menderatuak izan ziren.
818an Lope Zentulo hautatu zuten duke baina laster matxinatu eta kargutik kendu zuten. Bitartean, 820. urtean, Aragoin (Jakan) frankoen basailua zen Aznar I.a Galindezen ordez Eneko Aristak Gartzea "Gaiztoa" jarri zuen. Urte hartan, Baskonia osotik hedatu zen matxinada eta frankoek Hispaniako Markak galtzekotan zeuden.[6]
Gudua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]824an, Pipino I.a Akitaniako errege karolingiarrak frankoen eta (Garonaz hegoaldeko) baskoien armada bat bidali zuen Iruñera. Armada zuzentzeko, Aznar Antso (agian Lupo dukearen semea), Baskoniako gudarosteen buruzagia, eta Eblo kondeak hautatu zituen (Aeblus et Asinarius comites cum copiis Wasconum ad Pampilonam missi). Espedizio militarrak hegoalderako bidea hartu zuen matxinadaren hiriburua zen Iruñea menderatzeko asmoarekin. Gotorlekura iritsi eta erresistentzia topatu ez zuenez, itzulerako bidea hartu zuten arpilatutako ondasunekin.
Hala ere, Orreaga-Garaziko inguruko mendietan (omeiatar kronikarien arabera), iruindarrez (Eneko Aristak zuzenduak), Banu Qasiz eta aragoiarrez osaturiko baterako armada basoetan ezkutaturik zegoen. Baskoiek bi zutabeak eraso zituzten bere eremuan eta karolingiar armada erabat suntsiturik izan zen. Gainera, Eblo eta Aznar Antso kondeak preso hartu zituzten.[2][3]
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karolingiarren porrotaren ondorioz, bi kondeak norako ezberdinak izan zituzten: Eblo frankoa gatibu bidali zuten Kordobara; Aznar Antso, berriz, garaileen herrikidea zenez, aske utzi zuten (Asinarius vero misericordia eorum, qui eum ceperant, quasi qui consanguineus eorum esset). Eblo kondearen destinoa orduko Banu Qasi-Aritza taldea eta Abd ar-Raman II.a emirraren arteko harreman onen froga izan zen, agian emirra karguan berria zelako (822).
Politikoki, Eneko Arista Iruñeko buruzagi ukaezin bilakatu zen. Baskoi printzerri berria Baskoniako dukerri frankoarekin bere loturak hautsi zituen eta Banu Qasirekin izandako aliantzari esker hegoaldeko erasoak ere urrunago zeuden.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Sánchez Albornoz, Claudio. Problemas de la historia Navarra del siglo IX. .
- ↑ a b c d Martínez Díez, Gonzalo. (2007). Sancho III el Mayor Rey de Pamplona, Rex Ibericus. Madril: Marcial Pons Historia, 21-23 or. ISBN 978-84-96467-47-7..
- ↑ a b Leroy, Béatrice. (2005). Histoire du Pays Basque. Jean-Paul Gisserot, 17 or..
- ↑ Suárez Fernández, Luis. Historia de España Antigua y media. Ediciones Rialp, 186-188 or. ISBN 978-84-321-1882-1..
- ↑ Sánchez Albornoz, Claudio. (1959). «Problemas de la historia Navarra del siglo IX» Princípe de Viana (20): 5–62..
- ↑ Lewis, Archibald Ross. (1965). The Development of Southern French and Catalan Society, 718–1050. Austin: University of Texas Press.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- REKALDE, ANGEL, 2012. Orreaga 778-824. nabarralde, 2012-11-30.