Edukira joan

Sasandar Inperioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sasandar inperioa» orritik birbideratua)
Sasandar Inperioa

Erānshahr
224 – 651
Monarkia
Sasandar Inperioko bandera

Sasandar Inperioko armarria

Sasandar Inperioa 620 aldean
Geografia
HiriburuaIstakhr (224–226)[1]
Ktesifon (226–637)
Kultura
Hizkuntza(k)Pehleviera, aramera, partiera, greziera
ErlijioaZoroastrismoa (estatu erlijioa), Nestorianismoa, Judaismoa
Historia
Aurrekoak
Indiar-eszitiarrak
Kusan
Partiar Inperioa
Iberiako Erresuma
Armeniako Erresuma
Ondorengoa
Rasidar kalifaldia

Sasandar Inperioa[2] (pehlevieraz: , Erānšahr edo Iranšæhr, «Iraniarren lurraldeak») Antzinaro Berantiarreko eta Goi Erdi Aroko estatu ahaltsua izan zen, erdigunea gaur egungo Iranen zeukana. Sasanen leinuko Asdaxir I.ak sortu zuen, 226an, Artaban IV.a partiar agintaria tronutik kendu ondoren. Xapur I.aren agintaldian (241272) inperioa Sogdianatik Arabiako Mazun lurralderaino zabaldu zen hegoaldean, Indus ibairaino ekialdean eta Tigris eta Eufrates ibaien haranetaraino mendebaldean. Inperioaren garaian zoroastrismoa erlijio nagusi bilakatu zen, aginpidea zentralizatu eta gobernuaren diru laguntzaz errepideak, hiriak eta nekazaritza lanak egin ziren. 641. urtean desagertu zen, arabiarren erasoen ondorioz[3].

Inperioaren eremuak gaur egungo Iran, Irak, Armenia eta Afganistan osorik, Turkia eta Siriaren ekialdea eta Pakistan, Kaukasia, Erdialdeko Asia eta Arabiaren zatiak hartzen zituen. Horrezaz gainera, Kosroes II.aren erregealdian (590-628) egungo Israel, Egipto, Jordania, Libano eta Palestinaren lurraldeak gehitu ziren, eta protektoratu bat egin zuen Oman eta Yemeni dagozkien lurraldeetan.

Musulmanen konkistaren aurreko azken persiar inperioa izan zen, eta Irango historiako arorik garrantzitsuenetakotzat hartzen da. Garai horretan erdietsi zuen gailurra antzinako persiar kulturak alor askotan. Sasandar Inperioak eragin handia izan zuen Antzinako Erromako kulturan, haren itzala Mendebaldeko Europa, Afrika, Txina eta Indiaraino iritsi zen, eta funtsezkoa izan zen Erdi Aroko asiar eta europar artearen eraketan[4]. Islamdar munduko arte, arkitektura, idazkera eta musikara ere hedatu zen eragina.

K.a. II. mendetik aurrera, Persisko erregeak Partiar Inperioaren basailuak izan ziren. Baina, 211. urtearen aldean, Ardaxir I.a, Sasandarren leinuko agintaria, partiaren aurka matxinatu zen[5]; 224an, Hormizdaghango guduan, garaipena lortu zuen, Sasandar Inperioari hasiera emanez.

Xapur I.a, Ardaxirren ondorengoa, agintari ahaltsua izan zen. Haren erregealdian estatuaren agintea sendotu zen, eta zoroastrismoa estatu erlijio bilakatu zen. Mendebalderantz hedatu ahala, sasandarrak gatazkan hasi ziren Erromarekin. 260an, Edesako guduan, Xapur I.ak gatibu hartu zuen Valeriano erromatar enperadorea. Xapur hiltzerako, Sasandar Inperioak Eufratesetik Induserainoko lurrak hartzen zituen, gaur egungo Armenia eta Georgia barne[6].

Gainbehera labur baten ostean, Xapur II.aren agintaldian (309379) sasandarrek berreskuratu zituzten lehengo lurraldeak. Kusandarrak menderatu zituzten ekialdean, eta basamortuan arabiarren aurka borrokatu ziren. Bestalde, erromatarrei iparraldeko Mesopotamia eta Armenia kendu zieten[6]. Erregealdi horretan erdietsi zuen hedadurarik handiena Sasandar Inperioak[5].

V. mendean, Huno zuriek inperio zabala eratu zuten, erdigunea Afganistanen zuena. Kanpaina ezin txarrago baten ondoan, sasandarrak behartuak izan ziren hunoei zerga ordaitzera. Kosroes I.ak (501-579) hunoak azpiratu zituen, eta inperioak bere une gorenetako bat izan zuen haren erregealdian (531-579). Kosroes hil osteko urteetan, ordea, barne gatazkek eta Bizantziar Inperioaren aurkako gerrek ahuldu zuten Persia. 642an, Islamak batutako arabiarrek garaitu zuten sasandar armada; azken sasandar agintaria, Jazdgard III.a, 651n hil zen[6].

Gobernua eta gizartea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasandarrek akemenestarren ondorengotzat jotzen zuten beren burua, eta eginahalak egin zituzten irandar tradizioak berpizteko eta greziar eragin kulturala ezeztatzeko. Zentralizazioa, hiri-plangintza handinahia, nekazaritzaren garapena eta hobekuntza teknologikoak izan ziren haien gobernuaren ezaugarri nagusiak. Agintariek xahanxah («erregeen errege») titulua erabiltzen zuten, hainbat errege basailu baitzuten mendean[7].

Historialarien arabera, lau gizarte klase zeuden: apaizak (asronan), gerlariak (artextaran), eskulangileak (hutukhxan) eta nekazariak (wastaryoxan). Printzeak, errege basailuak, lurjabe handiak eta apaizak ziren abantailatuak (wuzurgan). Inperioaren erlijio ofizial bilakatu zen zoroastrismoak sendotu zuen gizarte estratifikazio hori. Apaizeriak botere handia erdietsi zuen, eta apaiz-burua, mobadan mobad, estatuko buruzagietako bat zen, armadako komandantearekin (eran spahbod) eta burokrazia-buruarekin batera[7]. Dinastia honek Jainkoaren legitimazioan oinarritutako gobernu-teoria bat landu zuen. Estatu-erlijio bihurtu zen, eta eliza eta estatua erabat lotuta geratu ziren. Hartutako lehen neurrietako bat zoroastrismoa berrezartzea izan zen, Avestako testu ugari Pehleviera hizkuntzara itzuli. Hizkuntza idatziaren erabilerari dagokionez, lehenago, partar eskribek aramera hizkuntza erabiltzen zuten, baina dinastiaren hasieratik Pahlavi alfabetoa ezarri zen. [8].

Errege zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ctesiphon. iranicaonline.org (Noiz kontsultatua: 2017-3-16).
  2. Euskaltzaindia: Hiztegi Batua
  3. Lur entziklopedietatik hartua.
  4. Iransaga: The art of Sassanians. artarena.force9.co.uk (Noiz kontsultatua: 2017-3-15).
  5. a b Constenla Cervantes, Alonso. Sasanian Empire. ancient.eu (Noiz kontsultatua: 2017-3-21).
  6. a b c Fowlkes-Childs, Blair. The Sasanian Empire (224–651 A.D.). metmuseum.org (Noiz kontsultatua: 2017-3-14).
  7. a b Sassanid Empire. iranchamber.com (Noiz kontsultatua: 2017-3-21).
  8. .(Gaztelaniaz)KAVANAGH, Añfred G.- Irán por dentro : la otra historia,. Arg: J.J.Olañeta. Barcelona, 2010.orr.64-65. ISBN 978-84-976-652-2
  • Christensen, A., "Sassanid Persia", The Cambridge Ancient History, Volume XII: The Imperial Crisis and Recovery (A.D. 193–324), Cook, S.A. et al, eds, Cambridge: University Press (Ingelesez)
  • Nicolle, David, Sassanian Armies: the Iranian empire early 3rd to mid-7th centuries CE, Montvert, 1996 (Ingelesez) ISBN 1-874101-08-6
  • Daniel, Elton L., The History of Iran, Greenwood Press, 2001 (Ingelesez) ISBN 0-313-30731-8
  • Durant, Will, The Age Of Faith, The Story of Civilization, Vol. 4 (Ingelesez)
  • Oranskij, I. M., Les Langues Iraniennes, Librairie C. Klincksieck, París, 1977, pp 71–76 (francès) ISBN 2-252-01991-3
  • Rawlinson, George, The Seven Great Monarchies of the Ancient Eastern World: The Seventh Monarchy: History of the Sassanian or New Persian Empire, IndyPublish.com, 2005 (Ingelesez) ISBN 1-4219-5734-5
  • Sarfaraz, Ali Akbar, and Bahman Firuzmandi, Mad, Hakhamanishi, Ashkani, Sasani, Marlik, 1996 (Ingelesez) ISBN 964-90495-1-7
  • Zarinkoob, Abdolhossein, Ruzgaran: tarikh-i Iran az aghz ta saqut saltnat Pahlvi, Sukhan, 1999 (Ingelesez) ISBN 964-6961-11-8
  • J. B. Bury, History Of The Later Roman Empire, Macmillan & Co., 1923 (Ingelesez)
  • Parviz Marzban, Kholaseh Tarikhe Honar, Elmiv Farhangi, 2001. ISBN 964-445-177-5Chisholm, Hugh. Encyclopædia Britannica (edició de 1911) (Ingelesez). 11a ed. Cambridge University Press, 1911.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]