Sindikatu
Sindikatu bat kideen interesak babesten dituen elkarte mota bat da; bereziki, beren lanbide-, ekonomia- eta gizarte-interes komunen alde egiteko, langileek osatzen duten elkartea da.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sindikatu hitza antzinako grezierazko Συνδηκου –sindikou– hitzetik dator, eta epaiketa batean beste norbait babesten zuen pertsona izendatzeko erabiltzen zuten terminoa.
Historikoki, Nafarroako Erresuman sindiko zen erresumaren (Estatuen edo Gorteen, alegia, parlamentuaren) interesak babesten dituen ahalduna, adibidez, koroaren aurrean. Egun ere erabiltzen da talde edo komunitate batek bere interesak babesteko edota bere izenean aritzeko aukeratzen duen pertsona izendatzeko.
Kontzeptua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sindikatua, besteren konturako, soldatapeko, industria edo zerbitzuetako langileen erakundeei esaten zaie gehienetan. Badaude, ordea, bestelako sindikatu motak ere, hala nola nekazari eta abeltzain sindikatuak, ikasle sindikatuak, e.a.
Norbere konturako langileen eta profesionalen elkarteak izendatzeko ez da askotan sindikatu hitza erabiltzen (garraiolarien edo medikuen kasuan bai, adibidez, baina ez beti), eta enpresaburuen elkarteak izendatzeko, ugazaben elkarte edo patronal erabili ohi da.
Azken garaian, bestalde, lanik gabeko pertsonen –langabetuen eta pentsiodunen– babesak eta parte-hartzeak hausnarketa sakonak eragiten ditu erakunde hauen egituran eta funtzionamenduan.
Sindikatuek, orokorrean, sindikalismoaren printzipioei jarraitzen diete eta enplegatzailearekin edota estatuarekin izan ditzaketen gatazketan, langileen eskubideak babesteko eta aldarrikapenak aurrera eramateko jarduten dira, eremu ezberdinetan eta hainbat ekimenen bitartez (eskaera edo aldarrikapena egin, auzia jarri, negoziazio kolektiboa, mobilizazioa, greba, e.a.).
Enplegatzailearen aurrean, beren afiliatuen izenean edo langile multzoen izenean, soldata eta lan baldintza hobeen alde negoziatu edota borroka egin dezakete (lanaldia, oporraldia, mediku-babesa, erretiroa, e.a.) edota, elkartearen ideologia eta praktikaren arabera, beren klase interesen alde ekin botereen aurrean (pentsio sistemak, pobreziaren aurkako politikak, gobernu- edota ekonomia-sistemaren ingurukoak, e.a.).
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak[3], Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak[4] eta Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Itunak[5] pertsona orok duen sindikatuak sortzeko eta haietara afiliatzeko eskubidea babesten dute, baita sindikatuek, legediaren arabera, estatuaren eta enplegatzailearen esku-sartzerik gabe, oztoporik eta murrizketarik gabe, jarduteko duten eskubidea ere.
Askatasun sindikala oinarrizko eskubidea da Espainiako legedian, 1978ko Konstituzioaren 28.1 artikuluaren arabera[6]. Abuztuaren 2ko, Sindikatu-askatasunari buruzko 11/1985 Lege Organikoak[7] artikulu honen lege garapena egiten du. Frantzian, bestalde, Konstituzio Kontseiluak langileen elkartzeko eskubidea babesten du, 1884ko maiatzaren 21eko Sindikatu Profesionalak Sortzeari buruzko Legeak arautu baitzuen eskubide hori. Lan Kodearen L2131-1 eta ondorengo artikuluetan zehazten da eskubidea [8].
Sindikatuak eta sindikatuetako partaideak, ostera, oso jazarriak izan dira garai askotan nahiz mundu osoan zehar eta, gaur egun ere errepresioak dirau[9][10].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta egitura eta helburuetan ezberdintasun nabarmenak egon, langileen antolakuntzari dagokionez, gremioa aipatu ohi da sindikatu modernoaren aitzindari gisa. Europan, Industria Iraultzaren aurretik, gremioek arlo ezberdinetako artisauak biltzen zituzten, neurri batean ekoizpena eta lanbidearen irakaskuntza kontrolpean mantentzeko asmoz.
XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran, ekonomia, gizarte eta teknologia eraldaketek langileek beren lanaren gainean zuten kontrolaren zati oso handi bat galtzea eragin zuten; zentzu askotan, babesik gabe geratu ziren langileak enpresaburu kapitalisten mendean (ikus, alienazioa). Kapitalismoa hedatu ahala, bizi ahal izateko bere lan ahalmena saltzea beste aukerarik ez zuen gizartearen parte handi batean, lan eta bizi baldintza oso gogorrak orokortzen ziren herrialde askotan: lanaldi luzeak, bizirik iraute hutsezko soldatak, segurtasun eta higiene falta, gaixotasun latzak, istripu larriak, heriotza goiztiarrak, e.a.
Egoera horri aurre egiteko, lantokietako langile eta artisau ezberdinak bilduko zituzten “elkarri laguntzeko elkarteak” edota “erresistentzia elkarteak" sortzen hasi ziren, esaterako, lanik gabe edo gaixo zeuden pertsonei laguntzeko edota lan baldintza hobeen alde ekiteko.
Garapen horrekin batera, langile mugimendu sortu berriak politikan ere eragiteko beharra ikusi zuen, eta, gizarte egoera aldatzea helburu zuten teoria sozialista ezberdinak tarteko, gaur egun oraindik ere mantentzen den ezkerreko pentsamenduarekiko eta talde politikoekiko askotariko loturak sortu ziren. Mugimendu sindikala ulertzeko bi ikusmolde ezberdin jarri ziren aurrez aurre: tradiziozko gremioena bata, defentsiboa eta murriztua; eta bestea, langile guztiak, gizonak eta emakumeak, batzea helburu zuen ikuspegia, gizartearen ordena aldatzeko bultzadak gidatutakoa.
XIX. mende hasieran langileen elkarteak debekaturik zeuden eta, beraz, sindikatu modernoaren hastapenak gehienbat klandestinoak izan ziren, legearen eta boterearen aurka eratutakoak. Geroago elkarte horiek nolabaiteko tolerantzia lortzen hasi ziren XIX. mendearen bukaeran zuzenbide sindikala ezartzen hasi arte.
1824an, Erresuma Batua izan zen langileen elkartze eskubidea aitortu zuen lehenengo herrialdea, ez tirabirarik gabe, eta 1871-1875 artean langileen elkarte hauek legeztatzen zituzten legeak onetsi zituen (Trade Unión Act). Sindikatuen eredua Europara eta mundura zabaltzen hasi zen garai horretarik aurrera.
Nazio eta herrialde bakoitzaren historiak eragin zuzena izan du gaur egungo sindikatuen kopuruan, indarrean, ezarpenean, jardunbidean eta ideologia ezberdintasunetan, besteak beste.
Sindikatuen debeku aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kapitalismoa hedatu zenez, bere lan ahalmena saldu behar izan zuten eta horrekin batera, lan eta bizi baldintza gogorrak jasan behar izan zituzten. Horrek higiene falta, gaixotasunak eta heriotzak ekarri zituen.
Langileen eta enpresariaren arteko erlazio desorekatuak klase menpekotasuna sorrarazi zuen, eta langileentzako lan eta bizi baldintza eskasak. Egoera kaskar honek eta Estatuaren jarrera pasiboak langileen kontzientzia piztu zuten; beraz, lantegietako langile eta esku-langile asko bildu ziren. Honekin batera, lehenengo elkarteak agertu ziren, bai “elkarri laguntzeko elkarteak” bai “erresistentzia elkarteak”, horrekin burua babesteko xedeaz. Antolaketa kolektiboaren bide honek, langileria gizarte burgesaren interesentzat kontrabotere bihurtu zuen.
Dena den, berehala, kapitalistek elkarte guztiak debekatu zituzten burgesia babestu nahian; izan ere, azken hauek langileen elkarteak gremioak zirela eta gremioak ekonomiarako zama bat zirela pentsatzen zuten. Beraz, debeku aro hau, estatu liberal-kapitalistaren sorreraren ondorioz dator; izan ere, garai hartan produkzio sistemaren funtsezko unitatea enpresa izan zan, eta langileen eta enpresaren arteko harremanaren unitate menderatzailea kapitalismoa.
Nahiz eta langileen elkarteak debekatuta egon, langileek modu klandestinoan jarraitu zuten antolaketa, gertaerek arauei aurrea hartuz. Elkarte berri hauen lehenengo eskakizunak hauek izan ziren: soldata duinak, ordutegien hobekuntzak eta oporrak edukitzeko eskubideak. Hala eta guztiz ere, lehen elkarte hauek ez zuten sindikatu gisa jardungo, baizik eta elkar laguntzeko elkarte gisa: hau da, langileak gaixotzen zirenean, istripu bat gertatuz gero edo ospitalera joan behar izanez gero parte hartzen zuten elkarteak ziren. Azken hauek, debekatu gabeko elkarteak izan ziren.
Tolerantzia aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Handik aurrera, tolerantzia aroa hasi zen. Izan ere, estatu burgesa, pixkanaka-pixkanaka langile elkarteak onartuz, eta langileen aurkako errepresioak sistemaren aurkako erantzun bortitzagoa eragingo konturatuz joan zen. Hau da, sistema kolokan jartzen ez zuten elkarteak bakarrik onartu ziren. Hala ere, elkarteen onarpenak ez zuen esan gura eskubiderik aintzatetsi zutenik, baizik eta elkarte profesionalen debekua bertan behera uzten zela.
Langile mugimenduaren lehenengo hastapenak Ingalaterran izan ziren. Langileen lehenengo mugimendua ludismoa izan zen. Makinak agertzen joan ziren eta haiek langileak ordezkatzen zituztenez, langileak langabezian gelditzen ziren. Beraz, langileak, horren aurrean beren haserrea adierazteko asmoz, makinak hondatzen hasi ziren, batez ere ehunak eta ogia ekoizteko makinak. Langileen eskubideen alde matxinadak egiten hasi ziren, baita enpresako nagusiak mehatxatzen ere.
Ludismoaren bigarren fasea, kartismoa izan zen. Kartistek pentsamendu eta eskakizun asko izan zituzten, batez ere arlo sozialean, eta sufragio zentsitarioa eskatu zuten. Hala ere, emakumea baztertzen zuten. Kartista terminoa, herriak Parlamentura igorri zuen gutun batetik dator, gutun horretan 3 milioi sinadura baino gehiago egon ziren, non denetariko eskaerak egiten ziren; lan eskubideak eta gehiengoaren boto eskubidea (emakumeak baztertuta). Lan baldintzak hobetzea zen gutun horren helburua.
Kartistek Erresuma Batuan arrakasta izan zuten, baina beste herrialde askotan porrot handia izan zuten.
Aipatzekoak dira, Robert Owen enpresari eta sozialista utopiarrak egindako eskakizuna eta langileen alde egindako ekintzak. 1810ean, enpresaria izanda, zortzi orduko lanaldia eskatu zuen langileentzako eta lehenengo sindikatuak sortzeko saioak egin zituen; horrez gain, honekin batera legezko lehen sindikatua sortzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Beraz, kooperatiba mugimenduaren aurrekaria dela esan daiteke. Kooperatibetan, langileen artean etekinak banatzen ziren, hau da, nagusirik gabeko elkarteak ziren.
Sindikatuen indarraldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Analfabetismo handiaren ondorioz, lehen sindikatuak sortu zituena langile aristokrazia izan zen, hau da, irakurtzen eta idazten zekiten langileak. Geroago, sindikatu industrialak sortu ziren eta prestakuntzari garrantzia kendu zioten.
Sindikatuen sorrerarekin, zenbait eskakizun lortu zituzten. Zortzi orduko lanaldia garrantzi handiko lorpena izan zen, baina azken hau lortzeko borrokaren ondorioz, jende asko hil egin zen.. 1886ko Maiatzaren lehenean, Chicagon, langileek greba bat antolatu zuten zortzi orduko lanaldia aldarrikatzeko. Hasieran greba baketsua izan zen baina greba bukatu zenean bonba bat jarri zuten eta poliziako militante bat erail zuten. Ondorioz, grebaren 4 antolatzaile urkatu zituzten eta beste batek bere burua hil zuen. Horregatik, gaur egun maiatzaren lehenean “San José obrero” ospatzen da. Beraz, honen eskakizun nagusietako bat zortzi orduko lanaldia izan zen, zeinak legegintza babeslea izan zuen; soldata minimo batizateko, eta emakumeen eta umeen lanadia mugatzeko.
Haurrentzat lanaldi orduen jaitsiera ere lortu zuten, eta lan eskubideak hobetu.
Azkenik, esan beharra dago gaur egun eskubide honen egikaritzak oztopo handiak dituela, baita zailtasunak ere. Horren lekuko dira, sindikatuko kideen erailketak, mehatxuak eta debekuak, gobernuen eta enpresen parte hartzearekin. Aipatu beharra dago Flora Tristanek, Peruko eta erdi euskaldun emakume feminista eta sozialistak esan zuen esaldi esanguratsua: “munduko langileak elkartu zaitezte”.[11]
Frantziako legeak lan-arloan (1841-1968)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira Frantzian 1968ra arte Frantzian onartu diren lege sozialak ekarri zituzten aldaketak:[12]
- 1841: Lehen lege soziala: zortzi urtetik beherakoek debekatuta dute lan egitea.
- 1864: Greba-eskubidea onartzea.
- 1884: Sindikatuak baimenduta daude.
- 1892: Emakumeen eta nerabeen lana 10 ordura mugatzen duen eta gaueko lana debekatzen dien legea.
- 1898: Lan-istripua izanez gero, nagusiak dira erantzuleak.
- 1900: Lanaldia 10 ordukoa da.
- 1906: Igandea asteko atseden-egun bihurtzen da.
- 1919: Lanaldia 8 ordukoa da.
- 1936: 40 orduko astea; 2 asteko oporrak urtero eta ordainduak.
- 1945: Gizarte Segurantzaren sorrera: gaixotasuna, familia, erretiroa.
- 1956:3 asteko oporrak ordainduta.
- 1958: Langabezia-aseguruaren legea.
- 1968: Enpresako atal sindikala sortu zen. 4 asteko oporrak ordainduta.
Funtzioak eta motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sindikatuak afiliatuekin biltzen dira informazioa emateko, baita patronalarekin ere. Sindikatuak patronalarekin negoziatuz, akordioak bilatzen ditu langileen soldaten eta lan-baldintzen inguruan. Horrela sortzen dira Hitzarmen Kolektiboak. Hitzarmen hauek, langileen baldintzak bermatzen dituzten langileen eta enpresen arteko akordioak dira, non gobernuak ere parte hartzen duen.
Sindikatuen funtsezko funtzioa hau da: ziurtatzea langileen ordezkaritza negoziazio kolektiboetan eta ziurtatzea akordioak betetzen direla.
Sindikatuen funtzio garrantzitsuenak honako hauek dira, lehenik, langileen ordezkaritza hitzarmen kolektiboetan. Bigarrenik, hartutako akordioak betetzen direla bermatzea. Hirugarrenik, epaitegi sozialetan alderdi zein defentsa lanak burutzea. Laugarrenik, langileentzat greba eta lanuzteen bidez presio tresna bat izatea. Laugarrenik, formazio profesionala sustatzea. Bostgarrenik, lan arriskuen prebentzio neurriak hobetzea. Azkenik, afiliatu eta langileei aholkularitza ematea. Baina helburu nagusia haien afiliatuen interesak defendatzea da.[13]
Aipatu beharra dago, lan harremanen eremuan, sindikatuen lana egiteko behar1rezkoa dela sindikatuaren barne antolaketa eta funtzionamendua libreak izatea. Horretarako, Askatasun Sindikalaren Lege Organikoko (ASLO) 2.2.artikuluak aitortzen du sindikatuen eskubidea barne arauak eman ahal izateko.
Sindikatuak bere eremuko langileak ordezkatzen ditu, hau da, enpresaren mailakoak, kategoria, edo atal jakin batekoak, eta jarduera, gremio edo lanekoak. Era berean, bere eremuko langileen gehiengo osoa ordezkatzen duten sindikatuek eremu horretako afiliatu ez diren langileak ere ordezkatzen dituzte.
Beraz, goi-mailako erakunde batek erreklamazio bat planteatu badu, baztertu egingo da hura osatzen duten beheragoko mailako sindikatuen parte-hartzea, afiliatu guztien ordezkaritza bere gain hartuz.
Nazioarteko hitzarmenek sindikatuak sortzeko eskubidea aitortzen diete langileei eta enplegatzaileei. Legezko euskarria: Nazioarteko Lan Erakundearen (LANE) 87. hitzarmenaren 2. artikulua da.
Sindikatuak, hiru kategoriatan banatu daitezke:
- Sindikatu orokorrak: Mota guztietako langileak edo sektoreak elkartzen dira.
- Sindikatu horizontalak:Horietan, lanbide-kualifikazioa edo lan-espezialitatea hartzen da erreferentziatzat, ekoizpena edo jarduera-adarra edozein dela ere.
- Sindikatu bertikalak: Sindikatu horietan, jarduera- edo ekoizpen-adar bereko langileak elkartzen dira, haien lanbide-kualifikazioa edozein dela ere.
Espainiako sindikatu garrantzitsuenak:
- Central Sindical Independiente y de Funcionarios (CSIF)
- Confederación Española de Policía (CEP)
- Confederación General de Trabajo (CGT)
- Ertzainen Nazional Elkartasuna (ERNE)
- Confederación Nacional del Trabajo (CNT)
- Unión General de Trabajadores (UGT)
- Coordinadora Estatal del Sector del Handling y Aéreo (CESHA)
- Unión Sindical Obrera (USO)
- Comisiones Obreras (CC. OO.)
Finantziazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sindikatuen finantzaketa bi iturritatik etor daiteke: alde batetik, sindikatuko afiliatuen ekarpen ekonomikoetatik eta, bestetik, finantzaketa publikotik.
Finantziazio publikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Finantzazio mota hau, zuzena edo zeharkakoa izan daiteke:
Finantziazio publiko zuzena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sindikatuen zuzeneko finantzaketa publikoa estatuko aurrekontuen legeetan aurreikusitako dirulaguntzen bidez egituratzen da. Dirulaguntzen banaketa, hauteskundeetan lortutako botoen proportzioaren arabera banatzen da. Hala ere, finantzaketa publikoa ordezkagarritasun sindikalera bideratzen da bere esparru guztietan, ez bakarrik afiliatuen defentsarako, halaber, gainerako langileriarentzako ere bai. Gobernuaren dirulaguntzaren bidez egiten da finantzaketa hau.
Proportzionaltasun-irizpidea ez da aplikatzen sindikatu adiezgarrienen kasuan, diru-laguntzak erakunde hauen parte-hartzearen gastuak ordaintzeko ematen direnean, finantzaketa publiko espezifikoa delako. Beraz, jarduera sindikal handiagoak eragindako gastuak konpentsatzeko dirulaguntzak ez dira diskriminatorioak, beste sindikatuek ez baitituzte haien gastuak.
Zeharkako finantziazio publikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sindikatu adierazgarrienentzako higiezinen lagapena da. Hala ere, Konstituzio Auzitegiak, hauteskundeetan presentzia duten gainerako sindikatuen higiezinen lagapen proportzionala bermatzen du, nahiz eta erakundeetan parte hartzerik ez izan. [14]
Afiliatuen kuotak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste diru iturri bat afiliatuen kuotak dira. Afiliatuek, kuota sindikala ordaintzeagatik, informazio eta aholkularitza iraunkorra (batez ere juridikoa eta lanekoa) eta sindikatuaren beste zerbitzu batzuetarako eskubidea dute. Adibidez, afiliatu batek lanpostutik kaleratzen badute, aholkuak eta defentsa juridikoa eskatu diezaioke sindikatuari, eta honek, abokatu bat bere esanetara jarri beharko du, auzitegian sozialean, beraren interesak defendatzeko.
Sindikatuei kritika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liberalismoaren zenbait sektorek jarduera sindikala esfera ekonomikoaren erregulazioaren kontrakoa dela uste dute. Diotenez, pribilegioak eskaintzen omen dizkie sindikalizatutako langileei, sindikalizatuta ez daudenekin alderatuta. Argumentu horrekin, enplegatzaile batzuek sindikalizazio eza ezartzen dute, langileen izan beharko luketen askatasuna moztuz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Miguel. (2015-06-19). «Landaburu: La huelga de Bilbao.- 1911» Landaburu (Noiz kontsultatua: 2018-03-16).
- ↑ Getxo, Memorias De. (2012-10-18). «MEMORIAS DE GETXO: LA HUELGA DE 1911 EN BIZKAIA» MEMORIAS DE GETXO (Noiz kontsultatua: 2018-03-16).
- ↑ "Pertsona orok du, norbere interesen alde egiteko, sindikatuak eratu eta sindikatuko kide izateko eskubidea". Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 23. atala, 4. artikulua (NBE, 1948).
- ↑ Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, 22. artikulua (NBE, 1966).
- ↑ Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Ituna, 8. artikulua (NBE, 1966).
- ↑ Espainiako Konstituzioa[Betiko hautsitako esteka], 28.1 artikulua (EAO, 1978).
- ↑ Abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoa, Sindikatu-askatasunari buruzkoa, (EAO, 1985).
- ↑ (Frantsesez) «Code du travail | Legifrance» www.legifrance.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2018-04-10).
- ↑ (Ingelesez) «Annual Survey of Violations of Trade Union Rights - International Trade Union Confederation» www.ituc-csi.org (Noiz kontsultatua: 2018-03-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La reforma laboral abre la veda de la represión contra delegados sindicales» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2018-03-18).
- ↑ Xabier Zabaltza eta Koldo Irurzun Leioako UPV/EHU-ko Lan Harreman eta Giza Baliabideetako irakasleen apunteak
- ↑ Godeau, Eric (zuzendaria). (2009). Histoire -Geographie. Nouveau programme 2009. Bac Pro en 3 ans 1re bac pro.. Nathan.
- ↑ «Funciones y Tareas.» www.uv.es (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- ↑ Ugt-ko pdf dokumentua https://web.archive.org/web/20210928073214/http://portal.ugt.org/actualidad/2017/NEG_COL_NUM_29/1-jornadas%20representacion%20y%20libertad%20sindical.pdf