Bukaresteko Hitzarmena (1913)
1913ko abuztuak 10ean sinatu zen Bukaresteko Bake Hitzarmenak Balkanetako Bigarren Gerrari amaiera eman zion. Gatazka horretan parte hartu zuten herrialdeak ziren Errumania, Serbia, Bulgaria, Montenegro eta Greziako ordezkari diplomatikoek sinatu zuten.
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bulgariak, Balkanetako Bigarren Gerran garaitua izan zena, 1912 eta 1913an Otomandar Inperioaren aurka Balkanetako Lehen Gerran konkistatu zituen lurralde gehienak galdu zituen: Serbiak Mazedonia iparraldea jaso zuen, Montenegrorekin Novi Pazar izeneko antzinako sandjak turkiarra banatuz; Greziak Mazedonia hegoaldea eta Salonika okupatu zituen, amaitzeko, Errumaniak Silistra edo Silistria eskualdea lortu zuelarik, egungo Hegoaldeko Dobrudja dena.
Hitzarmen honen arrastoari jarraiki, 1913ko irailak 29an Istanbulen sinatu zen Konstantinopolisko Hitzarmenak Bulgaria eta Otomandar Inperioaren arteko mugak ezarri zituen: Enos-Midia lerroak jarraitzen zuen erreferentzia puntu bezala, baina bere trazatuan eginiko aldaketa txiki batek Otomandar Inperioari Edirne (Adrianopolis), Kirklareli edo Kirk-Kilisse eta Demotika hiriak berreskuratzea ahalbidetzen zion.
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitzarmen honek ez zituen inoren nahiak ase, ezta inguru hartan interesak zituzten beste potentzia guztienak ere, Balkanetako tentsioa areagotuz, epe luzera Lehen Mundu Gerra eragingo zuen Sarajevoko atentatuan amaituz.
Otomandar Inperioak, berreraikitze nazionalista prozesu batean murgildua zegoena Turkiar Gazteak boterera iritsi ondoren, hain berriki galdu zituen Balkanen zati handi baten turkiar kontrola berreskuratu nahi zuen. Gertaera honek Lehen Mundu Gerran Otomandar Inperioa Erdialdeko Inperioen alde jartzea eragin zuen.
Bulgariak bere burua galtzaile handitzat sentitzen zuen, Mazedonia guztia bere barnean hartzen zuen Bulgaria Handi bat sortzeko bere ideia burutzeko ez baitzen gai izan, eta oraindik buruan zuten ideia hori, Errusiaren laguntzarekin, mazedoniar nazionalisten aldeko laguntza bilakatu zen. Eta arrazoi gehiagoz 1878ko martxoan San Estefanoko Hitzarmena sinatu zenetik lurraldeak galtzen joan baitzen.
Greziak, Egeo itsasoaren europar kostalde guztia okupatzeko bere nahia zapuztua ikusi zuen, Bulgariak oraindik Egeo itsasoan kostalde zati txiki bat baitzuen, Kreta uhartearen behin betiko eransketarekin greziar jendeak okupatutako beste lurralde batzuekiko bere irredentismoa hazten den aldi berean, Zipre zein Egeoko asiar kostaldea, bereziki Esmirna. Italiarren aurkako sentimendua ere hazi zen, hauek Italiar-turkiar gerratik Dodekaneso uhartedia okupatu zutenetik.
Albania, autonomia jaso arren, nominalki oraindik turkiar domeinupean zegoen, Italiak, Serbiak eta Montenegrok lurralde honekiko euren nahiak ezkutatzen ez zituzten aldi berean.
Serbiak Adriatikorako irteera baten bila jarraitzen zuen, soilik Albania okupatuz, Montenegro okupatuz edo Bosnia-Herzegovina okupatuz Austria-Hungariaren aurka borrokatuz lor zezakeena. Errusiaren laguntzarekin paneslabismoaren aitzindari bihurtu zen inguru hartan, Bosnian eta eslabiarrak bizi ziren Austria-Hungariako beste zenbait tokitan subbertsiozko ekintzak bultzatuz. Bere ekintzak Sarajevoko atentatuaren arduradunak bezalako taldeak bultzatu zituen.
Montenegrok, herrialde txiki bat zena, bere independentzia propioa arriskuan ikusten zuen bere inguruko herrialdeen nahien ondorioz.
Errumaniak, Dobrudja erantsi berri zuena, errumaniar jatorriko jendea bizi zen beste toki batzuei begira hasi zen, Bukovina edo Transilvania kasu, Austria-Hungariako Inperioan zeudenak, edo baita Besarabia ere, Errusiar Inperioarena zen 1812tik.
Italiak, banaketa kolonialera berandu iritsi zelako zapuztuta, bere espantsio gunea ekialdeko Mediterraneo itsasoa zela sentitu zuen, eta bere ekimenak handitu zituen, bai Dalmaziako kostaldeari buruz, baita Albaniarekiko ere, Otomandar Inperioko hegoaldeko lurraldeez gain, berriki okupatu zuen Dodekanesotik abiatuta.
Austria-Hungariako inperioak herrialde txiki batzuek Mediterraneorako irteera egonkor bat Otomandar Inperioaren kontura lortzeko euren ametsa nola lortu zuten ikusi zuen, Otomandar Inperioa osatzen duten herri ezberdinen artean nazionalismoaren hedapenarekin irredentismo serbiar, errumaniar eta italiarra bultzatzen den aldi berean.