Giorgio Vasari
Giorgio Vasari | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Giorgio II Vasari | ||
Jaiotza | Arezzo, 1511ko uztailaren 30a | ||
Herrialdea | Florentziako Errepublika Toskanako Dukerri Handia | ||
Heriotza | Florentzia, 1574ko ekainaren 27a (62 urte) | ||
Familia | |||
Aita | Antonio Vasari | ||
Ama | Maddalena Tacci | ||
Ezkontidea(k) | Niccolosa Bacci (en) | ||
Familia | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | italiera | ||
Irakaslea(k) | Guillaume de Marcillat | ||
Ikaslea(k) | |||
Jarduerak | |||
Jarduerak | margolaria, arkitektoa, arte-historialaria, idazlea, biografoa, artearen teorikoa, esteta, arkitektura proiektuen marrazkilaria eta artista bisuala | ||
Lantokia(k) | Arezzo Bolonia Florentzia Napoli Pisa Pistoia Rimini Erroma eta Venezia | ||
Lan nabarmenak | |||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
Kidetza | Accademia delle Arti del Disegno (en) | ||
Mugimendua | pizkundea | ||
Genero artistikoa | margolaritza historikoa margolaritza erlijiosoa erretratua | ||
Giorgio Vasari (Arezzo, Italia, 1511ko uztailaren 30a - Florentzia, 1574ko ekainaren 27a) italiar artista eta arkitektoa izan zen. Bere lan artistikoaz haratago, ezaguna da idazle gisa, artearen historia diziplinaren abiapuntu gisa kontsideratua zegoen Arkitekto, eskultore eta margolari bikainen bizitza lanagatik.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arezzon jaioa uztailaren 30ean, Antonio Vasari eta Maddalena Tacci semea izan zen. 13 urterekin, jada Arezzon Guillaume de Marcillat pintore frantsesaren tailerrean egon eta gero, Florentziara joan zen Cortona Kardinalarekin. Bertan Andrea del Sartoren tailerra eta Baccio Bandinelli marrazketa akademia bisitatu zituen maiz. Azken honetan Francesco Salviati ezagutu zuen.
1527an Arezzora itzuli zen Medicitarrak Florentziatik bota eta gero. Bertan Giovanni Battista Rosso Fiorentino ezagutu zuen, Erromako sakeotik ihes egin zuen artista. Lorenzo Gamurriniren enkarguz Berpizkunde bat margotu zuen Rossoren marrazki bat jarraituz, gaur egun kontserbatzen ez dena. Bi urte geroago bueltatu zen Florentziara Raffaello da Bresciaren tailerrean lan egiteko. Era berean Vittore Ghibertirekin urregintza ikasiko du momentu horretan, baina urte berean Pisa bisitatu eta gero urregintzaren bidea alde batera utzi eta margogintza lanari ekin zion. 1530ean Modena eta Bolonia bisitatu zituen eta bertan Karlos V.aren oroitzapenerako egiten ari den garaipen arkuan lan egin zuen. 1531. urte amaieran Erromara bidaiatu zuen Hipolito Medici kardinalarentzako lan egitera. Bertan Salviatirekin topatu zen berriro eta Ocativiano Medici dukearentzarako lan egin zuen pintore eta arkitekto gisa.
1532ko azaroan Florentziara bueltatu zen, eta hura izango zen bere bizilekua 1536ra arte, San Lukasen Konpainian sartzen den urtea, hain zuzen. 1534an Citta de Catellora joan zen lan egitera, Vitelli jauregiaren dekorazioa egiteko Cristoforo Gherardi (Doceno) pintorearen laguntzarekin batera. Urte berean Alejandro de Mediciren erretratua margotu zuela uste da. 1536. urtean Carlos Vak eta bere alaba Margaritak Florentzian egin zuten garaipen-sarreran parte hartuko du Vasarik. 1537an Giovanni Pollio Lappolli (Pollastra) kanonigoak Vasari gonbidatu zuen Camaldoli ermitara, non hainbat erretaula eta fresko burutu zituen. Urte amaieran Arezzo eta Florentziara bueltatu zen baina azkenik Erromara joan zen. 1538an Natibitate bat margotu zuen Camaldoli ermitan. Bitartean, 1539. urtean Bolonian San Michele in Bosco elizako jangelako erretaula eta freskoak egin zituen. Hau bukatu eta gero Camaldolira itzuli zen eta erretaula handi baten lanari ekin zion, non Desposizio eta lau Santuen errepresentazioak kokatu zituen. Era berrean Sortzez Garbiaren alegoria bat margotu zuen, Florentziako Apostolu Santua elizarako Blindo Altovitik enkargatua.
Hainbat lan bidaia egin eta gero 1541an Modena, Parma eta Mantuara joan zen, urte horretako abenduan Veneziara helduz. Bertan Talanta komedia errepresentaziorako aparatu eszenikoa egin zuen eta Giovanni Corneren jauregiko sabaia apaindu. Urte hauetan erlazio handia izan zuen Miguel Angelekin. Momentu horretan Arezzora bueltatuko da denbora gutxi batez bere etxeko apainketei ekiteko. 1544ko urtean Bindo Altovitirentzako Venus bat margotu zuen Miguel Angelen marrazki bat abiapuntu izanda. Urte amaieran Napolira joan zen, urte bat bertan pasatuz. Bere egonaldi horretan Monte Oliveto monastegiko jangelako dekorazioa enkargatu zioten, baita Birjinaren aurkezpena tenpluan ere. Jada 1546. urtean Erromara itzuli zen hainbat lan egitera, horien artean Arkitekto, eskultore eta margolari bikainen bizitza idazlana hasiz. Urte amaieran Florentziara bueltatu zen eta Azken Afari bat egin zuen Delle Murate monastegirako. Urte bat geroago, 1547an, Rimini eta Ravennara joan zen taula batzuk ekoiztera baina hau bukatzean Arezzora bueltatu zen bere etxeko dekorazioarekin jarraitu ahal izateko. 1548ko udan bere etxeko Gela Nagusiaren sabaia margotu zuen eta Urbino hirira bidaiatu zuen. Bolonian egon eta gero, hurrengo urtean, bere sorterrira itzuli zen, non Ester eta Asueroren ezkontzak izeneko taula egin zuen, Santa Flora eta Lucila Abadiako jangelarako. 1549an Niccolosa Baccirekin ezkondu zen, Arezzoko noble bihurtuz. 1550ean Florentzian aurkeztu zuen Arkitekto, eskultore eta margolari bikainen bizitza liburuaren lehenengo edizioa Lorenzo Torrentinoren argitalpenarekin. Urte berean Julio III.a Aita Santuarentzat lan egitera joan zen Erromara, Bartolomeo Ammanntirekin batera San Pietro in Montorio elizako Antonio del Monteren kaperaren dekorazioa egiteko.
Urte bat geroago Villa Giuliako Loggia della Vigna-n egingo ziren freskoen kartoiak landu zituen eta 1554. urtean, Arezzon, Duomoko koroa proiektatuko du. Era berean Florentzian eta Cortonan Santa Maria Nuova eliza eraikitzen hasi zen. Tassanik eginiko Frantziara joateko eskaera ezeztatu eta gero, urte bereko abenduan Florentziara bizitzera joan zen bere familia osoarekin Cosimo I.a Medicitarraren gonbidatu gisa. Jada 1555ean Cosimo I.a Medicitarrak Palazzo Vecchioko zaharberriketa eta dekorazioa bere eskuetan utzi zituen, eraikina erret erresidentzia bihurtu nahian. Pinturak egiteko Gherardiren laguntza izan zuen, baita Jan van der Straet (Stradano), Marco Faenza (Grotesko dekorazioan espezialista), Prospero Fontana, Jacopo Zucchi, Giovan Battista Naldini eta Francesco Morandiniren (Poppi) laguntza ere. Vicenzo Borghini izan zen programa ikonografikoaren sortzailea, gerora Vasarirekin adiskidetasun handia izango zuena. 1556 – 1559. urte bitartean Docenoren laguntzarekin, Vasarik “Elementuen gelak” egiten hasi zen, non Dukearen handitasuna goraipatzen saiatuko baita. Aldi berean Medicitarren etxearen dekorazioa hasiko du.
1560ean Erromara jo zuen, Uffizzitarren Jauregiko antolakuntza tekniko eta ekonomikoaren arduradun gisa (obra hau ez zuen inoiz amaituko). Urte bat geroago Cosimo I.a Medicitar dukeak, Borgo Santa Croceko etxea oparitzen dio, non Vasarik jada 1557tik bizi zen, eta honen dekorazioa lantzen hasi zen. Palazzo Vecchioko Eleonoraren gelak apaindu zituen fresko teknika erabiliz, Stradanoren laguntzarekin. 1562an Leon X.a Aita Santuaren gelak apaindu zituen eta ondorengo urtean Arezzoko ermitako erretaula margotu zuen, berriro ere Stradanoren laguntzarekin. Era berean Palazzo Vecchioko Bostehunen Aretoko ganga margotzen hasi zen, hau izanez bere obrarik handiena. 1563an, beste artista batzuekin batera, “Marrazki Akademia” edo “Accademia delle Arti del Disegno” sortu zuen, Cosimo I.a Medicitarraren babesarekin eta Michelangelo instituzio buru gisa. Ondorengo urtean Bostehunen Aretoko pintura amaitu zuen eta geroago Galeria Vasarianoa enkargatuko zaio.
1566. urtea emango du Italiatik bidaiatzen, Arkitekto, eskultore eta margolari bikainen bizitza liburuarekin jarraitzeko. Perugian San Pedroko jangela margotu zuen urte berean. 1567an Piamonten eta Arezzon margotu zuen Erregeen Adorazio bat Boscomarengotzat. Momentu horretan amaitzen da Pisako Jaunen Jauregia, bere proiektua jarraituz eginikoa. Aldi berean honen alboan kokatutako San Petri basilikan lan egin zuen. 1568an, Florentzian Giuntiren tipoko Bizitzen bigarren edizioa atera zen. Bostehunen Aretoko hormen karratuak margotzen hasi zen, bertan Florentziaren historiako aldi ospetsuenak eta gorenenak irudikatuz. Berarekin batera Stradano, Nadini eta Zucchik egin zuten lan. Pio V.aren enkarguz, Bosco Marengon Santa Crocerako taulak margotu zituen Poppirekin batera 1569. urtean.
1570. urtean Francesco I.aren “Studiolo”an Perseo eta Andromedaren irudikapenean lan egin zuen eta irailaren 15ean Zucchirekin batera joan zen Erromara Pio V.a Aita Santuaren deiari erantzunez. Hurrengo 8 hilabeteetan bertan egon ziren Vatikanoko hiru kapera margotzen: San Miguel, San Pedro Martiria eta San Esteban. Era berean Erret Gelako dekorazioarekin hasi zen, baina Aita Santuaren heriotzarekin Florentziara itzuli zen. 1572. urte amaieran Palazzo Vecchioko "Bostehun Aretoko" dekorazioa amaitu zuen. Aldi berean Brunelleschik enkargatu zion Santa Maria del Fioreren kupulako apainketa, zeinetan Azken Epaiketa margotu baitzuen. Urte horretako azaroan Gregorio XIII.a Aita Santuak deitu zuen Vatikanoko "Erret Gelaren" dekorazioarekin jarrai zezan. Bertan Sabatini, Jacopo Coppi eta Dionigi Calvert pintoreak lan egin zuten Vasarirekin batera. Jada 1573an Erroman Florentziako Duomoko kupulan egingo diren freskoen marrazkiak egiten hasi zen. Era berean, "Erret Galeriarekin" jarraitu zuen eta Vatikanoko "Kapera Paolinako" freskoak proiektatzen hasi zen. Apirilean Florentziara bueltatu zen, Francesco I.aren “Studiolo”a inauguratuz.
Giorgio Vasari Florentzian hil zen 1574ko ekainaren 27an, Santa Maria del Fioreko kupularen dekorazioa amaitu gabe utziz (1579. urtean bukatuko zuen Federico Zuccarik).
Obra artistikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta Vasariren obra arkitektoniko garrantzitsuena Palazzo Vecchioko zaharberrikuntza eta Korridore Vasarianoa izan, beste hainbat arkitektura lan egin zituen. Modena eta Bolonian Karlos V.aren oroitzapenerako garaipen arku baten lanean parte hartu zuen 1530. urtean. Urte bat geroago Octaviano de Medici dukearentzako lan egin zuen margolari eta arkitekto gisa. 1536an Karlos V.ak eta bere alaba Margaritak Florentzian proiektatutako garaipen-sarreran parte hartu zuen era berean.
Arezzon Duomoko koroaren proiektua egin zuen 1550ean eta Florentzia eta Cortonan Santa Maria Nuova eliza eraikitzen hasi zen. Bost urte geroago Palazzo Vecchioko zaharberriketa eta dekorazioarekin hasi zen, lehen aipatu den moduan, bere lan arkitektoniko garrantzitsuena bihurtuz (gogoan izan behar dugu 1563. urtean Korridore Vasarianoa eraikiko zuela).
1567. urtean Pisako Jaunen Jauregia bukatu zen, Vasariren proiektua jarraituz eginikoa. Urte berean lan egin zuen honen alboan kokatzen den San Pedro elizan.
Pintura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giorgio Vasariren ibilbide profesionalean nagusitzen den aktibitatea margogintza izan zen. Denetarik burutu zuen bere bizitzan: erretaulak, margolanak, freskoak, kartoiak, …
Ezagutzen den lehenengo lana Berpizkunde bat da, 1528an eginikoa Lorenzo Gamurrini-ren enkarguz eta Rosso Fiorentinoren marrazki bat jarraituz (lan hau ez da gaur egun kontserbatzen). 1534an Citta de Castellon Vitelli jauregia dekoratu zuen Cristoforo Gherardi (Doceno) pintorearen laguntzarekin. Urte berean Alejandro de Mediciren erretratua egin zuela uste da. Camaldoli ermitan erretabloak eta freskoak landu zituen 1537. urtean. 1544ean Bindo Altovitirentzako Venus bat margotu zuen Michelangeloren marrazki bat abiapuntuz erabiliz. Urte bat geroago Napoliko Monte Oliveto monastegiko jangelako dekorazioa jorratu zuen, baita Birjinaren aurkezpena tenpluan koadroa ere.
Bere Arezzoko etxeko dekorazioa lantzen hainbat urte igaro zituen, baina, arkitekturan bezala, bere pintura lanik garrantzitsuenak Palazzo Vecchion egin zituen (Eleonoraren gelak, Bostehunen Aretoa, Francesco I.aren Studioloa, …). Era berean Vatikanon lan egin zuen hainbat fresko egiten, baita Florentziako Santa Maria del Fioreko kupularen apainketak egiten ere, Filippo Brunelleschik enkargatuta (kontuan izan behar dugu azken hau Vasariren heriotza zela eta ez zuela bukatuko).
Bibliografia eta Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz):Cimabuetik gaur egungo arkitekto, margolari eta eskultore italiarren biografiak. Vasarik idatzitako liburutik hartutako biografia batzuk. Giuntina argitaletxea, 1565.
- GONZÁLEZ ROMÁN, C.: El legado de Vasari: la difusión del método biográfico. OCW, Universidad de Málaga, 2012 (azken kontsulta 2020/02/20)RUFFINI, M.: Art Without an Author. Vasari’s lifes and Michelangelo’s death. New York, Fordham University Press, 2011
- HITZ, R. A., RUVITOSO, F. L. eta PEDRONI, J. C. (koord), Historiografías del arte. Debates y perspectivas teóricas. Editorial Universidad de La Plata, Buenos Aires, 2019 (azken kontsulta 2020/02/20)
- PAYRÓ, J. E.: Vida de los más excelentes pintores, escultores y arquitectos. 2012 (azken kontsulta 2020/02/17)
- VASARI, G. (aut.) eta ÁVILA, A. (ed.): Las Vidas De Los Más Excelentes Arquitectos, Pintores Y Escultores Italianos Desde Cimabue A Nuestros Tiempos. Madrid, Ediciones Cátedra, 2013
- VASARI, G.: Le Vite de’piu eccellenti Pittori, Scultori e Architettori. Florentzia, 1568. Bertsio digitalizatua Biblioteca Digital Hispánica-n (azken kontsulta 2020/02/14)