Konstantinos Karamanlis
Konstantinos Georgiou Karamanlis (grezieraz: Κωνσταντίνος Γ. Καραμανλής; Küpköy, Otomandar Inperioa, 1907ko martxoaren 8a - Atenas, Grezia, 1998ko apirilaren 23a) politikaria izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuzenbide-ikasketak egin zituen eta 1935etik aurrera politikan jardun zuen. 1946az geroztik ministro karguak izan zituen; 1955ean Papagos mariskalaren ondorengo izan zen gobernuburu gisa. 1959an Zuricheko ituna izenpetu zuen, Zipreko errepublika burujabetzat onartzen zuena. 1955-1963 bitartean gobernu batzordeko lehendakari izan zen, eta aldi berean eskuin muturreko Batasun Nazionala alderdiaren buruzagi.
Papandreuren Erdialdeko Batasunak lortu zuen hauteskundeetan garaipena; koronelek estatu kolpea eman zutenean erbesteratu behar izan zuen eta haiek gobernutik kendu arte ez zen Greziara itzuli (1974). Gobernu zibil bat osatzea hitzartu zuen militarrekin, eta bera izan zen gobernu haren lehendakaria. Hauteskundeen ondoren militarren estatu kolpe bat desegin zuen (1975). Harrezkero, Europako Ekonomia Elkartera eta Balkan herrietara hurbiltzen saiatu zen. 1977an Lehen Ministro izendatu zuten eta 1981ean errepublikako lehendakari, baina sozialistek irabazi zutenean, 1985ean, kargua utzi zuen. 1990ean, kontserbadoreek berriz garaipena lortu zutenean, itzuli zen lehendakaritzara.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Konstantinos Karamanlis |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.