Loto urdina
Loto urdina | ||||
---|---|---|---|---|
Jatorria | ||||
Egilea(k) | Hergé | |||
Argitaratze-data | 1936 | |||
Izenburua | Le Lotus bleu | |||
Jatorrizko herrialdea | Belgika | |||
Argitaletxea | Casterman (en) | |||
Ezaugarriak | ||||
Genero artistikoa | adventure comic (en) | |||
Hizkuntza | frantsesa | |||
Telesaila | Tintinen abenturak | |||
Emanaldia | ||||
Hasiera-data | 1934ko abuztuaren 9a | |||
Fikzioa | ||||
ikusi
| ||||
Fikzio-unibertsoa | Tintin universe (en) | |||
Historia | ||||
Jasotako sariak | ||||
fr.tintin.com… | ||||
kronologia | ||||
|
Loto urdina (Le lotus bleu jatorrizko izenburuz) Hergé belgiar marrazkilariak sortutako Tintinen abenturetako 5. komikia da. Atalka argitaratu zen Le Petit Vingtième aldizkari gehigarrian 1934ko abuztuak 9 eta 1935eko urriak 17 artean, astero bi orrialde argitaratuz zuri-beltzean. Lehen aldiz bilduman, oraingoan ere zuribeltzean, 1936an argitaratu zuen Casterman argitaletxeak. Kolorezko lehen argitalpena, argitaletxe berak eginikoa, 1946koa da.
Istorioa nagusiki Txinan gertatzen da, Shanghai hirian. Izenburua,hiri bereko fikziozko opio erretoki batetik hartuta dago.
Loto urdina aurreko komiki Faraoiaren zigarroak-en den istorioaren jarraipena da, modu independentean irakur daitekeen arren. Tintinen komikien historian garrantzi handia du komiki horrek, Hergék kontakizunaz sakon dokumentatzeako ardura hartu baitzuen, Zhang Chongren izeneko txinatar ikasle baten laguntzaz.
Istorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Faraoiaren Zigarroak komikian Tintinek nazioarteko droga trafikari erakunde baten atzetik zihoan Ekialde Ertain eta Indiatik. Guztiak harrapatu zituen, buruzagia izan ezik, honen nortasuna abenturaren amaieran oraindik ezagutu ez zelarik.
Loto urdinaren hasieran Tintinek Indiako alegiazko estatu bat den Rawhajpurtalahko maharajaren abegikortasunaz gozatzen du. Han, informazio zehatz bat dakarkion txinatar baten bisita jasotzen du, baina, hitz egin aurretik, modu misteriotsuan erotzen duen gezi batek zauritzen du, eta soilik bi izen ahoska ditzake: hiri bat, Shanghai, eta pertsona izen bat, Mitsuhirato. Tintin Shanghairantz abiatu da eta Japoniako ordezkari Mitsuhiratorekin hitz egin du. Horrek maharaja arriskuan dagoela eta berehala itzuli behar duela esan dio. Tintinek bere biziaren aurkako zenbait atentatu misteriotsu jasan ditu, baina modu misteriotsuan salbatu da.
Mitsuhiratoren gomendioak sinetsiz, Tintin Bonbairantz itsasoratu den arren, gauerdian bahitu eta hurrengo goizean Shanghaiko etxe batean agertu da. Etxearen jabea Wang Jen-Ghié da, "Dragoiaren Semeak" elkarte sekretuaren buruzagia, Tintinen laguntza behar duena opio trafikari sare batekin amaitzeko (Tintinek aurreko komikian jazartzen zuen bera), non Mitsuhirato murgilduta dagoen. Trafikari horiek ikertzen saiatuz, Tintin japoniar zerbitzu sekretuen aginduz txinatarrei errua bota eta hala herrialdea inbaditzeko arrazoi bat izateko trenbide bati eginiko sabotaia baten lekuko da. Mitsuhiratok harrapatzen du, ustez, eromena sortuko dion produktu bat ziztatzen diona. Alabaina, huts egiten du, eta Tintinek ihes egitea lortzen du, honen ondorioz Mitsuhiratok japoniar autoritateei abisua ematen dielarik, Tintin bilatzeko eta harrapatzeko aginduz.
Japoniar ofizialez mozorrotua, Tintin nazioarteko eremuan babesten saiatu da, eta Fan Se-Yeng izeneko bat bilatzen hasi, Wang Jen-Ghiéren semea senda baitezake, Mitsuhiratoren produktuaren ondorioz erotuta baitago. Bere paperak behar bezala ez izateagatik, Nazioarteko eremuan atxilotu dute, eta japoniar autoritateei eman. Japoniarrek heriotza zigorra ezarri diote baina Wang Jen-Ghiék salbatu du eta Hou-Koura abiatu da Fn Se-Yeng irakaslea aurkitzeko asmoz. Hala ere, hura ere bahitu dute.
Bidaian, Tintin Tchang Tchong-Jen izeneko txinatar gazte baten lagun egiten da eta harekin Hou-Koura iritsi zen. Nazioarteko eremuko autoritateek Tintinen bila Dupont eta Dupond bidali dituzte baina, ohi bezala, saiakeran huts egin dute. Tchangek eta Tintinek Fan Se-Yeng Mitsuhiratoren mende dagoela jakin dute, eta Shanghaira itzuli dira, hura askatzeko asmoz.
Metodo aldaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bilduma egin aurretik, beste kultura batzuen ikuspegia Tintinen abenturetan aurreiritziz betea zegoen. Hergék Tintinen hurrengo abentura Txinan gertatuko zela iragarri zuenean, Lovainako Unibertsitateko txinatar ikasleen kapeilau Gosset abadeak Hergéri idatzi zion Txinari buruz idazten zuenean sentiberatasun gehiago izan zezan, bere ikasleek pentsa zitzaketenak arduratzen baitzuen. Hergék onartu egin zuen, eta 1934ko udaberrian Gossetek Zhang Chongren/Chang Ch'ung-jen (Chang Chong-chen) aurkeztu zion, Bruselako Arte Ederren Akademiako eskulturagile gazte bat. Hergé eta Zhang laster egin ziren lagunak, eta txinatar ikasleak Hergé txinatar arte, historia eta kulturan sartu zuen.
Esperientzia horren ondorio gisan, Hergé, ordutik aurrera, Loto urdinean eta ondoren idatzi eta marraztu zituen komiki guztietan Tintinek bisitatutako toki guztiei buruz sakon dokumentatzeaz arduratu zen. Komiki horretan agertzen diren txinerazko kartel ugariak ez dira, Faraoiaren zigarroak-eko arabierazkoen kasuan bezala, marrazki kaligrafiko soilak, baizik eta txinerazko benetako esaldiak, sarritan izaera politikokoak.
Dokumentazio lan horren adibide bat Uharte beltza bildumarekin gertatu zenean ikus daiteke. Erresuma Batuko bere editorea komikian ematen zen Ingalaterrari buruzko irudiaz kexatu zenean, Hergék bere gertuko laguntzaile Bob de Moor bidali zuen dokumentatzera; horren ondorioz, komikiari aldaketa nabarimenak egin zizikion.
Bere txinatar lagunaren omenez, Hergék Loto urdinean Tchang izeneko pertsonaia bat sartu zuen, Tintinen lagun bihurtzen den txinatar gazte bat, marrazkilariaren lagun Zhang Chongrenen transposizio literarioa. Tintinek Tchangekin duen harremanak Hergéri mendebaldetarrek Txinari buruz dituzten aurreiritziak erakusteko balio dio.
Neurri politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Loto urdina Tintinen komikien artean protagonistak nazioarteko gatazka batean alderdietako baten alde egiten duen lehena da.
Zhangekin duen adiskidetasunaren emaitza bezala, Hergé kolonialismoaren arazoei buruz interesatzen hasten da, bereziki Txinaren japoniar okupazioari buruzkoak. Loto urdinak mezu antiinperialista argia du, japoniar kolonialismoaren aurkakoa, garai hartan Mendebaldean aldekoa bazen ere.
Bilduman, Tintin Mantxuria hegoaldeko trenbidearen gertakariaren (Mantxuriako krisia) lekuko presentziala da, Japoniak Txina eraso eta okupatzeko aitzakiatzat erabili zuena, Bigarren Txina-Japonia Gerra abiaraziz. Japoniar protesten ondorioz, komikia ez da egundaino Japonian argitaratu.
Txinako gobernu nazionalista oso pozik agertu zen komikiarekin, eta garai hartan herrialdeko presidente Chiang Kai-Shekek marrazkilaria herrialdea bisitatzera gonbidatu zuen. Hergék, ordea, sekula ez zuen bidaia hori egin.
Alabaina, Txinako gobernuak komikia denbora luzez debekatu zuen: 1984 arte ez zuen argitalpena baimendu, aldaketa garrantzitsuak egin ondoren.
Aurrekoa Faraoiaren Zigarroak |
Tintinen Abenturak 1936 |
Ondorengoa Belarri Hautsia |
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tintinen abenturak (Hergé) | ||
---|---|---|
Tintin sobieten herrialdean (1929) • Tintin Kongon (1931) • Tintin Amerikan (1932) • Faraioaren Zigarroak (1934) • Loto Urdina (1935) • Belarri Hautsia (1937) • Uharte Beltza (1938) • Ottokarren Zetroa (1939) • Urrezko hagindun karramarroa (1941) • Izar misteriotsua (1942) • Adarbakarraren sekretua (1943) • Rachkam Gorriaren altxorra (1943) • Kristalezko 7 bolak (1944) • Eguzkiaren Tenplua (1948) • Tintin urre beltzaren lurraldean (1950) • Ilargira bidean (1953) • Ilargian oinez (1953) • Tournesol auzia(1956) • Ikatz stocka (1958) • Tintin Tibeten (1959) • Castafioreren bitxiak (1962) • Sidneyrako 714 hegaldia (1967) • Tintin eta pikaroak (1976) • Tintin eta Alpha-Art |