Neologia
Neologia terminoa bi modutara uler daiteke: batetik, hitz edo unitate lexiko berrien (neologismo edo hizperrien) eraketa-prozesu gisan; bestetik, prozesu horiek aztertzen dituen jakintzagai linguistiko gisan. Hortaz, harreman estua du hizkuntzaren bizigarritasunarekin eta hizkuntzalaritzaren eremuekin: lexikologia, morfologia, terminologia eta soziolinguistikarekin, besteak beste.
Prozesuari dagokionez, etengabeko prozesua da. Hizkuntzak egitura zurrun eta itxiak ez diren heinean, testuinguruak eskatzen duen ̶ eta, horrenbestez, hizkuntzalaritzak ere eskatzen dituen ̶ beharrei erantzuten die. Hizkuntzek dituzten hutsuneak betetzeko ezinbestekoa da eta belaunaldien arteko komunikazioa bermatzen du.
Neologismoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza batean azaltzen diren hitz berriak dira, edo beste hizkuntza batetik etorritako esanahi berria dutenoak; moden eta izendapen berrien beharraren ondorioz sortzen dira. Gaur egun, komunikabideek dira neologismoak eta mailegu linguistikoak gehien zabaltzen dituzte. Gainera, hitzak berak berritasuna (grekozko νεός-etik, "berri") adierazten duen arren, ez du zertan esan nahi hitza berria denik. Hau da, hitzaren berritasuna, hitz horren beraren erabileraren eta hizkuntza horretan barneratuta daraman denboraren araberakoa da. Hala ere, termino edo kontzeptu batzuek ez dute luzaroan irauten eta erabilerarik ezaren ondorioz galdu egiten dira.
Neologismoak jaso eta kontsultatzeko baliabide teknikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Badira hainbat gune euskaraz sortzen diren neologismoak kontsultatu ahal izateko:
- UZEIk 2023an Neoloteka zerbitzua sortu du, hedabideetan edo sare sozialetan detektatutako neologismoak jasotzeko eta espainierazko, frantsesezko eta ingelesezko baliokideak emateko.[1] Berria egunkariak bere eguneroko erabileran finkatzen dituen neologismoak bere estilo liburuan jasotzen ditu.[2] TZOS webgunea (Terminologia zerbitzuak online sistema) EHUko irakasleek komunikazio akademikoan erabiltzen duten terminologia biltzeko, kontsultatzeko eta partekatzeko tresna da.[3]
- Neologismo horietako batzuek oso bizitza laburra izaten dute eta hasierako bolada bat pasata desagertzen dira, baina beste batzuek ez eta dinamikoki integratzen dituzte sarean kontsultatu daitezkeen Elhuyar hiztegian, eta Euskalterm-en.
- Neologismo arrakastatsuenak, sortu eta urte batzuetara, erabilera guztiz hedatuta dagoenean, Euskaltzaindiaren Hiztegian sartuko ditu Euskaltzaindiak.[4] Euskaltzaindiaren hiztegia sei hilean behin eguneratzen dute eta haien webgunean argitaratzen duten PDF fitxategi batean jartzen dituzte sarrera berriak eta aldaketak. Gaikako hiztegiak ere argitaratu ditu Euskaltzaindiak azken urteetan, horiek ere PDF formatuan.
Antzeko mailak bereiz daitezke gaztelaniaz:
- Fundéu zerbitzuan hedabideetan edo sare-sozialetan agertzen diren gaztelanaiazko neologismoak jaso eta gomendioak argitaratzen dira.[5]
- Badira finkatu diren neologismoak jasotzen dituzten hiztegiak, esaterako, NEOMA neologismo-hiztegia eskaintzen du Murtziako Unibertsitateak.[6]
- Espainieraren akademiak (RAE) behin betiko onartzen ditu neologismoak bere hiztegian («Diccionario de la lengua española»).[7]
Baita katalanez ere:
- Neoloteca zerbitzuan hedabideetan edo sare-sozialetan agertzen diren katalanezko neologismoak jaso eta kontsultatzeko argitaratzen dira.[8]
- Pompeu Fabra Unibertsitateko Observatori de neologia (Neologia Behatokia) datu-base bat eskaintzen du. 2010etik 2016 urtera bitarteko testu orokorretan dokumentatutako neologismoak biltzen ditu. Hedabide idatziko testuak dira (hala nola El Punt-Avui, El Periódico de Cataluña, La Vanguardia edo Ara), aldizkari orokorrak (Time Out, Butxaca o Sabors) eta irrati-testuak (La Red, Catalunya Ràdio eta Rac1). Neologismoak biltzeko katalanezko behatoki honek duen zeregina guztiz deskribatzailea da, ez du baloratzen dokumentatutako neologismoen zuzentasun-maila, akatsak ez dira zuzentzen eta ez dira erabiltzen diren desadostasunak bateratzen.[9]
- Institut d'Estudis Catalans (IEC) behin betiko onartzen ditu neologismoak bere hiztegian («Diccionari de la llengua catalana»).[7]
Neologismo motak tipologiaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitz horri atxiki zaion adiera berriaren araberako hiru mota nagusitzen dira:
Formazko neologismoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza batek dituen baliabideak erabiliz sortzen diren adiera berriak:
- Eratorpena: aurrizki eta atzizki bidez egiten direnak.
- Aurrizkiak: birmoldatu, deseroso, ezbehar, garbegirada...
- Atzizkiak: dirudun, sendagile, zabalera, aspergarri...
- Hitz elkarketa: bi hitz edo gehiago erabiliz sortzen direnak.
- Aditzerroa eta izena batzean: eserleku, idazmakina...
- Bi izen elkartzearen ondorioz: basamortu, aireportu...
- Aposizioak ere hitz elkatutzat hartzen dira: C bitamina
- Konposizio kopulatibo bidez sortutakoak: zuri-urdina, anai-arrebak...
- Sintagmazioa: Hitzak sintaktikoki konbinatuz sortzen diren terminoak.
- Balio ezarriaren gaineko zerga.
- Ondasun higigarria.
- Laburtzapenak: Hitzak eta esamoldeak trinkotuz sortzen direnak.
- Akronimoak: radarra, laserra, ere...
- Siglak: LGBT, LAB, SESB...
- Laburdurak: iz. (izena), or. (orrialdea)...
- Sinboloak: kg (kilo), m (metro)...
Adierazko neologismoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adierazko edo esanahizko neologismoak dira, hizkuntzan aurretiaz zegoen hitz bati adiera berri bat atxikitzean sortzen direnak.
- Zabalkuntza semantikoa: hitz berriak zaharrarekin zerikusia edo antza duenean:
- sarea: hariak edo kidekoak gurutzatuz eta mailak osatuz egiten den ehuna.
- Sarea: Internet.
- Mugapen semantikoa: adiera zaharrak adiera mugatuago bat duenean:
- ebatsi: ostu, lapurtu
- ebatsi (Zigor zuzenbidean): irabaziak izan asmoz, beste bati esan gabe gauza higigarriak egitea.
- Kategoria gramatikalaren aldaketa: aditzetik izenera; izenondotik izenera...
- errekitu: aditza
- errekitu: izena
- Berrezarpen lexikala: Baztertuta geratu diren hitzei esanahia berria ematea:
- maula: gezur
- maula: iruzur
Maileguzko neologismoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza batean dagoen hutsune lexikoa betetzeko, beste hizkuntzetatik hartzen diren baliabideak dira.
- Maileguak: adiera hertsian.
- Egokitutakoak: hizkuntzaren grafiara egokitzen direnak: denbora, mesanotxea, teklatua, futbola...
- Egokitu gabekoak: beste hizkuntzetatik bere horretan hartzen ditugunak: softwarea, campusa, corpusa, spoilerra
- Kalkoak: adiera bat duten esamoldeen itzulpena
- Argi berdea eman
- Zubia izan
- Filmetako izarra
- (...) bezala ezagutua izan
Bestelakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarak baditu beste neologismo iturri batzuk:
- Euskal neologismo historikoak:[10] Euskal historian zehar asmatutako hitzak, gaur egungo euskaraz erabiltzen direnak.
- Oihenart XVII. mendean: atsotitz, neurtitz.
- Larramendi XVIII. mendean: aitalehen, biztanle, eskutitz, garrantzi, guda, gudari, hiztegi, iheskor, moldiztegi, mugikor, pasealeku, zuzendari.
- Mogel XVIII. mendean: betaurreko.
- Duvoisin XIX. mendean: higikor.
- Azkue XX. mendearen hasieran: ahots, aldundi, eratorri, euskaltzain, Euskaltzaindi, ikastetxe, margo, zadorlari.
- Aranismoak, Sabino Arana Goirik XX. mendearen hasieran euskararen purutasuna lortze aldera asmatuta: abenda, aberkide, aberri, abertzale, abesbatza, abeslari, abesti, abestu, abizen, aldeztu, antzerki, antzoki, argitalpen, asketsi, batzoki, batzorde, bazkide, bazkun, berresan, deun, ederti, edesti, enda, erti, espetxe, ertzaintza, ereserki, euskotar, gizenda, goiburu, harpide, harpidedun, harpidetza, ikurrin, irarkola, izparringi, laterri, lekaide, ludi, narrasti, ordezkari, orlegi, oztin, salneurri, sendi, ugaztun.
- Sabino Arana Goiriren jarraitzaileak (Bera, Arriandiaga) XX. mendearen hasieran: argazki, arkatz, artizki, atzizki, aurrizki, azalpen, elerti, gotzain, hegazkin, Jaurlaritza, margolan, margolari, margotu, olerki, olerti.
- Jean Etxepare Bidegorri XX. mendean: margoztatu.
- Xabier Gereño XX. mendean: bolaluma.
- Anonimoak, asmatzailearen izenik ez dakigu: akeita, beribil, ordutegi, pizkunde.
- Beste euskal neologismo historiko bat oinarri hartuta:
aditz Azk. (aditz Lar. = kontzeptu), alderdi Ara. = partidu (alderdi Lar. = bando), askatasun Lard. (askatutasun Mog.), antzeztu Ara. (antzeztu Lar. = pintatu), egutegi Ara. (egunari Lar.), euskalki Azk. (euzkelgi Ara.), euskaltzale Azk. (euskerazale Lar.), idatzi Ara. (iratsi Mog.), idazkari Ara. (iratsi Mog.), ikastola Ara. (ikasola Lar.), lehendakari Bera (lehenenkari Prad.), urrutizkin Bera (urrutizketa Iñ.), zaindari Ara. (zaintari Lar.), zenbaki Ara. (zenbate Lar.).
- Kultura orokorreko neologismoak: gure kultura globalizatuan, komunikazioen, kultur adierazpenen (zinemagintza, literatura…) zein enpresen bidez hartu ditugun hitzak.
- klinex (zapi)
- kola (freskagarri)
- whatsapp (mezu)
- ziberespazio (zientzia-fikziotik hartutako terminoa)
Neologiarekiko harrera:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Terminologia arauemaileak onargarritasun printzipioetan oinarritzen dituzte euren erabakiak, termino berria, neologismo egoki edo okertzat emateko.
Euskaltermen arabera, neologismo onargarriak dira, hizkuntza horretako legeei errespetatuz egokitu direnak edo mailegatuak izan direnak.
Hona hemen, EHUk neologismoak onartzeko erabiltzen dituen aholkuetako batzuk:
- Sinonimia saihestea: Termino batek dagoeneko izendapen hedatu bat badauka, bigarren bat atxikitzeak nahasmena sor dezake.
- Terminoak ez aldatzea: aldaketak nahitaezkoak ez badira, terminoa bere horretan utzi.
- Gardentasuna: adierazi nahi den kontzeptuaren esanahia eta izendapena argia izan dadila.
- Termino berriak hikuntza desberdinetara egokitzeko modukoa izan beharko luke.
- Familia lexikaletan ez txertatzeko moduko terminoak saihestu. Adibidez: telefono, telefoniko, telefonatu, telefonia hitzek osatzen duten familian, urrutizkina ez erabil.
Neologismoak ez direnak eta neologismo okerrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek ez dira neologismoak
- Handigarriak, txikigarriak eta superlatiboak: neskato, etxetxo, handikote, ederregi, zaharrena...
- -ki atzizkia duten aditzondoak: bortizki, emeki...
- Jentilizioak: iruindar, tolosar, mendebaldar...
Goian azaldutako irizpideen arabera, hauek dira okertzat jotzen diren neologismoak:
- Gaizki osatutakoak:
- apolitismo --> apoliticismo
- antidiluviano --> antediluviano
- Onartu diren arren, gaizki osatuta dauden neologismo batzuk:
- homofobia --> homosexual + fobia
- telenovela --> televisión + novela
- laborategi --> labora + toki
- Erdarakadak: euskaraz gazteleratik edo frantsesetik hartutako extranjerismoei izandatzeko terminoa.
- Anek Peruri ilea hartu dio (Tomar el pelo-tik)
- Faltan botatzen dut (Echar en falta-tik)
- Mila esker handi bat guztiontzat (Un grand merci-tik)
- Hizkuntzak badituelako izendapen horietarako hitzak:
- show --> ikuskizun
- confort --> erosotasun
- amateur --> zaletu
- Itzulpen erraza delako, edo badutelako:
- Black Friday: ostiral beltza, deskontu-ostirala
- link: esteka
- e-mail: e-posta
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Neoloteka» UZEI (Noiz kontsultatua: 2023-01-13).
- ↑ «Berria Estilo Liburua» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-13).
- ↑ «TZOS — Terminologia Zerbitzurako Online Sistema» tzos.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-13).
- ↑ irudia, Komunikazioa eta. «Euskaltzaindiaren Hiztegia, bikoitza eta digitala» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) ««postureo» y «posturear», neologismos válidos | FundéuRAE» www.fundeu.es 2014-09-05 (Noiz kontsultatua: 2023-01-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Murtziako Unibertsitatea. (2022). NEOMA diccionario de neologismos del Español actual. .
- ↑ a b (Gaztelaniaz) ASALE, RAE-; RAE. «Diccionario de la lengua española | Edición del Tricentenario» «Diccionario de la lengua española» - Edición del Tricentenario (Noiz kontsultatua: 2023-01-13).
- ↑ «Neoloteca | TERMCAT» www.termcat.cat (Noiz kontsultatua: 2023-01-13).
- ↑ «Llengua - Institut d'Estudis Catalans» taller.iec.cat (Noiz kontsultatua: 2023-01-13).
- ↑ «Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus.