Palindromo bat (grekotik, πάλιν (palin) "atzera" eta δρóμος (dromos) "itzuli") aurretik atzera eta atzetik aurrera berdin irakurtzen den hitz, zenbaki edo perpausa da. Palindromoak dira, adibidez, 18581 zenbakia, 2020/02/02 data edo amama hitza.
Hitz bat baino gehiago daudenean zuriuneak edo puntuazio-markak ez dira kontuan hartzen, adibidez "Iker, Ireki!" palindromotzat hartzen da, baina horrela da puntuazio markak kontuan hartzen ez direlako, bestela zehatz-mehatz hitz eginez ez da berdin irakurtzen aurretik atzera eta atzetik aurrera.
(Gaztelaniaz)Dábale arroz a la zorra el abad (gaztelaniaz)
Abadeak arroza ematen zion azeriari.
"Sator Arepo tenet opera rotas" "Arepo ereileak trebetasunarekin gidatzen ditu gurpilak" (Oppède, Frantzia). Horizontalki zein bertikalki irakur daiteke.(Latinez)Sator Arepo tenet opera rotas (latinez)
Arepo ereileak trebetasunarekin gidatzen ditu gurpilak. Bitxia da benetan adibide hau, karratu batean idatzita horizontalki zein bertikalki irakurrita palindromoa da-eta (ikus irudia).
(Frantsesez)Ésope reste ici et se repose (frantsesez)
Euskarazko palindromoen lehenengo lehiaketa 1923an antolatu zen. Kirikiño idazleak bideratu zuen ‘Euzkadi’ egunkariaren orrietatik eta erronka zen ea nork bidaliko zuen palindromorik luzeena. Irakurleek 150 palindromotik gora bidali zituzten erredakziora.[6]
Argitaratu ziren palindromo gehienak B. Egitiz ezizenarekin sinatzen zuen irakurleak bidali zituen. Lehiaketa ireki eta bi astera, bidaltzeko epe erdia agortuta, Egitizenak ziren palindromo guztiak. Gero epe osoa bete zenean jasota zeuden 150 palindromoetatik 134 ziren Egitizenak. Irabaztekotan egon zen gainera, ea azken unera arte Egitizena baitzen palindromo luzeena ("Iradu gara, gumar’en erruz erun ezayazen urez urrenera mugara gudari", 59 karaktere zuriuneak kontatu gabe, 68 zuriuneekin), baina azken momentuan Txadin etaBatixta izenekin bi neskak irabazi zuten palindromo luzeago batekin ("Akitika aruat anuduna, neurekin ta orra zelan ama mattia gaiti amaman alez arro at nik eruen anuduna ta ura akitika", 95 karaktere zuriuneak kontatu gabe, 115 zuriuneekin).[6]
Palindromo aipagarri batzuk bidali zituen elgoibartar batek Aberri ezizenarekin: «Nauzie erre ei zuan», «aita, erre atia», «aurra oso arrua».[6]
Arrasate Euskaldundu Dezagun elkarteak (AED) 2011n antolaturiko palindromo lehiaketan Euskal Herri osotik 47 palindromo bidali ziren. Besteak beste, Bilbo, Donostia, Pasaia, Irura, Eibar eta Aretxabaletatik bidali zituzten lanak.[4]
Juan Mari Agirreurretak irabazi zuen "Utzi penak Ane, piztu!" ale labur baina oso ulergarri eta zentzudunarekin. Besteak beste, "Ogiaren irinera igo"; "Atzean sena, eta barregura karu gerra batean esna ezta?"; eta "Atzo, arotza, zeruak erreka urez aztora ozta" palindromoak aipatu zituen Melina Lopez antolatzaileak lehiaketan aurkezturiko bitxienen artean.[4]
Lehen txapelketaren lehen mendeurrena betetzen zenean, eta, hizkuntzaren alderdi ludikoa sustatzearren, Markos Gimeno palindromogilea zenaren ingurukoek, R. Peramentok eta Bigara elkarteak euskarazko palindromoen lehiaketa antolatu zuten, Berria egunkariaren babesletzarekin.[6]
Kontuan hartu beharreko arau batzuk zehaztu zituzten antolatzaileek:[6]
Zentzua izan beharko du palindromoak,
Zuzena izan behar du
Euskaraz idatzita egon behar da —batuaz edo edozein euskalkiren eta tokiko euskararen idatzizko eta ahozko erabilerak kontuan izanda—.
Gutxienez 11 karaktere izan beharko dituzte.
H letrak bi norabideetara erabiliko dira, eta, digrafoak hots bakarra badira ere —ts, tz, tx...—, bi letra moduan erabiliko dira. Adibidez: «Asto hotsa».
Hauek dira 2024ko Otsailaren 29an saritu ziren palindromoak:[12]
Lehen saria. Palindromoa: «Irauli psiko-eleok ispiluari». Egilea: Mikel Azkarate (Bergara, Gipuzkoa).
Bigarren saria. Palindromoa: «Utz Iparragirre han! Ona da danona; herri garra piztu!». Egilea: Jon Altuna (Bergara, Gipuzkoa).
Hirugarren saria. Palindromoa: «Ostolaza zenez izenez Ana; zen ezizenez 'Azal Otso'. Egilea: David Amuategi (Eibar, Gipuzkoa).
Laugarren saria. Palindromoa: «Kamarada, bala badaramak?». Egilea: Xabier Lasa (Urretxu, Gipuzkoa).
Aparteko aipamena. Palindromoak: «Iduri du=dirudi / 'Ni' aroa da orain». Egilea: Igor Martin de Vidales (Bilbo).
Jostariena. Palindromoa: «Zetak, Kai Nakai, ala ia kaniak katez?». Egilea: Xabier Soto (Donostia).
Luzeena. Palindromoa: « - Zu ta ni zulatuz idikeria eta adarra. Zu toreatu, Alf Wolf ala nazi ergela. Uzki-nagi! Lore-zulo! So, nahira musua hega, miretsi marika, neroni alegia. - Emetuz idia gero, Adani ze nazi eme-sexua. Hola, Eba gabe, alo. Hauxe seme izan ezina da. Ore-gai dizut emea, igela! - Inoren Akira mister image hau, sumari han (oso luzero liga nik zu, alegre izan ala flow!), flauta erotuz arra da. - Atea ireki dizut… aluzinatuz» . Egilea: Asier Arregi (Eibar, Gipuzkoa).
18 urtetik beherakoena. Palindromoa: «Apal aparta ala atrapa lapa?». Egilea: Maddi Aranguren (Usurbil, Gipuzkoa).