Edukira joan

Ukrainako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ukrainako historia Ekialdeko Europan dagoen Ukrainaren lurraldean izan diren gertaera gogoangarrien kontakizuna da.

IX. mendea - XIX. mendea: inbasioen garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kieveko Printzerria XI. mendean

Ukrainako nazioak IX-XII. mendeetan Kieveko estatuaren mende izan zen lurraldean du sorrera. 1238-1240 urteetan mongolak sartu ziren lurralde hartan. Kieveko Printzerria guztiz ahulduta geratu zen eta, egoera horrez baliatuta, Lituaniako Dukerri Handiak hegoaldea eta Poloniak Galitzia-Volinia hartu zituzten. Lituaniak eta Poloniak bat egin zutenean (Lublingo hitzarmena, 1569), Poloniak hartu zuen Ukraina. Horien eraginez, Ukrainako mendebaldeko ortodoxoak 1596an sortu zen Eliza Uniatari lotu zitzaizkion.

Denbora laburraren buruan nekazari asko Dnieper ibaiaren arro aldera joan zen poloniar jauntxoen morrontzapetik ihesi. Horietatik asko kosakoen gudarostean sartu ziren. Izan ere, XVI. mendetik aurrera kosakoek garrantzi handia izan zuten Ukrainako historian, laguntza eman baitzieten ukrainarrei Poloniaren kolonizazioari aurre egiteko.

1654an, Bogdan Khmelnitski atamanak Moskuko tsarraren babesa onartu zuen. Honek kosakoen autonomia errespetatzea agindu zuen, baina hauek, poloniarren zein errusiarren manupean erortzeko beldurrez, matxinatu ziren. 1667an, Androussovoko Hitzarmenaren bidez, Poloniaren eta Errusiaren artean banatu zen lurraldea. Errusiak Dnieper ibaiaren ezkerraldea eta Kiev hartu zituen. Poloniaren mendeko Ukrainak tatariarren erasoak pairatu zituen.

Ivan Mazepa atamana Ukraina batuaren eta burujabearen alde matxinatu zenean (1708-1709), Petri Handiak kosakoen eskubideak galarazi zituen eta, besteak beste, ukraineraz hitz egitea debekatu zuen. Katalina II.ak azken atamana izan zena kargutik kendu zuen, eta nobleziari nekazarien gaineko aginpidea osoa eman zion. Bien bitartean, moskutar eta serbiar kolonizatzaileak Krimeako penintsulara iritsi ziren. Poloniaren banaketa egin zenean (1793 eta 1795) Austriar Inperioak Ukraina Subkarpatikoa, Bukovina eta Galitzia eskuratu zituen eta Errusiak Dnieper ibaiaren eskuinaldea, Podolia eta Volinia.

XIX. eta XX. mendeak: Ukrainako mugen aldaketa etengabea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiar Inperioko lurralde aberatsena bilakatu zen Ukraina, nekazaritza (garia, azukre erremolatxa) eta mea (harrikatza, burdina) baliabide handiak baitzituen. XIX. mendean elkarte autonomistak eta kulturalak sortu ziren, eta poloniarren 1863ko matxinadaren ondorengo jazarpenek eta zapalketek abertzaletasuna sendotzea ekarri zuten. Juduek ere, 1897an herrietako eta hirietako biztanleriaren %30 osatzen zutenak, oso jazarpen gogorrak pairatu zituzten 1881-1921 urteetan. Galitziako ukrainarrek, berriz, Errusiaren mendeko Ukrainan galarazita zeuden eskubide batzuk gorde zituzten (eskolan ukraineraz hitz egitea, Eliza Uniata).

1914an, tsarraren gudarosteak Galitzia konkistatu zuen, eta intelektualek ukrainar abertzaletasunaren aldeko higikundeak bultzatu zituzten. Errusiako Iraultzan batzorde edo rada bat eratu zen Kieven, 1917ko azaroan Ukrainako Errepublika Burujabea eta Demokratikoa onartu zuena. Boltxebikeek berriz, langileen laguntzarekin, gobernu komunista bat eratu zuten Kharkiven, 1917ko abenduan. 1918ko urtarrilean, Kieveko Radak bakeak egin zituen Alemaniarekin. Otsailean, alemaniarrek Kiev hartu, boltxebikeak egotzi eta aginpidea berenganatu zuten. Baina gerran galtzaile atera zirenean Symon Petliura nazionalistak hartu zuen lehendakaritza eta gobernu burujabea eratu zuen berriz Kieven. Galitzia Kievi lotu zitzaion 1919ko urtarrilean, baina Poloniako gudarosteak konkistatu zuen ekainean. Transkarpatia Txekoslovakiari lotu zitzaion, eta Errumaniak Bukovina eta Besarabia hartu zituen.

Ukrainako SESen bandera
Holodomorek Kharkiven eragindako biktimak, 1933
Janowskako kontzentrazio-esparru nazia, Lvivetik hurbil

1919-1920 urteetan, Anton Denikin jeneralaren Armada Zuria, Kharkivko Errepublikako Armada Gorria eta Petliuraren ukrainar gudarostea borrokatu ziren ekialdeko Ukrainan. 1920ko maiatzean, Gudaroste Zuriak atzera egin zuenean. Poloniak Kiev hartu zuen eta Gudaroste Gorriari aurre egin zion. Rigako Hitzarmenak eman zion amaiera poloniarren eta sobietarren arteko gerrari, 1921eko martxoan. Poloniako muga 1792kora atzeratu zen: ekialdeko Galitzia eta Volinia.

Denbora laburraren buruan poloniarren aurkako gerrilla sortu zen Galitzian, Nestor Makhno errusiar anarkistaren gidaritzapean, Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista 1922ko abenduan SESBeko errepublika federatua izan zen arte iraun zuena. Ukrainera hizkuntza ofizial gisa onartu bazen ere, Moskuko gobernuak gogor zapaldu zituen ukrainar abertzaleak. Gerra Zibilaren ondoren, sobietarrek industrializazioa eta kolektibizazioa bultzatu zuten, ukrainar kulak edo nekazarien gogoaren kontra. Kulaken aurkako jazarpenengatik eta 1932-33 urteetako goseteengatik (Holodomor) 6 edo 7 milioi pertsona hil ziren; geroago Iosif Stalinek intelektualen aurkako jazarpen gogorra bideratu zuen.

1939an, Alemania Naziak eta sobietarrek sinatutako Molotov-Ribbentrop Itunaren bidez, Ukrainak Poloniaren hego-ekialdea eta Errumaniaren parte bat (Ipar Bukovina eta Besarabiako hegoaldea) eskuratu zituen. 1941-1942 urteetan alemaniarrek Ukraina osoa hartu zuten, oso erregimen gogorra ezarri eta jende asko deportatu zuten lurralde haren germanizazioa errazteko. Baina sobietarren manupetik askatzeko alemaniarrekin batera borrokatu ziren abertzale asko haien aurka matxinatu ziren. 1943-1944 bitartean, sobietar gudarosteak egotzi zituen alemanak. Gerra horretan Ukrainak 4 milioi pertsona galdu zituen, ia judu guztiak horien artean.

Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Nazio Batuen Erakundearen sortzaileetako bat izan zen. Ukrainari Galitzia, Volinia, Besarabia eta Bukovinaren iparraldea lotu zitzaizkion, eta Txekoslovakiak Transkarpatia itzuli behar izan zion. 1946an, Eliza Uniataren abertzaletasuna zela-eta, Stalinek Eliza Ortodoxoaren barruan sarrarazi zuen, eta atxilo hartu zituen Elizako buruzagiak. 1954an, Errusiaren eta Ukrainaren arteko batasunaren hirugarren mendeurrena zela eta, Errusiak Krimea eman zion Ukrainari.

Ukraina burujabea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1986ko apirilean istripu larria izan zen Txernobylgo zentral nuklearrean, Kievetik 130 kilometrora, oso ondorio latzak eragin zituena 5 milioi pertsonarengan (datu ofizialen arabera 600 pertsona hil ziren). Gertaera horrek gobernuaren aurkako oposizioa berpiztu zuen. 1989ko amaieran errepublikaren burujabetasunaren eta Perestroikaren aldeko higikundea sortu zen (Rukh), Kieveko intelektualez eta preso politiko ohiez osatua. 1990ko martxoko hauteskundeetan komunistak atera ziren garaile, eta Rukhek emaitza onak izan zituen mendebaldean. Legebiltzarreko lehendakariak, Leonid Kravtxukek, jarrera nazionalista gero eta tinkoagoa hartu zuen.

Ukrainaren armarria, 1992ko otsailetik

1991ko otsailean, Krimeari autonomia (1922-1945 urteetan ere izan zuena) itzultzea erabaki zuen legebiltzarrak. Gorbatxoven aurkako estatu kolpearen ondoren, abuztuaren 24an burujabetasuna eskatu zuen Ukrainak, abenduaren 1eko erreferendumean emandako botoen %90ek berretsi zuena. Leonid Kravtxuk hautatu zuten lehendakari. Hilabete horretan bertan Estatu Independenteen Erkidegoa sortu zuen Errusia eta Bielorrusiarekin batera. Urtearen amaieran, Kievek bere subiranotasuna eskatu zuen herrialde horretan zeuden arma nuklearrei zegokienez eta, aldi berean, arma horiek zazpi urteko epean desegiteko asmoa azaldu zuen.

1992an, Ukrainako gobernuak prezioen liberalizazioa aurrera eramatea erabaki zuen; bestalde, erraztasunak eman zien atzerriko enpresei bertan inbertsioak egin zitzaten. Urte horretan, Krimeak bere burujabetasuna adierazi zuen, baina Ukrainako legebiltzarrak ez zion onartu. Azkenik, Krimeak amore eman eta ezeztatu egin zuen bere adierazpena. Baina Errusiak 1954ko lege dekretua ezeztatu zuen, zeinaren arabera Krimea Ukrainari ematen zion, eta Krimea itzultzea eskatu zion. Kievek ez zuen eskakizun hori onartu eta independentzia ekonomikoa onartu zion Krimeari. Krimea Kiev eta Moskuko gobernuen arteko tirabira gai izan zen urteetan.

1993an, Ukrainak bertan behera utzi zuen arma nuklearrak Errusiako Federaziori itzultzeko asmoa, gobernuaren ustez ez baitzegoen haiek desegiteko behar bezalako bermea. Bestalde, Itsaso Beltzeko gerraontzien banaketak ere tirabira latzak sortu zituen errusiar gobernuaren eta ukrainarraren artean, zeinek beretzat eskatzen baitzituzten gerraontziak. 1993ko irailean, Vitold Fokin lehen ministroak dimititu egin zuen ekonomia bideratzeko egin zituen saioak porrot egin zutenean. Leonid Kutxma, industria gizonen eta enpresaburuen batasuneko lehendakari ohia, jarri zuten haren ordez. Gobernu berriaren politika liberalak eta liberalizazioak aurrez aurre izan zituzten Biltzar Gorena batetik, eta langileak bestetik. Hala, Kutxmak dimisioa aurkeztu zuen, baina ez zitzaion onartu.

Kravtxuken kanpo politika moderatuaren kontra, Biltzar Gorenak Ukrainan ziren SESBeko arma nuklear guztiak bereganatzea erabaki zuen. Sobietar Batasunaren desagertzearen ondoren munduko hirugarren potentzia nuklear bihurtu zen Ukraina. Baina Kravtxuk ahuldurik zegoen, politika alorrean batez ere, eta Itsaso Beltzeko ontziak Errusiari ematea erabaki zuen. Horrela, Moskurekin petrolio eta gasaren truke zuen zorra ordaintzen zuen. Bien bitartean, ekonomiak hondoratzen jarraitzen zuen, eta hileko inflazioa % 100ekoa zen. Azkenik, Kutxmak dimititu egin zuen.

Leonid Kutxma, Ukrainako presidentea 1994-2005 bitartean

1994an izan ziren Sobietar Batasuna desegin ondorengo lehenengo hauteskundeak. Leonid Kutxma lehen ministro izandakoak irabazi zituen hauteskunde haiek, eta presidente berriak Errusiarekiko harremanak estutzeko eta EIEn (Estatu Independenteen Erkidegoa) sartzeko asmoa azaldu zuen. 1994an eta 1995ean zehar bai egoera ekonomikoak bai sozialak okerrera egin zuten. BPG %20 baino gehiago jaitsi zen 1994an, eta %12tik gora 1995ean, eta bizi maila ere asko jaitsi zen. 1997an, Pavlo Lazarenko lehen ministroa ustelkeriaz salatu zuten eta kargua utzi behar izan zuen. Haren ordez Valeri Pustovoitenko jarri zen. Urte horretan bertan, arma nuklearrak kentzeko hitzarmen bat izenpetu zuten Estatu Batuek, Bielorrusiak, Errusiak, Kazakhstanek eta Ukrainak.

2004an, Iraultza Laranja izan zen. Horrela deitu zitzaion 2004ko hauteskundeetan Viktor Janukovitx gobernuaren hautagaiak egindako iruzurraren kontra egin ziren protesta, manifestazio, greba eta erresistentzia zibileko ekintzei, Viktor Justxenko oposizioko hautagaia lehendakari izendatzeko eskatuz. Urte horren bukaeran bukatu zen Iraultza Laranja, hauteskundeak hirugarrengoz egin eta Justxenko lehendakari izendatu zutenean.

Bestalde, 2008ko bukaeran, liskar handia izan zen Errusiaren eta Ukrainaren artean. Errusiak Ukrainari saltzen dion gasaren prezioak sortu zuen istilua, eta tirabiren ondorioz, Errusiatik etorri, Ukraina zeharkatu eta erdialdeko Europara gasa daraman gasbidea etenda geratu zen. Etenaldi horrek gasik eta erregairik gabe utzi zituen Europako erdialdeko biztanle asko —Balkanetan bereziki— Europak aspaldi honetan ezagututako hotzaldirik handienean. Azkenean, 2009aren hasieran, gasbidea zabalik geratu zen, baina ez Errusiak ez Ukrainak ez zuten hartu beren gain gas etenaldiaren ardura. 2010eko presidentetzarako hauteskundeetan Viktor Janukovitx nagusitu zen, botoen %48rekin.[1]

Euromaidango protestak, Kiev, 2013ko abendua

2013ko azaroan, Europar Batasunarekin elkartze akordioa sinatzeko planak izoztu zituen Janukovitx presidenteak. Horren ostean, Euromaidan, Mendebaldearekin loturak estutzearen aldeko protesta baketsua, hasi zen. Luze gabe, talde paramilitar neonaziak ere lotu zitzaizkion protestari.[2] Herrialdearen ekialdean, ordea, biztanle gehienak Euromaidanen aurka eta Janukovitxen alde agertu ziren.[3] 2014ko urtarriletik aurrera, istiluak larriagotu ziren Kieven, gobernuaren aurkako taldeek eraikin ofizialak hartu zituztelarik. 130 lagun baino gehiago hil ziren liskarretan, gehienak zibilak.[4][5] Otsailaren 22an, Ukrainako Parlamentuak Janukovitx presidentea kargugabetu eta hauteskundeetara deitzea erabaki zuen.[6]

Bien bitartean, inolako bereizgarririk gabeko errusiar soldaduak sakabanatu ziren Krimeako penintsulan, eta 2014ko martxoaren 16an egindako halamoduzko erreferendum batean, krimearren %97k Errusiari batzea erabaki zuten.[2][7] Bi egun geroago, Errusiako Senatuak onartu zuen Krimea eta Sebastopol Errusiara batzeko ituna.[8] Nazio Batuen Batzar Nagusiak baliogabetzat jo zuen erreferenduma. Ekialdeko Donetsk eta Luhansk eskualdeetan, manifestari eta miliziano errusiazaleek eraikin ofizialak hartu zituzten, eta Ukrainatik banantzeko erreferendumak egin ziren.[9] Liskar horiek izan ziren Donbasseko gerraren hasiera, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublika sortu berrien eta Ukrainako armadaren artean. Sezesionistek errusiar paramilitarren laguntza izan zuten.[10]

Donbasseko gerra, Pervomaisk, 2014ko uztaila

Ukrainako presidentetzarako hauteskundeak 2014ko maiatzaren 25ean egin ziren, eta Europar Batasunera gerturatzearen aldeko Petro Poroxenko enpresaria nagusitu zen. Krimeako okupazioa ez zuela onartuko adierazi zuen, eta Luhanskeko eta Donetskeko errusiazaleekin armak utzi arte ez zuela negoziatuko.[11] 2015eko otsailean, Poroxenkok eta Donbasseko sezesionistek su-eten akordioa adostu zuten Minsken;[12] ordurako, 5.000 lagun baino gehiago hilak ziren gerran.[13]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Timoxenkoren blokeak hauteskundeetako emaitzak auzitara eramango ditu. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  2. a b Makazaga, Xabin. Errusiak ordaindu egin beharko du. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  3. Kushch, Lina. Donetsk view: Ukraine 'other half' resents Kiev protests. bbc.com (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  4. Rodriguez, Mikel. Kieveko Independentziaren plazan sartu da Ukrainako Polizia. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  5. МВС УКРАЇНИ. npu.gov.ua (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  6. Legebiltzarrak Janukovitx kargugabetu du. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  7. Treviño, Ibai. Urtebeteko udaberria Krimean. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  8. Felton, Alex; Gumuchian, Marie-Louise. U.N. General Assembly resolution calls Crimean referendum invalid. edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  9. Donetskek eta Luhanskek Ukrainatik independente direla aitortu dute. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  10. Pushing locals aside, Russians take top rebel posts in east Ukraine. reuters.com (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  11. Aranburu, Iera. Enpresari milioidun bat izango da Ukrainako presidente berria. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  12. Traynor, Ian. Ukraine ceasefire: European leaders sceptical peace plan will work. theguardian.com (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).
  13. Camino, Pello. 5.000 lagun baino gehiago hil ditu orain arte Ukraina-Donbasseko gerrak. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2017-12-28).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]