Afrikako kolonizazioa
Afrikako kolonizazioa potentzia europarren Afrikako lurraldeak okupatzeko prozesua ezagutzen da. Europarren presentzia kontinentean Antzinako Arotik ezagutzen bazen, kolonialismo bortitza XIX. mendean eman zen.[1]
Arrazoiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendean kapitalismoak eta Industria Iraultzak irmoki kokatuak zeuden Europan baina lurralde berrietara zabaltzeko beharra zuten, merkatu berriak eta lehengaiak eskuratzeko. Orduan kolonialismoaren ideologia sortu zen Afrikako lurraldeak ustiatzeko asmoz. Kontinente hori natura baliabide handiak zituen, politikoki ez zegoen oso antolatuta eta Europatik gertu zegoen. Kolonialismoaren oinarrian arrazismoa eta paternalismoa azaltzen ziren: herri beltzak atzeratuak omen zeuden, erlijioa ezagutu behar zuten, europarrek beste gizarte sortzen lagunduko zieten... Baina benetako arrazoiak ekonomikoak ziren eta azken helburua lurralde horien ustiapena.[2]
Beste aldetik ere, potentzia izateko asmoa zuten estatu guztiek, Erresuma Batuko eredua jarraituz, inperio kolonial bat behar zuten. Aro Modernoaren inperioek lurra ustiatzearekin batera lur horiek betirako gorde nahi zituzten, koroaren jabetza moduan. Jarrera hori aldatu zen industria iraultzarekin; kapitalismoak ondasunak ustiatu nahi zituen, lehengaiak eramanez eta, behin produktu horiek manufakturatuta, prezio askoz handiagoz koloniei salduz. Berdin zitzaien lurralde horietan horrelako produktuak erosteko kapitalak ez izatea. Politika horren ondorio nagusia azpigarapena ezartzea izan zen.[3]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XV. mendean Henrike Nabigatzaileak, Joanes I.a Portugalgoa erregearen semea, bere herrirako lurrak Afrikan hartzea pentsatu zuen. Asmo horrek bultzatuta nabigatzaile portugaldar batzuk zenbait bidaia antolatu zuten, azkenik Afrika osoari buelta emanez; bidaia horien emaitza Portugalgo subiranotasuna kontinenteko kostaldeko leku askotan ezartzea izan zen. Atlantikoan zeharreko giza-trafikoa beranduago etorri zen, batez ere Amerikako beharrak asetzeko. XIX. mendearen erdialdera, misiolari protestanteak Afrikan zabaltzeko ahaleginak hasi ziren egiten. Misiolari horien arteko lehenetarako bat David Livingstone izan zen; atzetik Burton eta Speke, Grant, Henry Morton Stanley, Friedrich Gerhard Rohlfs, Georg August Schweinfurth, Gustav Nachtigal, Paul du Chaillu eta beste asko heldu ziren. Afrika modan jarri zen.
Potentzien artean, ondoren, benetako lasterketa hasi zen lurraldeak harrapatzeko asmoz. Europaren ekonomiarako lurralde horien konkistaren aukera oso une egokian agertu zen. Politika protekzionistak zabaltzen ari ziren Europan zehar eta horrek haien ekonomietarako arazo larriak planteatzen zituen. Erresuma Batuko merkataritza-balantzak defizit handia erakusten du eta, halaber, kontinenteko merkatuak ahultzen ari ziren, bereziki 1873 eta 1896 urteak artean. Afrikak Europako potentzientzat (Erresuma Batua, Alemaniar Inperioa, Frantzia e.a) abantailak besterik ez zien eskaintzen: metropoliei produktuak erosi zizkieten, prezio merkean lehengaiak salduko zizkieten..., azkenean, diru gutxiren truke, ezinbesteko lehengaiak jasoko zituen metropoliak eta manufakturatutako produktuak askoz garestiago salduko zituzten. Horrela, koloniei esker, metropoliek haien ekonomiak eta merkataritza-balantzak orekatu zituzten, Afrikako herrialdeen pobrezia zabalduz.
Prozesu horretan, lurrak potentzien artean modu baketsuz banatzeko, Berlingo Konferentzia antolatu zen. Afrikako, eta batez ere Kongo ibaiaren arroko lurrei buruz, Europako potentziek zituzten gatazka kolonialistak konpontzearren, Alemaniako kantziler Bismarckek antolatutako konferentzia izan zen, 1884-1885 urteetan egin zena[4]. Konferentzian Europako 12 estatu gehi AEBak eta Turkia bildu ziren. Hauek izan ziren konferentziaren helburu nagusiak:
- Diplomaziaren bidez Europako estatu kolonialisten arteko orekari eustea, eta inperialismoagatik Europako potentzien artean gerra sortzerik eragoztea.
- Alemaniarentzat inperio kolonial bat eratzea, Europatik kanpo lurrik ez izateak zeharo oztopatzen baitzion ekonomia hazkundea Alemaniari.
Kolonizazioa Bigarren Mundu Gerraren ondoren bukatzen hasi zen. 1951tik, Libiarekin hasita, Deskolonizazioak abiadura handia hartu zuen.
Kolonialismoaren ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Afrikako herrientzako
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ugari izan ziren eta gehienak txarrak. Neurri handi batean gaur egungo Afrikako egoera eta arazoak sustraiak kolonialismoan dituzte. Bi motatako ondorioak ikus daiteezke:
- Ekonomikoak: herri hauen menpekotasun ekonomikoa ezarri zuen.
- Akulturazioa: Herrialde horien klase nagusiek Europako ereduak imitatu zituzten, bertako hizkuntzak eta kulturak baztertuz. Gizartean arrakasta izateko kanpoko kultura erakutsi behar zen.
- Bertako herrien bazterketa: Aurrekoarekin lotuta, europarrak nagusi ziren lurraldetan bertako herriak baztertzeko prozesua muturrekoa izan zen, apartheid politikak sortuz.
- Gatazka politikoak: herrialdeen mugak potentzien interesen arabera ezarri ziren eta ez bertako herrien errealitateen arabera. Gaur egungo gerra eta gatazka asko muga horietan dute oinarri.
- Printzipioz positiboak izan ziren ondorioak eman ziren. Esaterako heriotza-tasa jaitsi egin zen baina horren ondorioz lurrarekiko oreka puskatu zen.[5]
Metropolientzako
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Lehenengo momentuetan botere politiko handia lortu zuten eta ekonomikoki balaibide asko eskuratu zituzten.
- Dena dela, potentzien arteko gatazkak indartu ziren eta, nolabait, Lehen Mundu Gerraren kausa bat izan zen.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Norman Dwight, Harris. (1914). Intervention and Colonization in Africa.. Houghton Mifflin..
- ↑ .
- ↑ (Ingelesez) Shillington, Kevin. ((1995)). History of Africa. St. Martin's Press. ISBN 9780312125981...
- ↑ Berlin West Africa Conference Global.britannica.com
- ↑ a b .
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kolonialismo
- Inperialismo
- Inperialismo Berria
- Afrikako deskolonizazioa
- Berlingo Konferentzia
- Afrikaren banaketa
- Lehen Mundu Gerra
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Afrika eta kolonialismoa.
- (Ingelesez): Kolonialismoren ondorio ekonomikoak.
- (Gaztelaniaz): Historia apunteak.
- (Gaztelaniaz): Inperio kolonialei buruzko dokumentala You Tuben.