Jose Migel Barandiaran
Jose Migel Barandiaran | |
---|---|
(1979) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jose Miguel Barandiaran |
Jaiotza | Ataun, 1889ko abenduaren 31 |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Ataun, 1991ko abenduaren 21a (101 urte) |
Familia | |
Aita | Francisco Antonio Barandiaran Aizpuru |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiz katolikoa, antropologoa, arkeologoa, etnologoa eta apaiza |
Jasotako sariak | |
Kidetza | Euskaltzaindia Aranzadi Zientzia Elkartea Real Academia Española Eusko Folklore elkartea Eusko Ikaskuntza |
Izengoitia(k) | Aita Barandiaran eta On Joxe Miel |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Jose Migel Barandiaran Aierbe —(on) Joxemiel Barandiaran edo aita Barandiaran izenez ere ezaguna— (Ataun, Gipuzkoa, 1889ko abenduaren 31 – 1991ko abenduaren 21a), antropologoa, etnografoa eta apaiza izan zen, mendez mende iraunagatik betiko galtzeko zorian zen euskal kultura biltzen, aztertzen eta ahanzturatik salbatzen egin zuen lan eskerga dela kausa Euskal Herrian eta nazioartean ospetsua.[1][2][3][4] Urte askoan gogo nekaezinez eta zientziaren metodoak erabiliz egindako berebiziko ikerketa lan haren ondorioz, elkarte askotako kide izendatu zuten: Real Sociedad Española de Antropología, Etnografía y Prehistoria; Sociedad Ibérica de Ciencias Naturales; Euskaltzaindia; Real Academia de la Lengua Española; Société Française d'Ethnographie; Folklore Society; eta abar. Arrazoi berberarengatik, honoris causa doktore izendatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko Teologia Fakultateak, Deustuko Unibertsitateak eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak.
Euskal kulturan eta abertzaletasuna zein euskal izaera ulertzeko ikuspegian eraginik handiena izan duen egileetako bat da. Euskal mitologia Neolitotik hona dakarren haria irudikatu zuen, euskaldunen antzinakotasuna aldarrikatuz. 1960ko hamarkadatik aurrera egondako egile askoren inspirazio iturri izan zen[5].
Bere lan handia zaintzeko eta hedatzeko xedez, Barandiaranek berak, Eusko Ikaskuntzarekin batera, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa sortu zuen 1988an; 2022an oraindik ere ikerketa bultzatzen eta Barandiaranen irudia hedatzen segitzen du fundazioak. Ataungo San Gregorio auzoan, bestetik, Barandiaran museoa dago, ikerlaria bizi izan zen etxean, hain zuzen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Apaiztegia eta lehenengo lan etnografikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1889ko abenduaren 31n jaio zen, Perune–Zarre baserrian (Ataun), 9 anai-arrebako familian. Apaiz ikasketak Gasteizko seminarioan egin eta 1914an apaiz ordenatu zuten Burgosen, eta Teologian lizentziatu zen hiri hartan bertan urtebete geroago. Hogeita hiru urtez Gasteizko Apaizgaitegiko irakasle izan zen. Ezagutzak hedatu nahirik, Herrien Psikologiari buruzko ikastaro bat egin zuen Leipzigeko Unibertsitatean.
1916an ekin zien etnografia eta antropologiako lanei, Aralar mendialdean. Han zenbait trikuharri arakatu zuen eta Euskalerriaren alde aldizkarian eman zuen horren berri. 1917an Telesforo Arantzadi (orduan Bartzelonako Unibertsitatean Antropologiako katedraduna zena) eta Enrique Eguren (Oviedoko Unibertsitateko katedraduna izan zen) ezagutu zituen, eta hogei urteko lankidetza emankorrari eman zioten hasiera hirurok. Aranzadik eragin handia izan zuen Barandiaranen ikerketen zuzentasun zientifikoa bermatzeko. Hirurek osatuko zuten urteetan lan-talde finko eta guztiz emankorra: haiek aztertu zituzten Aralar mendiko trikuharriak (1917), Aizkorrikoak (1918), Ataun-Burundetakoak (1919), Altzaniakoak (1920), Entzia mendilerrokoak eta Soraluzeko Elosukoak (1921), Belabieta eta Urbasakoak, eta Santimamiñeko kobazuloak (1924, 1925 eta 1931), Lumentza (1925), Ermittiako eta Gipuzkoako beste koba batzuk (1924 eta 1927), Bolinkoba (1933) eta Urtiaga-Itziar (1936).
1918ko irailean Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren Lehen Biltzarrean esku hartu zuen. Batzar hartatik jaio zen Eusko Ikaskuntza Elkartearen babesean Aita Barandiaranek Etnologia Laborategia sortu zuen eta Gasteizko Apaizgaitegian kokatu. Haren izena aldizkari berezietan agertzen hasi zen. Tartean, 1921ean Eusko Folklore erakundea sortu zuen. 1922ko udan Alemanian zehar ikasketa-bidaia bat egin zuen Aranzadirekin batean, eta Paris, Kolonia, Munich, Leipzig eta Berlingo museoak ikertu zituzten. 1923an Breuil abadeak emandako ikastaroan esku hartu zuen Parisen.
1926an Apaizgaitegi Nagusiko erretore izendatu zuten, Apaizgaitegi Txikiko erretoreordea ere bazelarik. Ondoko urteetako udak etnografia eta arkeologia alorreko lanetan eta prestakuntza bidaiak eginez (Geneva, Berna, Zurich, Viena, Erroma eta abar) eman zituen. 1935ean, Nazioarteko Antropologia eta Etnografia Biltzar Iraunkorreko kide izendatu zuten Londresen. 1936ko gerra hastean mugaz bestaldera alde egin behar izan zuen.
Erbestean eta Hegoaldera itzultzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat gorabeheraren ondoren, Saran finkatu zen, eta bertan emandako hamahiru urteetan historiaurrea eta etnografia lanetan aritu zen. 1946an Institut Basque de Recherches taldea sortu zuen, 1951 urtera arte Ikuska aldizkaria argitaratu zuena. 1953an itzuli zen bere hegoaldera eta harrez gero ikerketa askotan hartu zuen parte; ikasle asko haren aldamenean prestatu dira. 1965etik 1977ra Nafarroako Unibertsitatean Euskal Etnologiako katedraduna izan zen eta han Etniker taldeak eratu zituen. Bertan Euskal Herriko Atlas Etnografikorako lehenengo pausoak egin zituen.
1954an, Hegoaldera itzulirik, berriro ekin zion lanari Urtiagako haitzuloan. 1956an indusketak hasi zituen Lezetxikin (Arrasate) eta 1960an Aitzbitarte IV.ean (Errenteria). 1972an Bilboko Gran Enciclopedia Vasca argitaletxea Barandiaranen lan guztiak argitaratzen hasi zen. 1976ko irailean Eusko Ikaskuntzako presidente izendatu zuten. 1988an erakunde horrek Jose Migel Barandiaranen omenezko fundazioa sortu zuen. Madrilgo Complutense Unibertsitatean, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean honoris causa doktore izendatu zuten. 1991ko abenduaren 21ean hil zen Sara-Etxea baserrian, bere jaioterrian.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezin konta ahala aldizkaritan idazteaz gainera, hauen zuzendari izan zen:[oh 1]
- Gymnasiuros
- Euskal Folklore Urtekaria (Anuario de Eusko-Folklore)[7]
- Eusko-Jakintza
- Ikuska
- Hojas de Eusko-Folklore.
Barandiaranen lan eskerga —artikulu, liburuxka eta liburuetan barreiatua— 1972an argitaratzen hasi zen Barandiaranen Lan Guztiak izeneko lanean bildu da. Haren lanetariko batzuk:
- Eusko Mitologia (1924)
- Nacimiento y expansión de los fenómenos sociales (1925)
- Euskalerriko leen gizona (1934)
- Antropología de la población vasca (1947)
- Cuestionario para un estudio etnográfico del Pueblo Vasco (1949)
- Mitología Vasca (1960)
- Aspectos sociológicos de la población del Pirineo Vasco (1953-57).
Joseba Agirreazkuenaga historialariak ikerketan egin zituen lehengo urratsak gidatu zituen 1972an.
Nolanahi ere, Barandiaranen lan handiena historiaurreko leize eta aztarnategiei buruzko ikerlanek osatua da, nabarmentzekoak direlarik horien artean Santimamiñe, Aitzbitarte, Lezetxiki, Ermitia, Jentiletxea, Lumentxa, Urtiaga, Altxerri eta Ekain haitzuloei dagozkienak. Bestalde, politikatik guztiz aldendua egon bada ere, ezaguna da Mateo Múgicaren Imperativos de mi conciencia (1945), Carta abierta al presbítero D. José Miguel de Barandiarán azpititulua duena, Barandiaranek berak idatzi zuela. 1989an bere azken liburua, Euskal Herriko Mitoak, argitaratu zuen.
Sariak eta aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Madrilgo Complutense Unibertsitatean honoris causa doktorea.
- Euskal Herriko Unibertsitatean honoris causa doktorea.
- Deustuko Unibertsitatean honoris causa doktorea.
- 1989ko Korrikan omendu zuten 100 urte bete zituen urtean.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Barandiaranen lanen zerrenda osoa eskuragarri dago hemen: (Gaztelaniaz) «Bibliografia» www.barandiaranfundazioa.eus (Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa) (Noiz kontsultatua: 2019-06-06).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Joxe Migel Barandiaran (1889-1991) - Bidegileak. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia 2000 ISBN 84-457-1617-4. PMC 863168528. (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
- ↑ «Barandiaran Aierbe, Joxe Migel - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-18).
- ↑ Joxean AGIRRE: «Joxe Migel Barandiaran: Desagertzeko zorian zegoen kultura baten aztarnak bilduz hartu zituen ehun urteak», Gaur9, 2011-12-24.
- ↑ Ruth PÉREZ DE ANUCITA: «El explorador del alma vasca: veinte años sin jose Migel Barandiaran, que rescató nuestro pasado de un olvido seguro», Diario de Noticias de Gipuzkoa, 2011-12-18.
- ↑ BARANDIARANISMOA – Txoroen Untzia. (Noiz kontsultatua: 2020-04-01).
- ↑ .
- ↑ Ramirez de Okariz Kortabarria, Amaia. (2022-01-06). «Abel Ariznabarreta: «Ehun urte denbora asko da aldizkari zientifiko batentzat»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Larruntza errota (Joxemiel Barandiaran museoaren egoitza)
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Biografia, Aranzadi elkartearen webgunean.
- Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa
- Asmoz Fundazioa
- Bernardo Estornés Lasa: «Joxe Migel Barandiaran Aierbe», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- Barandiaran Museoari buruzko erreportajea, Argia, 2011.
- Barandiaran Oroituz. ETBk eginiko bideoa.
- Jexux Aizpurua Barandiaran eta Jon Aizpurua Barandiaran: Joxe Migel Barandiaran (1889-1991). Eusko Jaurlaritza, 2000. ISBN: 84-457-1620-4
- 1889ko jaiotzak
- 1991ko heriotzak
- Ataundarrak
- Euskaltzainak
- Eusko Ikaskuntzako kideak
- Gipuzkoako apaizak
- Gipuzkoako zientzialariak
- Euskal Herriko ehun urtedunak
- Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak
- Euskal hizkuntzalariak
- Euskaldunak
- Euskal idazleak
- Euskal Herriko antropologoak
- Euskal Herriko frankismoaren erbesteratuak
- Euskal Herriko etnografoak
- Euskarazko saiakeragileak
- Euskal Herriko folkloristak
- Idazle katolikoak
- Mitografoak
- Akademia Errariaren partaideak
- Euskal Herriko arkeologoak
- Historiaurrelariak
- Honoris causa doktoreak