Alexis Minotis
Alexis Minotis | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Αλέξης Μινωτάκης |
Jaiotza | Kanea, 1900eko abuztuaren 8a |
Herrialdea | Grezia |
Lehen hizkuntza | greziera |
Heriotza | Atenas, 1990eko azaroaren 11 (90 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Katina Paxinou (1940 - 1973) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | greziera modernoa ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea, antzerki zuzendaria eta antzerki aktorea |
Alexis Minotis, jaiotza-izenez Alexandros Minotakis (Canea, Kreta, Grezia, 1900eko abuztuaren 8a - Atenas, Grezia, 1990eko azaroaren 11) greziar antzerki-zuzendari eta antzezlea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1930 aldera, bere herriko antzezpen klasikoetan nabarmentzen hasi zenean, bere konpainia sortu zuen, Teatro Nazionalean garrantzitsuena bihurtu zena. Bertan, Katina Paxinou bere emaztearekin, Shakespeare, August Strindberg eta Ibsenen obrak antzezten has zitezen lortu zuen. 1941ean, alemaniarrek Grezia hartu zutenean, Estatu Batuetara atzerriratu zen.
1951n bere herrira itzuli zenean, Teatro Nazionaleko zuzendari-kargua hartu zuen. Bere lehen obrarekin (Edipo Errege) arrakasta handia eskuratu zuen munduko hiri nagusietako antzokietan. 1955ean, Epidauroko Antzerki Jaialdietako zuzendari egin zuten. 1958an Londresko Covent Gardenen Luigi Cherubiniren Medea zuzentzeko deitu zuten, eta arrakasta handia lortu zuen, Maria Callas sopranoaren lanagatik. Harrezkero, opera-antzoki nagusi guztietan lan egitera deitu zuten. Entzuterik handiena izan zuen obra Vincenzo Belliniren Norma izan zen, antzoki askotan Maria Callasek, Del Monaco tenorrak eta Giulietta Simionattok kantatu zutena.
1967an Teatro Nazionaleko zuzendari-kargutik bota zutenean, atzerriko antzokietan ibili zen, arrakastatsu. 1974an, Teatro Nazionaleko zuzendari-kargua eman zioten berriro, eta erretiratu arte bete zuen (1981). Hala ere, 1986an Shakespeareren Veneziako merkataria lanaren eszenografian parte hartu zuen. Greziar antzerkiaren patriarkatzat har daiteke Minotis.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.