Errolanen kantua
Errolanen kantua, frantsesez La Chanson de Roland, frantsesezko literaturako lan nagusia da. Frantses zaharrez idatzitako poema epiko bat da, Erdi Aroko egitandi kanta heroiei buruzko poemen artean zaharrena eta ezagunena. Turold izeneko pertsonaia batek ustez idatzia, poemaren azken lerroak honela baitio: Ci falt la geste que Turoldus declinet. XI. mende bukaeran idatzia bada ere, hiru mende lehenagoko, 778. urteko Orreagako gudua alegiaz kontatzen du.
XII. mendetik XIV. mendera zabalkunde oso handia izan zuen Frantziako Erresuman, baina baita handik kanpora ere, bereziki Donejakue bideko eraikinetako ikonografian. Geroztik, XIX. mendean, Frantziaren historiografian berpiztu egin zuten 1877tik aurrera, frantsestasunaren sinbolo goren bihurtuta eta nahitaezko hezkuntza ezarri berrian historian irakatsia. Euskal mitologian aztarna utzi zuen, Errolan pertsonaia mitologiko indartsuan hezurmamitua.
Testuinguru historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Poeman kontatutako istorioa gertakari historiko batean oinarritzen da, 778. urteko abuztuaren 15eko Orreagako guduan, hain zuzen. Frankoen errege zen Karlomagno zenbait buruzagi musulmanekin elkartu zen beste batzuen aurka. Bere tropekin musulmanek hartutako Zaragoza hartu nahian zebilela, saxoiek bere lurrak erasotzen zituztela eta Akitanian altxamendu bat hasi zela entzun zuen eta etxerako bidea hartu zuen. Frankoek Ebroren ibaiertzeko gotorleku musulmanen kontra hasitako ekintza militarren aurrean nafarrek neutraltasunez jokatu zutenez, Karlomagnok bidean Iruña erasotzeko agindu zuen. Iruña zaharra suntsitzearen ondorioz beharbada, euskaldunek 778ko abuztuaren 15ean Orreagan Errolan kondearen agindupean zihoazen tropen atzeragoardia eraso zuten. Beste batzuek, berriz, Lupo duke baskoia jotzen duten erasoaren burutzat. Orreaga inguruko Astobizkar iraganbide naturalaren ingurumarian bildu ziren baskoi guztiak, kristautuak eta pagano zirautenak. Frankoen armadaren atzealdeko ia soldadu guztiak hil zituzten nafarrek: besteak beste, Errolan, Bretainia eskualdeko kondea. Huraxe izan zen garai hartako armadarik ahaltsuena zenak inoiz pairatu behar izan zuten porrot bakarra [1][Betiko hautsitako esteka].
Gertaerak eta egileen etniaren aipamenak ondo adierazita geratzen dira VIII. mende eta ondorengo urteetako hainbat kronikatan (Einhard, Astronomus). Aldiz, XI. mende bukaerako testuinguruan, Gurutzadak hasiak zirela, poemaren sortzaileak historiako gertaerak moldatu zituen musulmanen kontrako propaganda funtzioa bete zezaten.
Haria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaragozako Marsilio errege mairuaren bake eskaintzaz hitz egiteko Carolus Handiak Errolanen aitaginarreba den Ganelon bidaltzen du. Errolanek bere heriotza desiratzen duelakoan, Ganelonek Errolan buru duen atzeguardia erasotzeko tratua egiten du Marsiliorekin, bera Carolus Handiaren ondoan geratzen den bitartean.
Mairuek Orreagan eraso zuten Errolanen atzeguardia, olerkian kontatzen den bezala. Errolanen lagunmina zen Olivier zaldunak mairuen etorreraz ohartarazten dio Errolani, baina honek errefusatu egiten du Carolus Handiari laguntza eskatzeko olifanteak jotzea. Errolanek eta bere gizonek ausardiaz egiten diete aurre beraiek hogei halako diren mairuei, baina azkenean eta 60 bat gizon bakarrik geratzen zaizkiola, olifanteak hainbesteko indarrez jotzen du, non lehertu egiten baita. Olifantea adituta, Carolus Handiak ez du pentsatzen atzekoak arriskuan daudenik, baina azkenean haiengana jotzen du. Bitartean, Errolan eta Turpin artzapezpikua bakarrik geratzen dira bizirik guda tokian. Mairuak ihesean jartzea lortu badute ere, biak hilzorian geratzen dira. Hil baino lehen, Errolanek haitzurdin baten aurka joaz Durandal bere ezpata puskatzen saiatzen da, baina ez du lortzen. Azkenean hiltzen da.
Carolus Handia guda tokira iristen denerako, Errolan hila da. Mairuen atzetik abiatzen da eta azkenean, mairu armada handi baten aurka egiten du borroka eta mairuak suntsitu egiten ditu. Aix-la-Chapelle herrira itzultzen da Carolus Handia eta bertan Oliveiren arreba eta Errolanen andregaia den Aude ederrari berri tristea ematen dio. Aude hil egiten da berria entzundakoan.
Bertsioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskuizkribuaren hainbat bertsio ezberdin daude, XII. eta XIV. mendeetan zuen ospearen adierazgarri. Bertsiorik zaharrena Oxford eskuizkribua dugu, 4.004 lerro ditu (zenbakia argitalpen berriagoetan aldatzen da) eta XII. mendeko erdialdean (1.140 eta 1.170 urteen artean) idatzi zela uste da.
Egiantz historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ziurtzat jotzen da historialarien aldetik, Errolanen armadari Orreagako guduan eraso ziotenak ez zirela mairuak izan, baskoiak baizik, Carolus Handiak bere itzuleran Iruñea hiria suntsitzegatik mendekua hartzeko.
Erdi Aroan zehar, soldadu frantsesek Errolanen kantua guduen aurretik abestu dutela aipatu dute historialariek.
Beste lan batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erdi Aroan, guduari buruz, Cantar de Roncesvalles kantua egin zuten Erdi Aroko gaztelaniaz eta nafar erromantzez.
- 1834an M. Garai de Monglave baionarrak Altabizkarko kantua argitaratu zuen, Orreagako gudua euskaldunen ikuspegitik kontatuz.
- 1877ko abenduan Arturo Campiónek euskaraz argitaratutako lehen lana Orreaga balada izan zen.
- 1981ean Benito Lertxundik "Altabizkar/Itzaltzuko bardoari" disko bikoitzean M. Garai de Monglaveren Altabizkarko kantua kantatu zuen.
Kantuaren zati bat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]≪Karlomagnok Espainia suntsitu du; bertako gazteluak hartu ditu eta hiriak bortxatu ditu. Karlomagnok berak dio gerra amaitzear dela. Enperadorea Frantzia gozorantz doa, zaldiz. Errolan kondeak lantzari lotuta jarri du zutoihala, goraka, eta zerurantz altxatu du: keinu hori egitean, frankoek eskualde osoan ezarri dituzte beren kanpamentuak. Bitartean, haran zabaletan zehar, fedegabeak doaz zaldiz, beren kotez estalita, kasketa lotuta, ezkutua lepoan jarrita, ezpata gerrian estutua eta lantzak kordatuta. Mendi batzuen gailurrera iristean, oihanarte batean gelditu dira. Laurehun mila dira, egunsentiaren zain. Jauna! Hau atsekabea frantsesek ez jakitea!
(...) Gudua itzela eta gogorra da. Erroldan etengabe ari da etsaiak zauritzen, bai eta Oliveros ere. Artzapezpikuak jada eman ditu mila kolpe baino gehiago, eta hark bezala, hamabi pareek, bai eta frantsesek ere, denak batera erasoka.
Ehunka eta milaka pagano hil dira. Ihes egiten ez duenak ez du gero ihesbiderik izango: nahi eta nahi ez, bertan utziko du bizia. Frankoak beren euskarririk onenak galtzen ari dira. Ez dituzte gehiago beren gurasoak eta sendia ikusiko, ezta Karlomagno ere, haitzartean haien zain dagoena. Frantzian ekaitz arraro bat sortu da: trumoiak eta haize indartsua, euria eta txingorra, barra-barra. (...)
Batzuek esan dute: -Hau da denboren amaiera, iritsi da munduaren amaiera!
Baina ez da egia, ez dakite: dolu ikaragarria da, Erroldanen heriotzagatik.≫
"Erroldanen kantua", XI. mendearen amaiera.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Errolan.
- Orreagako gudua.
- 778 - La Chanson de Roland, film dokumentala.
- Turold.