Frasier
Frasier | ||||
---|---|---|---|---|
Jatorria | ||||
Sortzailea(k) | David Angell, Peter Casey (en) eta David Lee | |||
Izenburua | Frasier | |||
Jatorrizko hizkuntza | ingelesa | |||
Jatorrizko herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak | |||
Sasoi kopurua | 11 | |||
Atalak | 264 | |||
Banatze bidea | eskatu ahalako bideo | |||
Ezaugarriak | ||||
Genero artistikoa | American television sitcom (en) | |||
Iraupena | 22 minutu | |||
Deskribapena | ||||
Oinarritua | Cheers | |||
Antzezlea(k) | ||||
Kelsey Grammer (Frasier Crane (en) ) Jane Leeves (en) (Daphne Moon (en) ) David Hyde Pierce (Niles Crane (en) ) Peri Gilpin (Roz Doyle (en) ) John Mahoney (Martin Crane (en) ) Moose (en) | ||||
Ekoizpena | ||||
Ekoizlea | Maggie Blanc (en) David Angell | |||
Emanaldia | ||||
Jatorrizko igorlea | NBC | |||
Hasiera-data | 1993ko irailaren 16a | |||
Amaiera-data | 2004ko maiatzaren 13a | |||
Fikzioa | ||||
Kontakizunaren tokia | Seattle | |||
ikusi
| ||||
kronologia | ||||
|
Frasier komediazko telesail estatubatuarra da. 1993tik 2004ra NBC kateak ematen zuen. Cheers telesailerako sortutako Frasier Crane psikiatra (Kelsey Grammer) da protagonista nagusia. Harekin batera, bere anaia Niles (David Hyde Pierce), aita Martin (John Mahoney), Daphne Moon aitaren erizaina (Jane Leeves), Roz Doyle lankidea (Peri Gilpin) eta aitaren txakurtxoa (Eddie) ere agertzen dira.
Frasier telesailak 37 Emmy saria irabazi zituen martxan egon zen 11 urteetan zehar, errekor berria markatuz. Izan ere, kritikariek txalotu zuten telesaila, telebistako historian hoberenetarikotzat joz.[1]
Argumentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frasier Crane psikiatra, Boston utzita, bere jatorrizko hirira, Seattlera, itzultzen da dibortziatutakoan (Cheers telesailean kontatzen dena). Ezkongabe bizimodua okertzen hasi zaio aita, Martin Crane, etxean hartu behar izan duenean, nahiz eta bien arteko hartu-emana hotza eta zaila den Frasierren ama hil zenez geroztik. Izan ere, Martin, polizia ohia, ezin da bere kasa bizi tiro batek eragindako zauria dela eta. Hortaz, Daphne Moon erizain ingeles xelebrea eta Eddie, Martinen txakurtxoa, ere etxean hartu behar ditu Frasierrek.
Frasierren etxean ohiko bisitaria da Niles Crane, Frasierren anaia. Anaia bezala, hitz handiko psikiatra esnoba da. Pantailan inoiz agertzen ez den Maris aberats okitu eta apetatsuarekin ezkonduta dagoen arren, Niles Daphnerekin maitemintzen da hasiera-hasieratik, baina ez da ausartzen maitasun hori aitortzen zazpigarren saiora arte.
Frasierrek saio bat dauka irratian eta bertan entzuleen arazo psikiatrikoak entzun eta konpontzen ditu. Roz Doyle du produktore saioan, amorante ugariko emakumea, Fraserren oso bestelakoa gustu eta jarreretan. Hala eta guztiz ere, oso gertu izatera iristen dira denboraren poderioz. Irratian beste lankide batzuk ere baditu Frasierrek, tarteka agertzen diren Bob "Bulldog" Brisco (Dan Butler) kirol esataria edo Gil Chesterton (Edward Hibbert) sukaldaritza kritikaria, esate baterako.
Zenbait txiste mota ohikoak dira telesailean eta urteetan zehar hedatzen eta garatzen joan dira. Haien artean, Crane familiaren arteko klase, gustu eta jarreren inguruko talka nabarmentzen da. Frasier eta Niles semeek gustu findua, interes intelektualak eta haien buruarekiko estimu handia dauzkate. Hauen aldean, Martin aitak klase baxuagoko gustuak (kirolak eta garagardoa) eta bizitzarekiko jarrera praktikoagoa dauzka. Lehenengo saioetan batez ere, ohikoa da Frasier eta Martinen arteko talka.
Nortasun, interes eta gustu antzekoak izan arren, Frasier eta Niles anaien arteko erlazioa ere gatazkatsua da. Lehia sutsua dute elkarren aurka, nahiz eta oro har ongi moldatzen diren elkarrekin. Saioetan argumentu ohikoa da nor nagusituko den noren gainean purtzilkeria baten inguruan.
Beste argumentu ohiko bat Nilesen Daphnerenganako maitasuna da. Neska ez da horretaz ohartzen, nahiz eta denborak aurrera egin ahala gero eta nabariagoa den. Aldi berean, Nilesek Maris emaztearekin daukan harremana gero eta okerragoa da. Gehienetan gaizki bukatzen den Frasierren amodio-bizitza ere maiz agertzen da. Bi anaiek hiriko elite kulturalaren barruan sartzeko egindako ahaleginak ere saio askotan aipatzen dira.
Aktoreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kelsey Grammer: Dr. Frasier Crane
- Jane Leeves: Daphne Moon/Crane
- David Hyde Pierce: Dr. Niles Crane
- Peri Gilpin: Roz Doyle
- John Mahoney: Martin Crane
- Moose eta Enzo: Eddie
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ TV's obsession with spin-offs, 2003ko uztailaren 24an, http://news.bbc.co.uk/1/hi/entertainment/tv_and_radio/3089767.stm