Gerezi
Gerezia gereziondoak ematen duen fruitu txiki mardul eta hezurduna da, gehienetan azal gorri iluna duena.[1] Izena lat. ceresia-tik datorkio, eta latinezkoa grezierazko kerasium-etik.
Ehunka gerezi-mota daude. Ekoizleek, beren zaporearen arabera, gozoetan (Prunus avium) eta garratzetan (Prunus cerasus edo ginga) sailkatzen dituzte. Baina badaude gozo eta garratzen arteko mota hibridoak ere, freskorik nahiz jakietan prestautta milaka modutara jan daitezkeenak.[2]
K.a. I. mendera arte. C, gereziaren laborantza Itsaso Beltzaren eta Kaspiar itsasoaren arteko eremura mugatzen zen. Erromatarrek k.a. 67an Kerasous (egungo Sinope) greziar kolonia konkistatu ondoren, Luzio Lizinio Lukulo jeneralak, 74 ale eraman zituen Erromara eta bertan bere hedapena hasi zen, giza migrazioek eramanda. Euskal Herrian ezagunak dira Itsasuko[3] eta Etxauriko[4] gereziak.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prunus generoa Europako hainbat tokitan zenbait basa-espezieren fruituen bilketa Neolitoaz geroztik praktikatu izan da; etxekotzea, berriz, Asian gertatu zen, eta badirudi haien laborantza Antzinaroan zabaldu zela[5]. Kaukasoan bilatu behar da gaur egungo gerezi etxekotuen arbasoa, baina Antzinako Erromak hedatu zituen Europa osoan zehar. Plinio Zaharraren arabera Italian ez zeuden gereziondorik K.a. 74. urtean, baina 120 urte beranduago Britainian ere aurki zitezkeen[6]. Erromako Armadak gereziak landatzen zituen garraiatzen errazak zirelako[7].
Euskal Herrian, labore hauen arrastorik zaharrenak Irungo aztarnategi erromatarrean agertu dira. Une horretatik aurrera hutsune bat dago, Erdi Aroaren amaierara arte; une horretan Deban (1434) eta Urduñan (1506) aipatzen dira. Elgoibarren eta Hondarribian egindako indusketa arkeologikoek erakutsi dutenez, XV. eta XVI. mendeetan ohikoak ziren Prunus generoko lau fruta-motak (Prunus persica, mertxika; P. cerasus/avium, gerezia eta ginga; eta P. domestica/insititia, okarana), baita genero bereko elorri beltza ere (P. spinosa). Argi dago, beraz, Euskal Herriko landa-paisaian espezie hauek garrantzitsuak izan direla, eta halaxe erakusten du toponimiak ere, adibidez Lekorneko Gerezieta auzoa, edota Oñatz auzoko Kerexeta baserria Azpeitian[5].
Ameriketako Estatu Batuetara bi bide ezberdinetatik iritsi ziren. Alde batetik Ingelesek Hahiru Kolonietara eraman zituzten 1630 baino lehen. Espainiar misiolariek Kaliforniara eraman zituzten[7].
Produkzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fruituak maiatzaren amaiera eta abuztu erdialdera arte jasotzen dira, barietateen arabera. Normalki 45 egun igarotzen dira zuhaitza loratzen denetik eta fruituak jasotzeko moduan dauden arte.
Gerezien plaga nagusiak Drosophila suzukii eta Rhagoletis cerasi dira. Horien aurka insektizidak edo tratamendu biologikoak erabiltzen dira (buztin zuria, baratxuri likidoa pulberizatzea edo Beauveria bassiana bezalako onddo entomopatogenoak botatzea)[8].
Produkzioa tonatan. 2009.
FAOSTATen datuak (FAO) | |
Turkia | 417.694 |
AEB | 390.000 |
Iran | 225.000 |
Italia | 116.200 |
Espainia | 96.400 |
Siria | 78.289 |
Errusia | 69.000 |
Errumania | 67.874 |
Uzbekistan | 67.000 |
Txile | 56.000 |
Frantzia | 53.577 |
Maroko | 43.577 |
Kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Le Temps des cerises langile mugimenduaren abesti iraultzailea izan zen denbora luzez; izenburu horrekin debekatuta egon zen hainbat herrialdetan.
Euskal Herrian Gerezi gorrien garaia liburuak Jarrai-Haika-Segiko gazteeen aurkakok epaiketaren kronika egiten du[9].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. Euskaltzaindiaren Hiztegia. .
- ↑ gastronomiavasca.net. Gereziak. .
- ↑ «Gereziaren festa, Itsasun» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-13).
- ↑ «La cereza de Etxauri, un producto con brillo especial» Amalur etxea 2016-07-29 (Noiz kontsultatua: 2020-03-13).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b Hernandez, Josu Narbarte. (2019-09-01). «Fruta aho-gozagarriak Erdi Aroaren amaierako Euskal Herrian» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-03-13).
- ↑ (Ingelesez) «Fruit: A History of Cherries» Hobby Farms 2016-01-18 (Noiz kontsultatua: 2020-03-13).
- ↑ a b «Cherry» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-13).
- ↑ «CTHS - L'Arboriculture fruitière» cths.fr (Noiz kontsultatua: 2020-03-13).
- ↑ www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «Gerezi gorrien garaia - Paul Asensio Millan» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-13).