Hans Reichenbach
Hans Reichenbach (Hanburgo, 1891ko irailaren 26a - Los Angeles, 1953ko apirilaren 9a) Alemaniako filosofoa izan zen. Fisikaren Filosofiako irakaslea izan zen Berlinen; 1933an, naziek aginpidea eskuratu zutenean, Turkiara erbesteratu zen eta Istanbulgo Unibertsitatean irakasle izan zen. Gero, Estatu Batuetara joan eta Kaliforniako Unibertsitateko irakasle izan zen. 1928an, beste batzuekin batera, Berlingo Taldea sortu zuen, filosofiaren eta zientziaren arteko harremanak aztertu nahi zituen zientzialari- eta pentsalari-taldea. Reichenbachek ezagutza zientifikoaren metodo gisa eta ondorioen kritika gisa ulertzen zuen zientziaren filosofia. Harentzat probabilitatea gertaldien maiztasunaren muga da. Teoria kuantikoaren hizkuntza sistematizatzeko hiru balioko logika proposatu zuen. Idazlanak: Philosophie der Raum-Zeit-Lehre (Espazioaren eta denboraren dotrinaren filosofia); Philosophic Foundations of Quantum Mechanics (Mekanika kuantikoaren filosofia hastapenak); Modern Philosophy of Science (Zientziaren filosofia modernoa).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.