Joaquín Ruiz-Giménez
Joaquín Ruiz-Giménez Cortés (Hoyo de Manzanares, Espainia, 1913ko abuztuaren 2a - Madril, 2009ko abuztuaren 27a) espainiar politikari, abokatu eta kazetaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ministro liberal baten semea zen. Oso gazterik hasi zen ikasle katolikoen taldeetan lanean, harik eta ikasle katolikoen lehendakari bihurtu zen arte. Frankismoaren garaian, buruzagi kristau-demokrata ezaguna izan zen. Besteak beste, Instituto de Cultura Hispánica (1946-1948) erakundearen zuzendari izan zen, eta Vatikanoaren enbaxadore (1948), 1953ko Konkordatuaren Elkarrizketetan. 1951n, Hezkuntza Nazionaleko ministro izendatu zuten. Oro har, erregimenarekiko ezadostasunak izan zituen, eta, ikasleekin gertaturiko gorabehera batzuen ondorioz, liskarrak izan zituen Gobernazioko ministroarekin. Gobernuari arazoak sortu zizkionez, kargutik kendu zuten 1956an. 1961ean, Francok Movimiento zelako mekanismoko aholkulari nazional izendatu zuen. 1963an, Cuadernos para el Diálogo aldizkaria sortu zuen, eta bera buruzagi zuten kristau-demokrata aurrerazaleen protestak kaleratzeko baliatu zuen diktaduraren azken urteetan.
1977ko hauteskundeetan emaitza onik lortu ez zuenez, bertan behera utzi zuen politika, baina herritarren defendatzaile izan zen 1982tik 1988ra.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.