Juri Knorozov
Juri Valentinovitx Knorozov (errusieraz: Юрий Валентинович Кнорозов; Kharkiv, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, 1922ko azaroaren 19a - San Petersburgo, Errusia, 1999ko martxoaren 30a) sobietar hizkuntzalaria, epigrafista, etnologoa eta maiazalea izan zen.[1] Maien idazkera sistema argitzen izan zuen eginkizunagatik nabarmendu zen (ikus, maien idazkera).
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juri Knorozov intelektualen familia batean jaio zen. 1939an Kharkiveko Unibertsitateko Historia Fakultatean ikasten hasi zen. 1941ean, Bigarren Mundu Gerran zehar, Hirugarren Reichak Kharkiv okupatu zuen. 1943an nazien okupaziotik alde egitea eta Moskura iristea lortu zuen Moskuko Estatu Unibertsitatean ikasketak jarraitzeko asmoz. Handik gutxira, Armada Gorrira deitu zuten.
Bigarren Mundu Gerran
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondorioz, Knorozovek 1941ean ikasketak eten behar izan zituen Bigarren Mundu Gerra Ekialdeko Frontera hedatu zenean. 1943 eta 1945 bitartean Knorozovek Armada Gorrian zerbitzatu zuen artilleria-behatzaile.
1945eko maiatzean, gerra bukatzear zegoenean, Knorozovek eta bere unitateak Armada Gorria Berlinera aurreratzen lagundu zuten. Berlin hirian bertan, Berlingo guduaren ondoren, Knorozovek maien idazkera argitzeko interesa piztu zion liburua halabeharrez aurkitu zuen.
Maien idazkeraren inguruko ikerketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1948an graduatu zen Moskuko Estatu Unibertsitatean. Knorozovek behin adierazi zuen:
« | Ez dago idazkera deszifraezinik, gizakiak sortutako edozein idazkera sistema gizakiak irakur dezake. | » |
Sergei Aleksandrovitx Tokarev maisuak adierazpenak probatu ahal zituen galdetu zionean, Knorozovek baiezkoa eman zion. Ondorioz, maien glifoak ikertzeari ekin zion, garai hartan ulergaitzak zirenak. 1955ean Historia Zientzietan doktorea lortu zuen arlo horretan egin zituen ikerketengatik.
1952an Knorozovek Sovietskaia Etnografia aldizkarian argitaratu zituen maien idazkera argitzen egin zituen ekarpenak Drevniaia pismennost Tsentralnoi Ameriki (errusieraz: Древняя письменность Центральной Америки, Erdialdeko Amerikako Idazkera Zaharra) izenburuko artikuluan. Bertan adierazi zuen antzinako maiek idatzitako glifoak logogramez eta zeinu fonetikoez osatuta zeudela, zeinean glifo bakoitzak kontsonante-bokal konbinazio bat adierazten baitzuen; hau da, silaba bat. Knorozovek ondo suposatu zuen kontsonante-bokal-kontsonante konbinaziodun hitz maia bat bi glifoekin irudikatzen zela, eta bigarren glifoaren amaierako bokala ahoskabetzen zela. Adibidez tzu eta lu glifoekin osatutako hitza tzul ahoskatzen zen, eta hitz horrek zaldun esan nahi du maien hizkuntzan.
Eric S. Thompsonek, garai hartako maiazalerik errespetatuenak, Knorozoven ekarpenen aurka egin zuen. Knorozovek berak onartu zuen deszifratu zituen gauzetako batzuk Cyrus Thomasek egin zituela XIX. mendean. Hala ere, Thompson antikomunista sutsua zenez, Knorozoven lana propaganda komunistatzat eta falazia zientifikotzat kalifikatu zuen. Thompsonen iritzi okerra 1975. urtera nagusitu zen, hil zen arte. Thompsonen jarraitzaileek ere, garai hartan maiazaleen komunitate zientifikoaren gehiengoa osatzen zutenak, Knorozoven ekarpenak baztertu zituzten. Bakarrik David H. Kelley eta Michale D. Coe estatubatuarrek onartu zuten Knorozoven metodoa egokia izan zitekeela. Azkenean, Linda Schele, David H. Kelleyy, Peter Mathews, Merle Greene eta Floyd Lounsbury epigrafistek Knorozoven metodo fonetikoa aplikatu zuten eta ondorioz Palenque gobernatu zuen dinastiaren historia deszifratzeko gai izan ziren.
1991ean maien lurraldea bisitatu ahal izan zuen lehen aldiz Guatemalan Galina Jerxova doktorearekin, baina herrialdetik alde egin behar izan zuten herio-mehatxuak jaso ondoren. 1994an Quetzalaren Ordena jaso zuen Guatemalan. 1995ean Arrano Aztekaren Ordena jaso zuen Mexikon.
1999ko martxoaren 30ean hil zen San Petersburgon ospitalean harrapatu zuen neumonia baten ondorioz, garun-isuri baten ondorioz ospitaleratu eta gero.