Edukira joan

Katalina Aragoikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Katalina Aragoikoa

Ambassador of the Kingdom of Spain to the Kingdom of England (en) Itzuli

1507 -
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakCatalina de Aragon y Castilla
JaiotzaAlcalá de Henares1485eko abenduaren 16a (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Espainia
HeriotzaKimbolton Castle (en) Itzuli1536ko urtarrilaren 7a (50 urte)
Hobiratze lekuaPeterborough Cathedral (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: heart cancer (en) Itzuli
Familia
AitaFernando II.a Aragoikoa
AmaElisabet I.a Gaztelakoa
Ezkontidea(k)Arthur, Prince of Wales (en) Itzuli  (1501eko azaroaren 14a -  1502ko apirilaren 2a)
Henrike VIII.a Ingalaterrakoa  (1509ko ekainaren 11 -  1533ko ekainaren 2a)
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaTrastamara leinua
Tudor etxea
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako gaztelania
Old Catalan (en) Itzuli
ingeles ertaina
Erdi Aroko aragoiera
Jarduerak
Jarduerakdiplomazialaria, aristokrata eta Erregina ezkontidea
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
katolizismoa
Erlijio-ordenaThird Order of Saint Francis (en) Itzuli

Find a Grave: 6943310 Edit the value on Wikidata

Katalina Aragoi eta Gaztelakoa edo Katalina Trastamarakoa (Alcalá de Henares, Espainia, 1485eko abenduaren 16a - † Kimbolton, Ingalaterra, 1536ko urtarrilaren 7a). Aragoi eta Gaztelako Infanta, Ingalaterrako erregina izan zen Henrike VIII.aren emazte bakarra garaiko kristauentzat, eta sei emazteez osatutako zerrenda bateko lehena erregearen iritzian jartzen zirenentzat. Henrikek, 24 urteko ezkontza anulatzea lotu zuen Katalinaren kortesana zen Ana Bolenarekin enkapritxatu zelako eta erreginak semerik ematen ez ziolako.

Aragoiko eta Gaztelako Infanta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1485eko abenduaren 16an jaio zen Alcalá de Henaresen (Madrilgo Erkidegoa, Espainia). Fernando II.a Aragoikoaren eta Elisabet I.a Gaztelakoaren (Errege-erregina Katolikoak) alaba gazteena zen Katalina.

Errege-erregina Katolikoen alaba hau zen Elisabeten antza gehien zuena: ilegorria, begi argikoa, ausarta eta argia. Zalantzarik gabe, Katalinak dohain intelektual eta moral apartak zituen. Katolizismoan hezia, hezkuntza zaindua jaso zuen, etorkizunean erregina izan zitekeenaren baten parekoa, dantza eta musikaz gain, iberiar penintsulako hizkuntza erromanikoak frantsesa, ingelesa eta latinera ikasiz.

6 urte zituenean, bere gurasoek Granada hartu zuteneko hura ikusteko aukera izan zuen eta hantxe geratu zen bizitzen urte batzuetan Errege-erregina Katolikoekin batera. Urteak pasatu ziren eta familiak Granada utzi eta Santa Fera joan zen. Munduko potentzia zen Espainia Frantzia inguratzeko ahaleginetan zebilen eta, horretarako, 5 ezkontza burutzeko asmoak gauzatzen hasi ziren: Joan eta Joana Habsburgotarrekin, Elisabet eta Maria Portugalgo koroara joango ziren, eta Katalina, oraindik haurra zela, Galesko printze Arturorekin (Tudor dinastiako Henrike VII.aren semea) ezkontzeko hitzeman zuten.

Galeseko Printzesa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, 1489ko martxoaren 26an, Errege-erregina Katolikoek Medina del Campoko ituna sinatu zuten eta Katalina Galeseko Arturo printzearekin prometitu zuten, Ingalaterrako Henrike VII.aren seme zaharrena. Katalinari tristura handia eman zion Alhambra atzean uzteak, gaztelu gorrian igaro baitzituen haurtzaroa eta nerabezaroa. 1501eko abuztuaren 17an, hamabost urte zituenean, A Coruñatik irten zen, Ingalaterrara joateko xedean, baina Bizkaiko golkoan ontziak arazoak izan zituen eta Laredon geratu beharrean izan ziren. Irailaren 27an irtengo ziren handik.

Hilabete itsasoan eman ondoren, Katalina Plymouthera iritsi zen eta Batheko gotzainak eman zion ongietorria Plymoutheko portuan, printzearen ordez.

Azaroaren 14an ezkondu zuten, Londresko San Paulo katedralean, ezagutu berri zuen Arturo gazte, gaixoti eta ahularekin. Aitaginarrebari inpresio handia egin zion eta Galeseko printzea eta Katalina Shropshireko Ludlow gaztelura joan ziren Galeseko kontseiluaren buru izateko. Handik hilabete gutxira, 1502ko apirilaren 2an, Arturo printze gaztea hil egin zen, izerdiaren sukarra izenez ezagutzen zen gaitz baten ondorioz, printzesa alargun eta birjin utzi zuelarik.

Bi koroak urduritu ziren, dote garesti bat galduko zutelako espainiarrek eta frantsesen aurka egiteko aliatu indartsua behar zutelako ingelesek. Henrike VII.a bera alargunduta zegoen eta aukera hori ere begiratu zuten, baina, azkenean, printzesa alarguna eta hurrengo oinordekoaren arteko ezkontza hasi ziren negoziatzen, 11 urte zituen Henrike printzea, Arturoren anaia. Katalinak, senarra gaztea zela eta, beti gaixo egoten zenez, sekula ez zutela ezkontza kontsumatu deklaratu zuen eta Julio II.a aita santuak dispentsa bat zertifikatu zuen Henrike gaztearekin ezkontzea ahalbidetzeko.

Ingalaterrako Erregina ezkontidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1509an, Henrike VII.a hil zen eta haren seme Henrike gazteak hartu zuen koroa, Henrike VIII.a izena hartuz. Handik bi hilabetera, ekainaren 11n, 7 urtez zain egon ondoren, Katalina berriz ezkondu zen Grey Friarseko kaperan eta 1509ko ekainaren 24an erregina koroatu zuten. Katalinak 23 urte zituen, erregeak 18 bete berriak zituen bitartean. 1509ko ekainaren 24an izendatu zuten Ingalaterrako erregina.

Bai Galeseko printzesa, bai Ingalaterrako erregina bezala, herriak Katalina maite zuela zirudien. 1513an Henrike Frantzia inbaditzea joan zenean, bera izan zen erregente papera izan zuena eta, 1513an, zaldi gainean joan zen Eskoziako erregearen bila, garaipena lortuz eta errege haren heriotza erdietsiz. Ordurako, Katalinak hila jaio zen neskatxa bat izan zuen eta, oinordekoa izan bazuen ere, hau hil egin zen.

Henrikek desleialtasunak izaten zituen arren, senar-emazteak zoriontsu izan ziren 18 urtez, baina, denboraren joanean, Henrike VIII.a oinordeko faltarekin kezkatzen hasi zen. Hauek izan ziren Katalinaren haurdunaldiak:

  • 1510ean, seme bat izan zuen eta jaio eta berehala hil zen.
  • 1511ko urtarrilaren 1ean, Henrike jaio zen, Galeseko printze berria. Jaio eta 52 egunetara hil zen.
  • 1513an abortu bat izan zuen.
  • Handik gutxira semea izan zuen, baina jaio eta berehala hil zen.
  • 1516an, Maria I.a Ingalaterrakoa (izengoitiz Bloody Mary) erregina (1553-1558) izango zena, eta 1558an hilko zena jaio zen.
  • 1518an, beste abortu bat izan zuen.

Seme bat izatea ezinbestekoa zen Henrike VIII.arentzako. Tudor dinastia berria zen eta bere legitimitatea ez zegoen ziurtatuta. Erregina batek ez zuen ezartzen lagunduko.

1520an, Katalinaren iloba alahalguztiduna zen Karlos V.a, Erromatar Germaniar Inperio Santuaren enperadorea eta Karlos I.a Espainiakoa zena, Ingalaterran izan zen eta erregina bere aliantza irabazi nahian hasi zen. Enperadoreak alde egin bezain pronto, 1520ko maiatzaren 31n, erreginak erregeari lagundu zion Frantziaraino, Frantzisko I.a bisitatuz. Hala ere, handik 2 urtera, Frantziari gerra deklarazioa egin zioten eta enperadorea berriz etorri zen bisitan Ingalaterran, Maria printzesaren ezkontzaren planak egiteko, beste gauza batzuren artean.

Henrike VIII.aren emazteak. Lehenengoa da Katalina

Ezkontzaren baliogabetasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hartarako, Henrike VIII.a Ana Bolena izeneko gortesau frantses batekin maiteminduta zebilen eta, 1527an Eliza Katolikoari ezkontza deuseztatzeko eskatu zion, koinaten arteko ezkontza ilegala zelaren aitzakiaz. Klemente VII.ak, hasiera batean, ados zegoela zirudien, baina ezezkoa eman zuen Katalinaren ezkortasunagatik eta Karlos V.a enperadoreak egin zizkion presioegatik.

Maria Tudor, Henrike VIII.ak eta Katalina Aragoikoak izan zuten alaba

Protestantismoa puri-puri zegoen hartan, Aita Santuaren aginte ahalguztiduna kuestionatzen hasi zen. Azkenean, Henrike Ana Bolenarekin ezkondu zen 1533ko urtarrilaren 25ean, andregaia dagoeneko Elisabet I.aren haurdunaldian zegoenean jada. Thomas Cranmer Canterburyko artzapezpikuak Katalinaren ezkontza anulatu zuen 1533ko maiatzaren 23an eta Henrike VIII.a Erromako Eliza Katolikotik aldentzen joan zen 1534an Ingalaterrako Eliza berriaren buru egin zen arte.

Azken urteak eta heriotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katalina Ampthill, Buckden eta Kimboltoneko gazteluan konfinatu zuten bat bestearen atzetik eta, 50 urte zituenean, hil zen, 1536ko urtarrilaren 7an. Ez zion sekula uko egin erret tituluari, baina Peterborougheko katedralean printzesa alargunaren hiletak egin zizkioten eta ez erreginarenak.

Peterborough eta Alcalá de Henares gaur egun hiri senideak dira eta urtarrilaren 29 oro, hiletaren urteurrenean, omenaldia egiten zaio Peterborougheko katedralean.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Katalina Aragoikoa Aldatu lotura Wikidatan