Klaus Barbie
Klaus Barbie | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Nikolaus Barbie |
Jaiotza | Alemaniar Inperioa, 1913ko urriaren 25a |
Herrialdea | Alemania Bolivia |
Heriotza | Pierre-Bénite eta Lyon, 1991ko irailaren 25a (77 urte) |
Hobiratze lekua | ezezaguna |
Heriotza modua | berezko heriotza: leuzemia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | ofizierra, war criminal (en) , torturatzailea, Gestapo employee (en) eta txakur-hazlea |
Enplegatzailea(k) | CIA Bundesnachrichtendienst Gestapo Counterintelligence Corps (en) |
Jasotako sariak | |
Zerbitzu militarra | |
Adar militarra | Waffen-SS |
Gradua | Hauptsturmführer (en) |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialista |
Klaus Barbie Altmann (Bad Godesberg, gaurko Bonn, Alemaniar Inperioa, 1913ko urriaren 25a - Lyon Frantzia, 1991ko irailaren 25a) SS-ko eta Gestapoko goi kargu bat izan zen erregimen naziaren garaian, II. Mundu Gerrako gerra eta gizateriaren aurkako krimenetan parte hartu zuena, Frantzian bereziki.
Estatubatuar zerbitzu sekretuek eta Ratline deiturikoak -II. Mundu Gerraren ondoren naziei ihes egiten laguntzen zien sistemak- libratu zuten atxiloketatik, haiekin kolaboratu baitzuen, eta Boliviara egin zuen alde. Mengele Brasilen bezala, eta Eduard Roschmann Paraguayn, hau era Hego Amerikan ezkutatu zen, han aukera hobeak baitzeuden hauentzat. Gainera, Gerra Hotzaren garaian, hegoamerikar gobernuak estatubaturrekin lerrokatu ziren antikomunistak izan ziren eta elkarlanerako deitu zieten hiltzaile hauei. Barbieren kasuan, boliviar gobernuak onura komertzial franko eskaini zion, baina ezegonkortasun politikoak 1983an Frantziara bidaltzea eraman zuen, epaitu eta biziarteko kartzela-zigorra esleitu ziotelarik. 840 pertsonen heriotza edo estradizioa leportau zioten, eskola katoliko batean ikasten ari ziren 41 haur judu haien artean edo Frantziako Vichyko erregimenaren aurkako erresistentziaren buru zen Jean Moulin[1].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klaus Barbie Bad Godesbergen, garai hartako Bonnen, jaio zen Alemaniar Inperioan, 1913ko urriaren 25ean. Aita Nikolaus Barbie izan zuen eta ama, berriz, Anna Hees, biak irakasleak. Klaus jaio eta urtebetera ezkondu zen bikotea. Aita larri zaurituta itzuli zen I. Mundu Gerratik.
1934an, Treverisen egin zuen batxilergoa. Gero Gazte Hitleriarretako kide egin zen eta alderdi naziko tokiko buruzagiaren laguntzaile pertsonala izan zen. Barbiek ezin izan zuen unibertsitatera joan, aita hil ondoren, etxean ez baitzegoen ikasketak ordaintzeko biderik. Borondatez joan zen Reicharen Lan Zerbitzuaren kanpamentu batera 6 hilabetez, Schleswig-Holsteingo Reichsarbeitsdienst delakoan, eta, handik, III. Reicharen ideologian murgildurik itzuli zen erabat.
1935eko irailaren 26an, SS-etan (Schutzstaffel) sartu zen, 272.284 zenbakiarekin eta, 1935eko irailaren 29an, Sicherheitsdienst SEgurtasun Zerbitzuko (SD) zuzendaritza orokorrean eta baita Berlingo Gestapon ere[2].
1937ko maiatzaren 1ean, NSDAP alderdian sartu zen, 4.583.085 zenbakiarekin eta, 1940ko apirilaren 20an, Untersturmführer egin zuten.
1941ean, II. Mundu Gerran, jada, IVB4 sekziora bidali zuten Barbie, Amsterdamera eta, 1942ko maiatzean, berriz, Lyonera, Frantziara. Hemen, tokiko Gestaporen buru, ezarri zioten Lyongo harakina ezizena. Frantzian bakarrik, bere taldeak 7.500 pertsona bidali zituen kontzentrazio-esparrura, 4.432 erail eta Erresistentziako 14.311 kide atxilo hartu eta torturatu zituen[3].
Gerra ondorena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemaniar armada Lyondit atera zenean, Barbie Alemaniara itzuli zen nortasun faltsu baten atzean ezkutaturik. Hasiera batean, cabaret bat gidatu zuen Munichen eta aurrerapausoak egin zituen merkatu beltzean. Gero, AEBetako armadaren kontraespioitza zerbitzuek babestu zuten eta haientzako egin zuen lan Alemanian 1947tik 1951ra, komunismoaren aurkako ekintzetan. Frantsesak estradizio eskaerak egin zituzten behin baino gehiagotan eta amerikarrek ez zutela haren egoitza ezagutzen deklaratu zuten, baina, badaezpada ere, Boliviara aldatu zen. Estatubatuar zerbitzu sekretuek antolatutako ratline bat erabili zuen horretarako
Barbie, emaztea eta bere bi seme-alabak 1955ean iritsi ziren Boliviara. Altman abizena erabili zuen bere ezkutatzeko eta aroztegi bat gidatzen egin zuen lan La Pazen. Geroago, kininaren komertzializazioan egin zuen lan eta inguruko herrialdeetako nazi ohiekin hasi zen lanean. 1964ko estatu-kolpearen ondoren, Barrientosen diktaduraren garaian, Compañía Transmarítima Boliviana itsas-konpainiaren gerente izendatu zuten; 1967an, Barrientosek berak sortutako enpresa zen, kapital publiko eta pribatuak tartean, eta arma trafikoa ezkutatzen zuen diktaduraren zerbitzuan.
1969an, Barrientos helikoptero istripu batean hil zen eta Barbieren zorteak okerrera egin zuen. 1971n, Transmarítimak kiebra egin zuen eta Barbiek Bolivia utzi eta Perura joan zen, Altmann abizenaren pean. Baina, prentsak atera zuen bere nortasuna eta Serge eta Beate Klarsfeld nazi-ehiztariak aurkitu egin zuten, gaur escrache deritzon taktikari ekin zioten. Inguratuta, Boliviara itzuli zen, Hugo Banzer (1971-1978) eta Luis García Meza Tejadaren (1980-1981) diktadurak babesturik. Horiek ezartzeko estatu-kolpeetan ere parte hartu zuen.
1974an, Frantziak Barbieren estradizioa eskatu zion Boliviari. Ezezkoa jaso zuen, hala ere.
Luis García Meza Tejadaren diktaduraren garaian, Barbiek errejimenaren alde egingo zuten talde biolento paramilitarren antolaketaren ardura izan zuen.
1982an aldatu zen onuraz beteriko egoera hura, zentru-ezkerreko gobernu demokratikoa iritsi zenean herrialdera. 1983ko urtarrilaren 25ean, Siles Suazo lehendakariak atxilotu berri zen Barbie deportatu zuen Frantziara[4]. Urte berean hil zion minbiziak Regina emaztea, La Pazen.
1983an egin zioten elkarrizketa batean, hauxe esan zuen Gustavo Sanchez Salazar Boliviako Barne ministroak:
« | Haren erruz, bizitzak galdu ditu nire herrialdeak. Hark ekarri zituen berriro tortura metodoak. Europako bere gerra Boliviako lurraldera lekualdatu zuen Barbiek.[2] | » |
Epaiketa, kondena eta heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1987ko urtarrilean hasi zen epaiketa Lyonen. Barbiek bazituen, jada, bi heriotza-zigor Bolivian ezkutatuta egon zen bitartean (1952an eta 1954an, Frantzian), baina Vichyko erregimenean gertaturiko gerra-krimenak 20 urtera preskribatzen zuten eta populazio zibilak deportatzeagatik bakarrik epaitu zuten:
- Izieun, kolonia batean errefuxiatuta zeuden 44 haur judu[2].
- Lyongo Frantziako Israeldarren Batasun Orokorraren egoitzean zeuden 80 pertsonen atxilotze eta deportazioa.
- Azken trena deritzona. Lyonera aliatuen tropak iritsi baino egun batzuk lehenago, 300 eta 600 arteko pertsona deportatu zituzten.
Epaiketa filmatzeko baimena eman zen, balio historikoa zuela-eta. Barbiek kargu guztiak ukatu zituen. Azkenean, uztailaren 4an, biziarteko kartzela-zigorra esleitu zioten gizateriaren aurkako krimenak zirela-eta. Handik 4 urtera, presondegian zegoela, 1991ko irailaren 25ean, leuzemiak hil zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ http://www.argia.eus/fitx/pdf/Verges_Argia_1987.pdf
- ↑ a b c https://web.archive.org/web/20160916112034/http://www.berria.eus/paperekoa/1483/018/005/2011-02-01/harakina_mendebaldearen_iritziz.htm
- ↑ https://web.archive.org/web/20160708091131/http://www.muyhistoria.es/curiosidades/preguntas-respuestas/iquien-fue-el-carnicero-de-lyon
- ↑ http://elpais.com/diario/1983/01/27/internacional/412470009_850215.html
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Klaus Barbie |