Edukira joan

Koldobike Gezala Sagarzazu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Koldobike Gezala Sagarzazu

Bizitza
JaiotzaLezo1917ko abenduaren 7a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza2002ko urriaren 17a (84 urte)
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpilotaria
Izengoitia(k)Luisa, Luisa eta Guesala
Koldobike Gezala, Udal Pilotalekua.Lezo
Erraketistak. Eskubitik lehena Koldobike Gezala.

Sorne Garbiñe Koldobike Gezala Sagarzazu (Kollo) (Lezo, Gipuzkoa, 1917ko abenduaren 7a - Ibidem 2002ko urriaren 17a) erraketista profesionala izan zen. Luisa, Luisita eta Guezala izengotiekin jokatu zuen, 15 urtez, aurrelari postuan, Salamanca, Logroño, Donostia, Bartzelona, Santa Cruz Tenerifekoa, Las Palmas Kanaria Handikoa eta Valentziako frontoietan.[1]

Kale Nagusiko 19. zenbakian jaio zen Koldobike. Gurasoak, Indioneko Florencio “Pontxio” Gezala eta ama, berriz, Kabitte-Aundiko Barbara Sagarzazu zituen. Bederatzi anaia-arrebetan zazpigarrena zen Koldobike, aurretik Irene, Regino, Luis, Luke, Miren, Elixabete zituen eta bera baino gazteagoak, berriz, Polentzi eta Xabin Koldobike Gezala

Haurtzaroa herriko beste edozein neska-mutilen antzekoa izan zuen. Hasieran eskola nazionaletara edota goiko eskoletara (lehen esaten zitzaien gisa) joan zen oinarrizko ikasketak egitera eta ikasketetan etxeko senide zaharragoen laguntza izan zuelako, irakurtzen zekiela hasi zen eskolan. Etxean, aitarengandik hasita, denek zekiten musika; kantariak eta dantzariak ziren guztiak; eta musika-tresna joleak gehienak. Erraketista, ordea, bera bakarra.[2]

Oinarrizko ikasketak burutu eta 15 urte betetzear zituela, bere ahizpa Mireni (Lezoko gerraurreko lehen ikastolaren sortzailea berau) eskolan lagunduz ikasleei irakurtzen eta idazten irakasten eta gero, beste ahizpei ere josten lagunduz ari zela, gerra zibila sortu eta familia osoa ihes egin beharrean aurkitu zen.

Lehenik Bilbora, ondoren Santanderra eta gero 1938an Salamancan bukatu zuen. Bertako frontoian sartu eta afizioa areagotzearekin batera partiduak ugalduz, sekulako erakustaldiak eginez. Bartzelonan bertan zazpi frontoi omen ziren emakumeentzat soilik. Beti neskak nesken aurka jokatuz.

Erraketista ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasualitatea bada ere, Kollo jaiotako urte berean sortu zuten emakume erraketisten jokoa 1917ko urtarrilaren 4ean. Berak zioenez, nerabezarora iritsitakoan erabaki zuen pilotari izan nahi zuela.

1938an kantxaratu zen eta 1953ra arte ekin zion erraketista ibilbideari. Salamancako Tormes frontoian,[3] Logroñoko Beti-Jain, Donostiako Gross frontoian, Santa Cruz Tenerifeko Tenerifen, Las Palmas Kanaria Handiko Las Palmas frontoian, Valentziako Chiquin eta Bartzelonako Txiki-Alai/Chiqui Alai eta Barcelona/Cataluña/Deportivo frontoietan jokatu zuen. Bere ibilbideko Frontoietako guztietatik harroen sentitzen zena, Valentzian egindako denboraldiaz agertzen zen, dudarik gabe, bertan garaipena lortu zuelako.

Azkenik, fama eta sona handiegien eraginez, gaixotu eta 1953an 36 urte betetzear zelarik dena bertan behera utzi eta erretiroa hartu beharrean aurkitu zen.

Bere erraketista garaian bizipen ugari izan zituen eta xehetasunez azaldu zizkion Agustina Pontesta lezoar kazetariari[4]

Emakume kirolari antzindariak izan ziren erraketistak. Arrakastaz beteriko hiru edo lau hamarkada bizi izan zituzten. 1940ko eta 1950eko hamarkadak izan ziren erraketisten urrezko aroa. Bartzelonan eta Madrilen zazpina frontoi zeuden orduan. Erraketisten historia, orain arte nahiko isilik egon bada ere, esanguratsua izan zen oso. Hego Euskal Herriko 47 herritako 237 erraketista profesional daude zenbatuta. Zenbaki garrantzitsua da eta gainera, 1940. hamarkadako estatistiken arabera, emakume lizentzia gehiago zeuden gizonenak baino. Garaiko emakume aurreratuak izan ziren, familia eta herria utzi eta lanera alde egin zutenak. Beren ibilbidearen berri, aitzitik, inork gutxik izan du oraintsu arte. Azken urteotan aldiz, hainbat erakusketa eta omenaldi ari dira antolatzen erraketisten jaioterrietan.[5]

  • 2018an Emakume Erraketisten inguruko erakusketa antolatu zen Lezoko Kultur Aretoan eta Mendekoste jaien bezperan, dokumental bat eskaini zen emakume aitzindarien omenez.[6]
  • 2018an Lezoko frontoiari "Koldobike Gezala" izena jarri zioten.[7][8][9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Sorne Garbiñe Koldobike Gezala Sagarzazu Luisa» datubasea.raketistak.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  2. lezokoportua. «Koldobike Gezala» Lezoko Portua (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  3. «Guezala F. Tormes-en argazki muntaia | Raketistak» datubasea.raketistak.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  4. Pontesta, Agustina. Koldobike Gezala and. Lezoar pilotaria. Haurtzarotik gaztarora. Lezoko udala, 19-23 or..
  5. Garmendia, Lander Muñagorri. «Ahaztutako erraketistak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  6. «Emakume Raketistak: lehen eta orain | Lezo.eus» www.lezo.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  7. «El frontón pasa a denominarse Koldobike Gezala» El Diario Vasco 2018-09-15 (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  8. «koldobike gezala Aloak» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  9. lehenetsia, Gune. (2018-09-12). «Koldobike Gezalak eta Josetxo Etxandik frontoia izango dute Lezon» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]