Puritanismo
Puritanismoa XVI. mendearen bukaeran eta XVII. mendearen hasieran Ingalaterran sortutako doktrina protestante erradikala izan zen. Ingalaterran nagusi izan zen XVII. mendean urte batzuetan, eta Ipar Amerikako kolonietan zabaldu zen, geroago Estatu Batuetako ipar-ekialdea izan zen lurraldean. Puritanismoaren xedea Eliza Anglikanoa guztiz eraberritzea zen, jatorrizko kristautasun garbia aldarrikatuz, eta Biblia hartuz doktrinaren legezko iturri bakartzat. Jakue I.aren (1603-25) gobernuak eraso egin zion puritanismoari, eta puritano asko Holandara erbesteratu ziren, lehendabizi, eta gero Amerikara. Plymouth, Massachusetts, Connecticut eta beste kolonia batzuk sortu zituzten. Ingalaterran puritanismoak indar handia izan zuen 1640-1660 artean, baina 1660an, erregetza berriro ezarri zenean, puritanismoak gainbehera egin zuen. Amerikan denbora luzez iraun zuten indarrean puritanismoaren ideiek. Puritanoek demokrazia-iturritzat azaldu zuten puritanismoa eta politikara zabaldu zituzten beren ideiak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.