Paul Hindemith
Paul Hindemith (Hanau, Alemania, 1895eko azaroaren 16a - Frankfurt, Alemania, 1963ko abenduaren 28a) alemaniar musikagile eta teorikoa izan zen.
Biografia
aldatuFrankfurteko Operako orkestrako zuzendaria izan zen 1915etik 1923ra, eta, aldi berean, biola jotzen zuen Amar deituriko laukotean.
Donaueschingen eta Baden-Badengo musikaldietan aurkeztu zituen bere lehen obrek arrakasta izan zuten (1922-1929). Konposizio-irakasle izan zen Berlinen (1927), baina Alemaniatik ihes egin behar izan zuen, bere obra arte endekatuaren zerrendan ezarri baitzuen nazismoak.
Suitzan eta Ankaran bizi ondoren, AEBetan hartu zuen bizilekua (1939), eta Yaleko Unibertsitateko irakasle izan zen. 1951n Europara berriro itzulirik, konposizio-irakasle izan zen Zuricheko Unibertsitatean.
Hasieran Schoenbergen eragina izan bazuen ere, laster bere bideari ekin zion. Maisua baino melodiaren zaleagoa zen, eta egitura polifonikoa erabili ohi zuen. Tradiziozkoa arbuiaturik, berezko erresonantzia harmonikoetan oinarritu zuen Hindemithek harmonia.
Obra
aldatuObra oparoa utzi zuen, genero guztietakoa. Opera-alorrekoak: Mörder, Hoffnung der Frauen (1921, Hiltzailea, emakumeen esperantza); Cardillac (1926 eta 1952); Hin und Zurück (1927, Joan eta etorri); Mathis der Maler (1934, Matias pintorea). Balleterako musika: Nobilissima visione (1938), Herodiades (1944). Hainbat lieder idatzi zituen, eta oratorio bat: Das Unaufhörliche (1931, Betierekotasuna). Tresnetarako musikaren alorrean lan ugari utzi zuen, bai kontzertuak bai ganbera-musika. Sinfonia-musika: Lehen sinfonia; Eraldakuntza sinfonikoak (1943); Harmonia der Welt (1951, Munduko harmonia).
Musikaren teoriaz ere idatzi zuen: Musika-perpauserako sarrera (1937-1948), Harmonia-ikaslearentzako lanak (1946).
Kanpo loturak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paul Hindemith |
- (Alemanez)(Ingelesez)(Frantsesez) Paul Hindemith Fundazioaren webgunea
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.