Ipar Buru Batzarra
Ipar Buru Batzarra edo IBB Euzko Alderdi Jeltzaleak (lurralde honetan EAJ-PNB sigla erabiltzen duenak) Ipar Euskal Herrian duen herrialde-erakundea da, 1990ean sortua.
Egoitza Baionako Thiers karrikako 25 zenbakian du. Lema hilabetekaria argitaratzen du.
Aliantzak
Oro har Ipar Euskal Herriko talde abertzale guztien batasuna bultzatzeari uko egiten dio eta Abertzaleen Batasuna alderdian edo Euskal Herria Bai hauteskunde-plataforman ez du parterik hartu. Horretarako ematen duen arrazoi nagusia Batasuna edo ezker abertzalearekin bat egin nahi ez izatea bada ere, beste talde abertzaleekin ere ez du elkarlan-dinamikarik bultzatzen; adibidez 2009ko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan nahiz eta Batasunak EHA zerrendaren alde eta ABk Europe Écologieren alde jo, EAJk Euskadi Europan zerrenda propioa aurkeztu zuen.[1] Abertzaleak batzearen kontrako ildo horrek barne arazo batzuk ekarri zizkion Ximun Haran bezalako militante historiko batzuekin.
Herri mailan antzeko jarrera erakusten du eta salbuespen gutxirekin (nabariena Angeluko egoera berezia, non abertzale gehienak biltzen dituen Angeluzain elkartean parte hartzen duen[2]) ez du bat egiten gainontzeko talde abertzaleekin. Herriko Etxeetarako hauteskundeetan gehienetan eskuin edota "zentrista" frantseszaleek bultzatutako zerrendetan zenbait hautagai izatea negoziatzeko ohitura izaten du eta hala gertatzen da Urruñan, Baionan, Ziburun eta beste leku batzuetan. Horren ondorioz EAJko kide ezagun batzuk (Jean Telletxea, Iñaki Ibarloza...) Nicolas Sarkozyren UMPk eratutako zerrendetan hautetsi atera dira.[3][4]
Kantonamendu (Kontseilu Nagusia aukeratzeko) edota Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan berdin gertatzen da eta zenbaitetan zerrenda bereziak aurkezten ditu eta beste batzuetan alderdi frantseszale batzuen hautagaien aldeko botoa eskatzen du; eremu horretan urteetan UDF, Elgar-Ensemble edo MoDem alderdiekin harreman estuagoa izan du;[5] 2010eko kantonamendu bozetan bostetan hautagai propioak aurkeztuko ditu, Angelu Iparraldean Txaro Goikolea IBBko lehendakaria Angeluzainen hautagaiaren ordezkoa da eta besteetan MoDemen inguruan eratutako Forces 64 taldearenei edo "zentrista" batzuei bozkatzeko deia egin du.[6]
Lehendakariak
- Ximun Haran (1990-1996). Geroago EAJtik aldenduta, Ipar Euskal Herriko talde abertzale guztien batasunaren eta ABri bozkatzearen alde agertu zen.[7]
- Iñaki Ibarloza (2000).
- Ramuntxo Kanblong.
- Argitxu Noblia (2008).[8] Printzipioz Aitor Arandia Nobliaren semeak hartu behar zuen kargua baina lehendakaria izateari uko egin zion. Nobliak 2009ko uztailean kargua utzi zuen, alderdiaren politikarekin desadostasun batzuk zirela eta.[9]
- Txaro Goikolea (2009-2016).[10]
- Pako Arizmendi (2016-2020)
- Peio Etxeleku (2020-)[11]
Erreferentziak
- ↑ 2009ko hauteskunde-emaitzak.
- ↑ Angeluzain elkartearen webgunea.
- ↑ Telletxeari elkarrizketa Deian.
- ↑ Ibarloza Ziburuko Herriko Etxearen webgunean.
- ↑ 2008ko herri eta kantonamendu bozak Argian.
- ↑ Forces 64 eta EAJ 2010eko kantonamendu bozen harira[Betiko hautsitako esteka] Kazeta.infon.
- ↑ Ximun Haran Euskomedian.
- ↑ Argitxu Nobliaren aukeraketari buruzko albistea Berria egunkarian.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Nobliak kargua utzi zuenekoa Garan.
- ↑ Egungo IBB EAJren webgunean.
- ↑ https://www.eaj-pnb.eus/eu/artxibak/51174/ipar-buru-batzar-taldeko-burukide-berriak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Frantsesez)IBBren webgunea[Betiko hautsitako esteka]