Sorotan Bele
Sorotan Bele | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Hondarribia (Gipuzkoa) |
Musika mota | Folk-rock |
Taldekideak | |
Mikel Errazkin Mikel Izulain Gorka Sarriegi Urbil Artola Ixiar Amiano Rikardo Ritxi Salaberria Aitor Etxaniz (bateria) | |
Informazio gehigarria | |
Sorotan Bele Hondarribiko (Gipuzkoa) zelta musikako taldea da, 1992 urtean sortua. Folk-rock estiloko musika joz 1990eko hamarkadan Euskal Herrian ezagunak egin ziren. Zazpi taldekidez osatua zegoen.
Euskadi Gaztea maketa lehiaketaren irabazleak izan ziren eta lehen diskoa sortu eta urte batera atera zuten; 40.000 ale saldu zituzten. Azken kontzertua Irunen 1996ko azaroaren 30ean eman zuten.
Taldea
Euskadi Gazteak antolaturiko maketa lehiaketak egin zuen ezagun Sorotan Bele. Hondarribiko eta Lezoko zazpi gaztek (17-18 urte ingurukoak ziren gehienak) osatu zuten, 1992an: Gorka Sarriegi (ahotsa, gitarra), Mikel Errazkin (flauta), Ritxi Salaberria (baxua), Aitor Etxaniz (bateria), Ixiar Amiano (teklatuak, pianoa), Urbil Artola (ahotsa, gitarra) eta Mikel Izulain (biolina). Txomin Artola kantariaren etxean -Urbil haren semea da- grabatutako maketa batekin aurkeztu ziren aipatutako lehiaketara, eta sari nagusia irabazi zuten. Elkar diskoetxeak taldearen aldeko apustua egin aurretik, maketako hainbat kantu oso ezagunak ziren, eta taldekideak berak ere harrituta zeuden. Uste baino azkarrago gertatzen ari zen dena. Udako agenda kontzertuz beteta zeukaten diskoa argitaratu aurretik. Sorotan Bele (Elkar, 1993) udaberrian kaleratu zen, eta oso denbora gutxian izugarrizko oihartzuna izan zuen, "Arratsalde honetan", "Mariñelaren zai" eta "Zortzi orduko ekaitza" kantuei esker, besteak beste. Sorotan Beleren emanaldi kopurua are gehiago handitu zuen diskoak, eta urtebetean 20.000 ale saldu ziren.
Sarriegi eta Errazkin ziren taldearen buruak, musika eta hitzak sortzeaz arduratzen zirenak. Euskal folkaren esparrura hainbat berritasun ekarri zituen Sorotan Belek: Irlandako doinu eta harmonien aberastasuna, rockaren kadentziak eta freskotasuna. Osagai horiekin, adin guztietako entzuleekin bat egitea lortu zuen, rock taldeen nagusitasunari lehia eginez. Lehen disko hartan, Txomin Artolaren aholkularitza jaso zuten, eta Iker Goenaga trikitilariak ere parte hartu zuen diskoan, Joxe Mari Irastortzarekin batera.
Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztu zuen Sorotan Belek bere bigarren diskoa, Mundu hegian (Elkar, 1994), Festaroa 94 egitarauaren barnean. Mikel Errazkinek sortu zituen doinu guztiak, baita hitz gehienak ere. Hilabete batzuk lehenago jasandako buruko tronbosiaren ondorioz, txirula jotzeari eta zuzeneko emanaldietan aritzeari utzi behar izan zion Errazkinek, eta konposizioan jarri zuen arreta. Estilo aldetik aldaketarik ez badago ere, taldeetan ohikoa den bilakaera erakusten du diskoak: musikariak trebatuagoak dira, eta kantuak landuagoak. Halaber, soinua gogortzeko eta pop-rock aldera jotzeko joera ageri da. Diskoak ez zuen aurrekoaren zirrara sortu, baina, hala ere, "Sing-sing-ati-ko folk&rolla" eta "Jeckill doktorea" kantuek jendearengana iristeko taldearen gaitasuna baieztatu zuten.
Ia hastapenetatik taldea murgilduta zegoen zirimola baretzen hasi zen bigarren diskoa kaleratu eta gero. Kontzertu kopurua murriztu egin zen, eta hurrengo diskoa prestatzeko denbora gehiago hartu zuen taldeak. Hortaz, 1996ra arte ez zen iritsi hirugarren diskoa, eta, Elkarren ordez, Errazkinek sortutako Hirusta diskoetxeak kaleratu zuen. Jonen kezkak diskoan, pop-rock amerikarrera jo zuen taldeak, gitarrari protagonismo handiagoa emanez, eta Irlandako folkaren kutsua bigarren lerroan gordez. Kantuen konposizioa taldean landu zuten, baina Mixel Ducauren (Errobi, Zaldibobo) laguntza izan zuten. Hala ere, diskoak ez zuen oihartzun handirik izan, eta espero baino lehen, 1996ko urrian, desegin egingo zela jakinarazi zuen taldeak. Lau urtean hiru disko atera eta hamaika kontzertu eman ondoren pilatutako nekea eta talde barruko ardurak kanpoko zereginekin bateratzeko ezintasuna aipatu zituzten Sorotan Beleri azkena emateko arrazoien artean.
Donapaleun eta Bilboko Kafe Antzokian agurreko emanaldiekin hasi ondoren, 1996ko azaroaren 30ean eman zuen Sorotan Belek azken kontzertua, Irungo Amaia antzokian. Handik gutxira kaleratu zen bi urte lehenago Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako kontzertuaren bideoa. Sorotan Bele berriz elkartzeko aukeraz hitz egin izan dute taldekideek urte hauetan, baina oraingoz ez da horrelakorik gertatu.
Taldea desegin eta gero, Gorka Sarriegik bakarkako pop disko bat kaleratu zuen, Gorka Sarriegi (Hirusta Records); Ritxi Salaberriak hainbat taldetan parte hartu du (Orgasmic Toothpics, Zaldibobo, Bidaia, Samar, Los Del Gas...) eta musikari askorekin kolaboratu du (Amaia Zubiria, Pantxoa eta Peio, Mikel Markez...); Mikel Errazkinek hainbat disko kaleratu zituen, bai bereak eta bai beste artista batzuenak, Hirusta diskoetxean, harik eta 2008. urtean zendu zen arte.
Taldekideak
- Mikel Errazkin (tin whistleak eta flautak)
- Mikel Izulain (bibolina)
- Gorka Sarriegi (ahotsa eta gitarra)
- Urbil Artola (ahotsa eta gitarra)
- Ixiar Amiano (teklak eta pianoa)
- Rikardo Ritxi Salaberria (baxua)
- Aitor Etxaniz (bateria)
Hauez gain Gari ("Kirika"ren gidaria eta argazkilaria) eta Elena (taldeko teknikoa) ere taldekide bezala hartu daitezke.
Diskografia
- Sorotan Bele (Elkar, 1992)
- Mundu Hegian (Elkar, 1994)
- Victoria Eugenia antzokian, zuzenean (Larrazabal, 1996)
- Jon-en Kezkak (Hirusta Records, 1996)
Sariak
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Sorotan Bele» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- ↑ «Maketa Lehiaketa, 27. irabazlearen bila» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).