Edukira joan

Erle

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Erle
Erle arrunta (Apis mellifera) polena biltzen
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaHymenoptera
Baliorik ez Anthophila
Latreille, 1804
Familiak

Antofiloak (grekeraz: "loreak maitatzen dituztenak") edo erleak intsektu himenopteroen talde bat dira, Apoidea superfamiliaren barruan kokatzen direnak, baina ez inolako kategoria taxonomikoan. Erleek 20.000 espezie inguruko talde monofiletikoa osatzen dute. Iñurriek bezala, liztorretatik eboluzionatu zuten. Erleen arbasoak Crabonidae familiako kideak dira, eta intsektuen harrapakariak dira. Baliteke lehen erleak harrapakinen gaineko polen-aleez elikatu izana, eta haien kumeek apurka-apurka intsektuak harrapatzeari utzi eta polen-aleez elikatzen hastea.[1]

Erle-espezie asko oraindik ez dira identifikatu. Kontinente guztietan aurki daitezke, Antartikan izan ezik. Izan ere, magnoliofitoak edo angiospermoak diren loredun landareak hazten diren habitat guztietan aurkitzen dira. Polen eta nektarrez elikatzeko moldatuta daude. Gehienetan, polena larbak elikatzeko erabiltzen dute, eta nektarra, berriz, energia-material gisa. Espezierik ezagunena etxe-erlea edo erle arrunta da (Apis mellifera). Intsektu sozialak dira, hiru indibiduo klasek (erreginak, langileak eta erlamandoak) osatzen duten erladi deritzen kolonietan[2] bizi direnak. Langileak arduratzen dira koloniako eginkizun guztiez: habia eraiki, mantendu eta egurastu, janari bila joan, eta erregina etengabe erruten dituen arrautzak zaintzeaz.[2] Atezaintzaz ere arduratu behar dira; hori da erle langile gazteen (atezainen) azken egitekoa erlauntzez kanpoko lanetan hasi aurretik. Erladiaren zaintza dute helburu edozein eraso edo lapurretaren aurka.[3]

Hala ere, erle-espezie gehienak bakartiak dira, hau da, ez dute koloniarik osatzen. Erle bakartiak etxe-erleak ez bezala, bakarka bizi diren erleak dira. Edonork ikusi ditu erle bakartiak leiho-zuloan sartu-irtenean, sarritan beren gorputza polenez beteta. Beren habia indibiduala hosto, lurrez edo, egiten dute, errundako arrautzaren ondoan janaria ipiniz. Larbak handik jan eta jaioko da berak ere bizitza bakartia eramanez. Uste da Europan bakarrik 2.000 espezie edo badirela eta 20.000tik gora munduan.[3]

Erle erdisozialen talde bat ere badago, koloniak eratzeko ahalmena duena, adibidez, erlastarren taldea. Hala ere, erle erdisozialek osatzen dituzten koloniak ez dira etxe-erlearenak bezain handiak eta iraunkorrak.

Erleak liztor apoideotik bereizten dira haien gorputza estaltzen duten ileengatik. Erleen kasuan, ileak lumatsuak eta adarkatuak dira. Erle eme gehienek eskopak edo korbikulak deritzen organoak dituzte polena garraiatzeko. Normalean atzeko hanketan edo sabelalde bentralean kokaturik daude. Atzeko hego-zainen antolaketa ere desberdina da erleetan eta liztorretan. Emeetan sabelaldeko azken xafla dortsala bitan banatuta dago.[4]

Portaerari dagokionez, aipatzekoa da polena eta nektarra biltzen dituztela larbak elikatzeko. Funtzio hori betetzeko moldaera anatomiko eta fisiologikoak dituzte. Liztor batzuek ere har ditzakete horrelako jokaerak, hala nola poleneko liztorrek, Brachygastra generokoek edo camoatí liztorrek. Badaude larbak sarratsez elikatzen dituzten erle-espezieak ere.[5]

Indonesiako Megachile pluto erretxina-erlea tamainarik handieneko espeziea da. Emeak 39 mm-ko luzera izatera irits daitezke.[5] Meliponini tribuaren eztenarik gabeko erlea tamainarik txikienekoa da. Tribu horretako erle langileek 2 mm / 2 cm arteko luzera dute. [4]

Erle baten aurretiko bista

Erleak bi begi konposatu dituzte, buruko zati handi bat hartzen dutenak. Begien artean hiru begi sinple dituzte, argiaren intentsitatea hautemateko funtzioa dutenak. Antenak hamahiru segmentuz osatuta daude arretan, eta hamabi segmentuz osatuta emeetan. Zentzumen-organo anitz dituzte, hala nola kimiorrezeptoreak, eta usaimen- eta dastamen-organoak. Haizearen mugimenduak ere hautematen dituzte, eta horri esker, maiztasun txikiko soinuak entzun ditzakete. Ahoan pieza xurgatzaileak eta murtxikatzaileak dituzte. Gainera, mingain luze bat dute nektarra xurgatzeko[6].

Toraxa 3 segmentuz osaturik dago, eta bakoitzean hanka pare bat dute. Gainera, bigarren eta hirugarren segmentuek hego pare bana dute. Erle korbikulatuen aurreko hankek orraziak dituzte antenak garbitu ahal izateko. Espezie askotako erle emeek orrazi edo saskiak dituzte polena garraiatzeko. Hegoak batera mugitzen dira hegaldian zehar. Aurreko eta atzeko hegoak hego-kako bidez lotuta daude.

Sabelaldea eraldatuta dago, beste himenoptero apokritoetan bezala; lehen segmentuak bigarrenarekin bat egin, eta propodeoa eratzen du. Emeetan azken segmentua eraldaturik dago, eta eztena eman du. Etxe-erlean sabelaldea zazpi segmentuz osaturik dago.[6]

Arnasketari dagokionez, beste intsektuek bezala, erleek ez dute ahotik arnasten, ez dute birikarik, baizik eta gorputzean zehar zulo txiki (estigma deituak) batzuetatik hartzen dute arnasa. Estigmetatik hodiak (trakea izenekoak) abiatzen dira barnerantz. Trakeok hodi txikiagotan adarkatzen dira behin eta berriz, gero eta estuagoetan gorputzeko alde guztietara iritsiz. Azkenean, gasentzako iragazkorrak diren mintzak dituzte eta haietan barna egiten da O₂-aren eta CO₂-aren arteko trukea.[3]

Bereziki aipagarriak dira erlearen dastamena, entzumena, ikusmena eta espazioan orientatzeko gaitasuna. Bestalde, Garbizaletasuna ezaugarri genetikoa da erleen artean. Erle gazteen egitekoa izaten da erlauntza garbi mantentzea, baina ez dira erladi guztiak berdin izaten garbizale, ezaugarri genetikoa da. Zenbat eta garbizaleago den erladi bat, orduan eta gaixotasun gutxiago izaten du, gaixotasunez hildako larbak lehenbailehen kanporatuz kutsapena ekiditen dutelako.[3]

Erleen dastamen-organoa mihia da, pentsatzekoa denez. Edonork usteko du erleek gauza gozoekiko sentimen aparta izango dutela, baina ez da hala. Gizakiontzat gozoak diren zenbait azukre-kontzentrazio, erleentzat zaporegabeak dira; izan ere, eztiak % 20 soilik du ura eta azukre-kontzentrazio baxuko likidoak bilduz gero, itzelezko lana egin beharko lukete haiei hainbeste ur kentzen. Beraz, azukre-kontzentrazio altuko likidoak (% 40tik gorakoak) bakarrik zaizkie erakargarri.[3]

Entzumenari dagokionez, erleetan ez da ezagutzen entzumen-organo espezifikorik. Hala ere oso sentikor dira aire (antenen bidez) eta substratuaren (hanka-muturren bidez) bibrazioekiko. Esan daiteke, ordea, zerbait entzuten dutela, bestela ez da ulertzen nola erregina bat baino gehiago, jadanik heldutasunera iritsita, habiatik irteteko zain operkulua kenduta, hasten diren elkarri txioka, garrasi mehe baten antzekoak egiten, erreginen kantua deitua. Interpretatzen da elkarri mehatxuka aritzen direla. Gorrak balira, ez luke kantu horrek zentzurik.[3]

Ikusmenari dagokionez, erleek bi begi konposatu dituzte eta hiru begi bakun. Hiru begi bakunetatik (ozelo deituak) ez dute imajinarik jasotzen; argitasunaren intentsitatea nabaritzen dute eta begi bakun horien bidez argi polarizatua senti dezakete. Bi begi konposatuak, berriz, 6.000 begitxoz (omatidio deituak) osatuta daude bakoitza. Omatidio bakoitzetik jasotzen duen imajinaren bidez imajina bakar bat osatzen da zerebroan, mosaiko baten eran. Koloreen pertzepzioari dagokionez, gizakiaren parekoa dute bi salbuespenekin: kolore gorria ez dute ikusten eta ultramorea (guk ikusten ez duguna), berriz, bai.[3]

Orientatzeko ahalmen berezia du. Erleak erlauntzetik urruntzen direnean behar dute ahalmenen bat berriro gune berera itzultzeko. Erlea urrunetik erlategira eguzkiaren laguntzaz hurbiltzen da; behin erlategira hurbiltzen denean memoria topografikoaz baliatzen da: zuhaitzak, harriak, beste erlauntzak… Orientazioa bi mailatan bereizi daiteke, urrunekoa eta gertukoa:[3]

  • Urruneko orientazioa: Frogatu da erleak gai direla argi polarizatua hautemateko. Eguzki-argia atmosferatik igarotzean polarizatu egiten da, hau da, plano bakarrean bibratzen du. Gizakiok ez gara gai, tresneriarik gabe, argi polarizatua hautemateko, bai ordea erleak. Bibrazio-plano horren gidaritzapean konpontzen dira irten diren erlauntzera itzultzeko, baita zerua laino denean ere.[3]
  • Gertuko orientazioa: Behin erlauntzetik gertu direnean memoria topografikoaz baliatzen dira eta irten diren unera jotzen dute itsu-itsuan. Jokaera hori garrantzizkoa da erlezaintzako zenbait unetan eta erlezainak erabiltzen du larrean dabiltzan erleak berena ez den erlauntz batera bideratzeko. Alegia, demagun erladi ahul xamar bat duela erlezainak eta indar-kolpe bat eman nahi diola; indar handia duen erlauntz bat bere lekutik kendu eta haren tokian ahula jartzen badu, indartsuaren erle larrelariak erladi ahulean sartuko dira. (Alta! Operazio hau egiteko hainbat pauso eman behar dira, ezin da ero-ero egin).[3]

Erleen bizi-zikloa (erle sozialena zein bakartiena) hainbat etapak osatzen dute arrautzatik hasita. Larbak ez dauka hankarik, eta hainbat muda-alditatik pasatzen da. Azkeneko tamainara heldutakoan, pupa bihurtzen da. Pupa bihurtzeko, metamorfosia pairatzen du. Hegodun heldua pupatik sortzen da. Klima epeleko erle erdisozial eta bakarti gehienek negua pupa edo heldu estadioan igarotzen dute. Horiek udaberrian sortzen dira, landare asko loratzen hasten direnean, hain zuzen ere. Oro har, arrak emeak baino arinago sortzen dira, eta emeen bila jarduten dute, ugaltzeko. Erlastarren eta beste zenbait espezieren kasuan, ugaldutako emeek soilik gaindituko dute negua. Aurreko belaunaldiko ar guztiak hil egingo dira negua iritsi bezain laster.

Haplodiploidia sistemak erleen sexua determinatzen du. Ernaldutako arrautzetatik emeak sortuko dira eta ernaldu gabekoetatik arrak. Estali ostean, erle emeak esperma gordetzen du, eta zein arrautza ernalduko duen eta zein ez kontrola dezake. Erle tropikalek, beste klimetako erleek ez bezala, belaunaldi bat baino gehiago eduki dezakete urtean diapausa egoeratik igaro gabe. [7][8][9]

Arrautza, oro har, luzanga, pixka bat kurbatua, eta mutur zorroztuna da. Erle bakartien kasuan, arrautza bakoitza polen-nektar nahastearekin hornitutako gelaxka hexagonal bakoitzean uzten da. Habia lurzoruko edo egurreko zuloa izan daiteke. Erle sozialek, aldiz, mailakako elikadura egiten dute, hau da, larbak elikagaiak jasotzen ditu garapen osoan zehar. Erlastarren, eztenik gabeko erleen eta etxe-erleen habiek abaraskadun egitura konplexuak eduki ditzakete.[6]

Oro har, larbek zizare zurixken antza daukate, pixka bat obalatuak dira eta 15 segmentu dituzte. Segmentu bakoitzean arnasketarako espirakuluak dituzte. Nahiz eta hankarik ez duten, ertzetako tuberkuluak erabiliz, gelaxka barrutik mugi daitezke. Buruan adar txikiak dituzte, garatuko direnean antena[6], janaria murtxikatzeko baraila eta ahoaren bi aldeetako apendize (zurda baten amaitzen direnak) bihurtuko direnak. Ahoaren atzean zeta gisa solidifikatzen den likido lirdingatsua jariatzen duen guruina dago. Zeta hori kapulu bat eratzeko erabiltzen dute. Pupa kapulu erdigardenean zehar ikus daiteke. Zenbait espezietan heldua egun gutxi batzuen ostean garatzen da, metamorfosia pairatu eta gero. Une horretan, estali egiten duen kutikula zabaltzen da, eta hegodun heldua sortzen da, exubia (muda) atzean utzita.[6]

Beste espezie batzuetan erle heldua hibernatu osteko udaberrian bertan sortzen da, metamorfosia pairatu gabe. Adibidez, Megachilidae familian.

Mugimendua, dantza eta hizkuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamaika aldiz entzun dugu erleek hizkuntza bat dutela, eta hizkuntza hori dantza batzuetan oinarritzen dela, alegia, dantzen bidez adierazten dute janari-iturria non den. Ez da erleen hizkuntza gizakiok mintzatzen dugunaren parekoa, izanik ere erleen arteko komunikazio-ekintza bat da. Izatez gero, gure trafiko-seinaleen parekoa litzateke, alegia, kode-sistema itxi-mugatua, aldakaitza, errepikakorra eta jaiotzetik bertatik berez ekarria eta ez ikasia.[3]

Karl von Frisch-ek frogatu zuen erleak erleen dantzaren bidez komunikatzen direla (1926).

Karl von Fristch etologoak etxe-erleen mugimendua ikertu, eta frogatu zuen erleak erleen dantzaren bidez komunikatzen direla. Izan ere, erle langile batek elikagai-iturri bat aurkitzen duenean, mugimendu horren bidez jakinarazten die beste erleei. Delako dantzaren bidez, adierazten dute janaria zein norabidetan dagoen, zein distantziatan, zein usain duen eta zenbat dagoen. Adierazpen aberats hauengatik erle-hizkuntza ere esaten zaio.[3]

Bi dantza mota dauzkate. Bata, janari-iturria gertu dagoen egiten dutena eta bestea urrun dagoenean egiten dutena. Urruneko janaria adierazteko egiten dutena da konplexuena.[3]

Janari-iturria gertu dagoenean dantza biribila egiten dute behin eta berriz eta adierazten dute janaria 50-100 metro baino hurbilago dagoela. Mezu hori jasotzean inguru guztiak miatzen hasten dira erleak, adibidez, erlezainak zabalik dituen erlauntzak edo han dituen trepeta guztiak. Ez dute ziztatuko baina ez dute bakean utziko eta bere lanean enbarazu handia sortuko zaio.[3]

Erleak hiru modutara orienta daitezkeela frogatu zuen: eguzkiaren, argi-izpien polarizazioaren eta Lurraren eremu magnetikoaren bidez. Aukera horietatik, eguzkiak emandako informazioa nahiago dutela frogatu zuen. Eguna lainotuta dagoenean, ordea, beste mekanismo batzuetara jotzen dute. [10][11] Bi dantza-era erabiltzen dituzte: zirkularra, elikadura-iturria berrogeita hamar metrora baino gertuago badago, eta zortzi itxurako mugimendua, aldiz, elikagaia urrunago dagoenean.

Talde-antolaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlauntzan hiru erle mota bizi da: erregina, erlamandoak, erle langileak.

Erlama edo erregina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlama edo erle erregina 2 cm inguru duen eme ugalkorra da, erlauntzan dagoen bakarra. Hegan ari dela ernaltzen dute erlamandoek. Sabel luzea du eta arrautza egiten (50.000 arrautza inguru urtean) dihardu bere bizitza osoan (bospasei urte), neguan atseden hartzen duela. Taldea behar baino handiago denean, erregina berria jaiotzen da. Lehenengoa jaiotzear dagoenean, taldea bitan banatzen da, ondoren erlekume-irtetea hasten da. Erregina zaharra beste erlauntza bat egitera joaten da 10.000 bat erlerekin. Erlauntzean geratu direnak erregina jaioberriaren esanetara jartzen dira eta erregina lehen sortuak lehiakide izan litezkeen beste erreginak hil egiten ditu.

Erlamandoak, 2 cm inguruko erle iletsu gizenak, ehunka edo milaka batzuk izaten dira: urtaro epeletan bizi dira bakarrik. Eme langileek bildutakoa jan eta erregina ernaldu beste egitekorik ez dute. Erladia erreginarik gabe geratu eta une horretan arrautzarik ez balu erregina berria sortzeko, umezurtz geratuko da betiko, baina asteak iraun dezake erladiak zahartzearen zahartzez erabat galdu arte. Tarte horretan zenbait langile, ordura arte antzu zirenak, erruten hasten dira, baina ernaldu gabe daudenez, arrautza haietatik erlamandoak bakarrik jaiotzen dira eta erlauntza erlamandoz betetzen joaten da. Egoera horretan dagoen erladiari esaten zaio erlamandotuta dagoela.[3]

Erle langileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erleak erlauntzan

Erle langileak, 1,5 cm inguruko eme antzuak, erle emea, genetikoki diploidea, antzua eta erlauntzeko eta kanpoko lan guztiak egiten dituena. Erladiko erle motarik ugariena, uda aldean erlauntz bakarrean 60.000 buru izatera iritsi daitezke (10.000 eta 60.000 artean). Taldearen iraupenerako eginkizunak bere gain hartzen dituzte: argizarizko abaraskak egin, jaioberriak elikatzeaz arduratu, eta loreen nektarra, ura eta lore hautsa biltzen dute. Lanerako aroan 4-8 asteko bizitza du, baina neguan 5 edo 7 hilabetez ere bizi izaten da. Erle jaioberria ez da kanpoko lanetan berehala hasten. Bere lehen 20 egunak erlauntz barneko lanetan pasatzen ditu. Ondorengo lanak egiten ditu hogei egun horietan hurrenez hurren: umesabi eta erlauntzaren garbiketa; inudetza, bere barnean sartzen zaion erregina-jeleaz larbak elikatzea; argizarigintza, abdomenean sortzen zaion argizariaz abaraska berriak eraikitzea; biltegi-lana, kanpoko lanetan dabiltzan erle larrelariek dakarten nektarra edo polena dagozkien gelaxketan sartzea; eta, azkenik, atezaintza edo erlauntzaren defentsa. Lan horietan guztietan jardun ostean, hegan egiteko saio eta beroketak egin eta gero, hasten da erle langilea kanpoko lanetan. Sabel muturrean ezten pozoiduna du, eta inori sartuz gero zaurian lotua geratzen zaio sabel-barru zati batekin batera, eta horren ondorioz hil egiten da erlea. Hartzen duten arduraren arabera langile mota hauek bereizi daitezke:[3]

  • Lorenzo Langstroth ohartu zen erleek abaraskak egiten dituztenean, sabaitik zintzilik, abaraskak paralelo eraikitzen dituztela eta beti tarte bat uzten dutela bi abarasken artean. Tarte hori, «erle-pasagune» deitua, 5 eta 9 mm artekoa da. Aurkikuntza horren ondorioa izan zen erlauntzetan tarte hori errespetatuz listoi paraleloak ipintzea, erleek listoi horietatik zintzilik egin zitzaten beren abaraskak. Horrela eginik, erlezainak listoiarekin batera atera zezakeen abaraska eta aztertu haren egoera.[12]
    Langile argizarigilea: Erle langilea jaio eta erlauntzetik kanpoko lanetan hasi aurretik egiten duen hirugarren etxeko lana. Bere abdomenean dituen argizari-guruinak garatzen zaizkio eta abaraskagintzan jarduten da.
  • Langile atezaina: Erlauntzaren defentsa duen erle langilea, beste erle edo animalietatik babestuz. Erle langileak jaio eta erlauntzetik kanpoko lanetan hasi aurretik egiten duen azkeneko etxeko lana. Erlezainak ere bere babesak bilatu behar ditu erle atezainen aurka, gorputza babestuz eta batez ere ke bidez erleen portaera aldaraziz.
  • Langile erruleak: Erle langileak antzu jaiotzen dira larba-aldian izandako elikadura-aldaketa dela eta. Antzutasun hori erreginarengandik jasotzen dituzten feromonek mantentzen dute. Feromona horiek antzutasunez gain, erreginak langileen bereganako arta bermatu eta erregina berrien sorrera eragozten du. Erregina hil edo zahartzen denean feromona hori ez da iristen langileengana eta orduan langile batzuen obulutegiak garatu egiten dira eta erruten hasten dira. Langileak ernaldurik ez daudenez, arrautza horietatik erlamandoak bakarrik jaiotzen dira.
  • Langile ikuskatzailea: Jendeak uste du eguraldi onarekin erleak purrustadan irteten direla harat honat lore bila. Ez da hori gertatzen dena. Goizean goiz, eguraldi ona denean, langile batzuk bakarrik irteten dira erlauntzetik, langile ikuskatzaile deituak. Hauek han eta hemen ibiliz lore nektardunik aurkitzen badute, erlauntzera itzuli eta dantza bidez adierazten diete besteei non aurkitu duten janaria. Ikuskatzaileen berririk gabe ez dira besteak irteten.
  • Langile inudea: Larbak elikatzeaz eta horiek zaintzeaz arduratzen den erle langilea. Etxeko lanetan bigarrena da egiteko hau. Langile gazteei buru barneko guruin hipofaringeoak garatzen zaizkie eta erregina-jelea sortzen zaie haietan. Erregina-jelea ahora heltzen zaie eta horrekin larbak elikatzen dituzte.
  • Langile larrelaria: Nektarra, polena, propolia edo ura biltzera erlauntzetik kanpora joaten den erle langilea. Beste modu batera esanda, larrera joaten edo irteten den langilea.

Erleen garrantzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erlea.

Lurrean, gizarte-ongizatea sostengatzen eta hobetzen da naturak ahalbidetutako prozesu ekologikoei esker. Giza elikagai asko polinizazio entomofiloaren menpe daude hein handi batean: erleek eta beste polinizatzaile batzuek ekosistemari eskaintzen dioten zerbitzu gakoa da polinizazioa. Funtsezko prozesu hori egingo ez balute, kontsumitzen ditugun nekazaritza-produktuen laborantzetako herena gutxi gorabehera beste baliabide batzuen bidez polinizatu behar lukete.[13]

Frutari, barazkiei eta haragi edo esne laborantzarako erabilitako kultiboei larriki eragingo lieke, zalantzarik gabe, intsektu polinizatzaileen jaitsierak.[14] Etxe-erle espezieak, bereziki, Apis mellifera, polinizatzaile nagusietakoak dira zenbait eskualde geografikoetan ikuspuntu ekonomikotik. Hala ere, azken urteetan, hainbat gaixotasun, pestizida eta beste ingurumen-presioak eraginda ikusi dira. [15]

Landareetako polen-transferentzia hazi- eta fruitu-ekoizpenerako behar duen landare-espezie askok inpaktu larria jasan lezakete populazioak aldatzen direnean. Ugalketarako funtsezko baldintza ez denean ere, erleek polena garraiatzen dutenean hazi gehiago eta fruitu handiagoak ekoitz ditzatela. Izan ere, polinizazio hobe batek eragin zuzena dauka loraldiaren eta emankortasunaren arteko denboran. [16]

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Animalia polinizatzaileak arriskuan daude? Eta horrela bada, zergatik?

Landare loredunetan polena organo emeraino heltzea edo helaraztea, non obulua ernalduko duen. Hiru modutara hel daiteke: haize bidez (anemofiloa); ur bidez (hidrofiloa); animalia bidez (zoofiloa). Animalien bidezkoan nagusia intsektu bidezkoa da (entomofiloa) eta intsektuen artean oparoena erle bidezkoa. Badira beste animalia batzuk ere polen-garraioan parte hartzen dutenak, adibidez, saguzar batzuk eta kolibriak.[3]

Erleak loredun landareen edo magnoliofiten polinizatzailerik garrantzitsuenak dira. Intsektuek giza elikagaien herena polinizatzen dutela kalkulatzen da, eta intsektu polinizatzaile gehienak erleak dira.

Erle gehienek gorputz bilotsua eta ile lumaduna dute eta, horri esker, horrela karga elektrostatikoa eramaten dute. Ezaugarri horrek laguntzen du polena haien gorputzari atxikitzen. Haien hanken bitartez polena polen-saskietara transferitzen dute polen-eskuila edo sarotroaren bidez. Erle-espezie batzuk oso espezializatuak dira eta landare-espezie gutxi batzuen polena biltzen dute. Beste batzuek, aldiz, orotariko lore-landareetatik biltzen dute polena. Hala ere, erle horiek ere, denboraldi batez loredun landare-espezie bakarra bisitatzen dute. Jokaera hori onuragarria zaie landareei, ernalketa gertatzeko espezie bereko polena behar dute. Landarearen ernalketa gertatzeko, espezie bereko polena behar da eta, beraz, landareentzako onuragarria da intsektuen jokaera. Erleek usaimen-organo modura erabiltzen dituzten bi antena dituzte, loreak aurkitzeko baliagarriak zaizkienak. Horrez gain, hego pare oso meheak dituzte. Horiek, ahalbidetzen diete espezie batzuei hegaldi luzeak egitera, 12km-rainokoak.

Osasunean eragiten duten faktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteotan, erleen populazioa nabarmen murriztu da. Gainera, erleen osasun globalak txarrera egin du. [17] Izan ere, erle gaixoak, gose diren erleak eta erle pozoituak nagusitu egin dira.

Erleek berezko parasitoak eta gaixotasunak dituzte, ahuldu egiten dituztenak. Batzuetan erleen heriotza ere eragin dezakete. Gaixotasun eta parasito horietako asko inbaditzaileak dira, eta lekuko erleek ezin dute horien kontra egin.

Erleek elikatzeko erabiltzen dituzten loreak urriak direnean, ezin dira elikatu, ezta beren kumerik ere, adibidez, monolaborantzetan. Loreen urritasun hori areagotzen duten faktore asko nekazaritzarekin lotuta daude. Izan ere, herbizidek lore basatien hazkundea saihesten dute. Gainera, klima-aldaketak loratze-patroia alda dezake, baita loredun landareen banaketa ere.[18]

Lore asko, eta baita ingurumena ere, substantzia kimikoekin kutsatzen dira maiz, batez ere pestizidekin. Erleei substantzia toxikoak horiek uraren, airearen, lurzoruaren, nektarraren edo polen-aleen bitartez iristen zaizkie.

Erleak babesteko moduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasteko, polinizatzaileei eragindako kalteak saihestu behar dira, pestizida oso toxikoen erabilera desagerraraziz. Izan ere, horrelako pestizidek ez dute onurarik ekartzen nekazaritza-produktibitaterako. Pestizidarik gabeko laborantza, aldiz, guztiz bideragarria, errentagarria eta segurua da ingurumenerako.[19] Bestetik, polinizatzaileen osasuna hobetu behar da, bai nekazaritza-ekosistemetan, bai habitat seminaturaletan. Landareen aniztasuna hainbat eskalatan handituz polinizatzaileek hainbat baliabide eduki ditzakete polena lortzeko.[20] Azkenik, biodibertsitate handiko laborantza egin behar da. Hau da, lurra landu behar da pestizidarik eta ongarririk erabili gabe, polinizatzaileen ugaritasuna handitzeko. [21][22]

Erlearen hotsa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erleek (oro har, intsektuek) hegan egitean sortzen duten hotsari burrunba edo edo burrundara esaten zaio euskaraz.[23][3] Onomatopeia moduan erabili behar denean brun-brun edo zunburrun erabiltzen da. Ziztatzean, aldiz, onomatopeia hauek erabiltzen dira: Kisk-kisk, zizt-zazt, zizt, txixt, zazt, zizta, dzazt, sast

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Danforth, Bryan N.; Sipes, Sedonia; Fang, Jennifer; Brady, Seán G.. (2006-10-10). «The history of early bee diversification based on five genes plus morphology» Proceedings of the National Academy of Sciences 103 (41): 15118–15123.  doi:10.1073/pnas.0604033103. ISSN 0027-8424. PMID 17015826. PMC PMC1586180. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  2. a b Warnau, Geneviève.. ([2004]). Nire entziklopedia animaliak. Ttarttalo ISBN 84-8091-917-5. PMC 434354690. (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
  3. a b c d e f g h i j k l m n o p q r Aizpurua, Martxel. (2020). «Erleekin solasean» www.buruxkak.eus (UEU) ISBN 978-84-8438-706-0. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  4. a b Sakagami, Shôichi F.; Zucchi, Ronaldo. (1974-04). «Oviposition Behavior of Two Dwarf Stingless Bees, Hypotrigona (Leurotrigona) muelleri and H. (Trigonisca) duckei, with Notes on the Temporal Articulation of Oviposition Process in Stingless Bees (With 27 Text-figures and 8 Tables)» 北海道大學理學部紀要 19 (2): 361–421. ISSN 0368-2188. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  5. a b Messer, Adam Catton. (1984). «Chalicodoma pluto: The World's Largest Bee Rediscovered Living Communally in Termite Nests (Hymenoptera: Megachilidae)» Journal of the Kansas Entomological Society 57 (1): 165–168. ISSN 0022-8567. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  6. a b c d e Anatomy of Honey Bee. .
  7. Roubik, David W.. (1992). Ecology and Natural History of Tropical Bees. (New ed. argitaraldia) Camb. U.P ISBN 0521429099. PMC 221197506. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  8. (Ingelesez) Lifecycle - Bumblebee Conservation Trust. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  9. «The South Carolina Mid-State Beekeepers Association» The South Carolina Mid-State Beekeepers Association (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  10. Munz, Tania. (2016). The Dancing Bees. University of Chicago Press ISBN 9780226020860. (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  11. (Ingelesez) Menzel, R.; Greggers, U.; Smith, A.; Berger, S.; Brandt, R.; Brunke, S.; Bundrock, G.; Hulse, S. et al.. (2005-02-22). «Honey bees navigate according to a map-like spatial memory» Proceedings of the National Academy of Sciences 102 (8): 3040–3045.  doi:10.1073/pnas.0408550102. ISSN 0027-8424. (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  12. Aizpurua, Martxel. (2020). «Erleekin solasean» www.buruxkak.eus (UEU) ISBN 978-84-8438-706-0. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  13. Kremen, Claire; Williams, Neal M.; Aizen, Marcelo A.; Gemmill-Herren, Barbara; LeBuhn, Gretchen; Minckley, Robert; Packer, Laurence; Potts, Simon G. et al.. (2007-04). «Pollination and other ecosystem services produced by mobile organisms: a conceptual framework for the effects of land-use change» Ecology Letters 10 (4): 299–314.  doi:10.1111/j.1461-0248.2007.01018.x. ISSN 1461-023X. (Noiz kontsultatua: 2019-11-27).
  14. Spivak, Marla; Mader, Eric; Vaughan, Mace; Euliss, Ned H.. (2011-01). «The Plight of the Bees†» Environmental Science & Technology 45 (1): 34–38.  doi:10.1021/es101468w. ISSN 0013-936X. (Noiz kontsultatua: 2019-11-27).
  15. Garibaldi, L. A.; Aizen, M. A.; Klein, A. M.; Cunningham, S. A.; Harder, L. D.. (2011-03-21). «Global growth and stability of agricultural yield decrease with pollinator dependence» Proceedings of the National Academy of Sciences 108 (14): 5909–5914.  doi:10.1073/pnas.1012431108. ISSN 0027-8424. (Noiz kontsultatua: 2019-11-27).
  16. United Nations Environment Programme. United Nations Environment Programme. Division of Eary Warning and Assessment.. (2010). Global honey bee colony disorders and other threats to insect pollinators.. UNEP PMC 729549195. (Noiz kontsultatua: 2019-11-27).
  17. Williams, Geoffrey R.; Tarpy, David R.; vanEngelsdorp, Dennis; Chauzat, Marie-Pierre; Cox-Foster, Diana L.; Delaplane, Keith S.; Neumann, Peter; Pettis, Jeffery S. et al.. (2010-08-20). «Colony Collapse Disorder in context» BioEssays 32 (10): 845–846.  doi:10.1002/bies.201000075. ISSN 0265-9247. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  18. United Nations Environment Programme. United Nations Environment Programme. Division of Eary Warning and Assessment.. (2010). Global honey bee colony disorders and other threats to insect pollinators.. UNEP PMC 729549195. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  19. Davis, Adam S.; Hill, Jason D.; Chase, Craig A.; Johanns, Ann M.; Liebman, Matt. (2012-10-10). «Increasing Cropping System Diversity Balances Productivity, Profitability and Environmental Health» PLoS ONE 7 (10): e47149.  doi:10.1371/journal.pone.0047149. ISSN 1932-6203. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  20. Kremen, Claire; Williams, Neal M.; Aizen, Marcelo A.; Gemmill-Herren, Barbara; LeBuhn, Gretchen; Minckley, Robert; Packer, Laurence; Potts, Simon G. et al.. (2007-04). «Pollination and other ecosystem services produced by mobile organisms: a conceptual framework for the effects of land-use change» Ecology Letters 10 (4): 299–314.  doi:10.1111/j.1461-0248.2007.01018.x. ISSN 1461-023X. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  21. Morandin, Lora A.; Winston, Mark L.. (2005-06). «WILD BEE ABUNDANCE AND SEED PRODUCTION IN CONVENTIONAL, ORGANIC, AND GENETICALLY MODIFIED CANOLA» Ecological Applications 15 (3): 871–881.  doi:10.1890/03-5271. ISSN 1051-0761. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  22. Andersson, Georg K. S.; Rundlöf, Maj; Smith, Henrik G.. (2012-02-15). «Organic Farming Improves Pollination Success in Strawberries» PLoS ONE 7 (2): e31599.  doi:10.1371/journal.pone.0031599. ISSN 1932-6203. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  23. «Hotsak. Berria Estilo Liburua» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: erle .