Penélope Cruz
Penélope Cruz Sánchez —laburtuta, Pe ezizenaz ere ezaguna[1][2][3]— (Alcobendas, Madril, Espainia, 1974ko apirilaren 28a) aktorea da. 2008ko emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar Saria irabazi zuen, eta hiru Goya, BAFTA bat eta David di Donatello saria ere eskuratu ditu.
Biografia
Penélope Cruz Sanchez 1974ko apirilaren 28an jaio zen Alcobendasen (Madril). Aita Eduardo Cruz extremadurar auto saltzailea zen, eta ama, berriz, Encarna Sánchez, andaluziar ile-apaintzailea. Pe izan zen senideetan zaharrena, ondoren, Mónica eta Eduardo etorri zirelarik. Serraten abesti batetik datorkio izena Peneloperi.
Neskatxak Juan XXIII.a ikastetxean ikasi zuen, baina berehala piztu zitzaion arte eta interpretaziorako zaletasuna, batez ere, 13 urte zituenean, Pedro Almodóvarren ¡Átame! filma ikusteko aukera izan zuenean. Victoria Abril ikusita, Pedro Almodóvarrekin lan egitea izan zen handik aurrera bere amets nagusia eta horretarako prestatzeari ekin zion gogor. 9 urtez aritu zen Madrilgo Kontserbatorio Nazionalean ballet klasikoa ikasten, beste 4 urtez dantza hobetzen eta hainbat ikastaro New Yorken, Cristina Rotaren eskolan, eta 3 gehiago Ángela Garridoren balletean. Raúl Caballerorekin ere egin zituen jazz dantza ikastaroak eta, aldi berean, interpretazioa ikasi eta proba eta castingetara aurkezten joan zen, aktore lanean hasteko gogoz.
Mecanoren La fuerza del destino bideoklipean ikusi genuen lehen aldiz. 200 neskatxen artean aukeratu zuten eta, 1,66 besterik neurtzen ez duen arren, leku izugarria hartu zuen Nacho Canoren bihotzean.
Ondoren etorri zitzaion Telecincon, Jesús Vázquezekin batera, nerabeei zuzendutako La quinta marcha aurkezteko aukera eta baita Jaime Chavarrik zuzendu zuen Serie Rosaren kapitulu batean ere parte hartu zuen.
Lana eta ospea
1990ean egin zuen Penélopek lehen filma eta Rafael Alcázarren El laberinto griego izan zen.
1992an, Jamón, jamón egin zuen Bigas Lunarekin. Monegrosen grabatu zuten (Zaragoza, Aragón) eta erotismoz beteriko lana izan zen hura. Javier Bardem eta Jordi Mollá gazteek ere egin zuten lan honetan eta Penélopek Goya Sarien VII. edizioan izendapena jaso zuen.
1992an, Lola Del Moreno izan zen Timothy Dalton protagonista zen Framed serieko kapitulu batean lan egin zuen eta, 1993an, Oscar Saria irabaziko zuen Fernando Truebaren Belle Époque egin zuen Portugalen -1983an José Luis Garciren Volver a empezar filmak lortu zuenetik, bigarrena izan zen Espainian-. Ariadna Gil, Jorge Sanz, Agustín González, Chus Lampreave edo Fernando Fernán Gómez izan zituen kide, beste batzuen artean, eta Penélopek Jamón, jamón filmean emandako irudi erotikoa uxatu zuen, Bigarren Errepublika garaiako neskatxa umil eta xaloa interpretatuz.
Lan gehiago etorri ziren 90. hamarkadan: Por amor, sólo por amor, La rebelde, Todo es mentira, Entre rojas, Allegro ma non troppo, Hablando con los ángeles edo El efecto mariposa entre otras.
1996an, Gerardo Veraren La Celestina egin zuen Terele Pávez, Juan Diego Botto edo Maribel Verdúrekin batera.
Manuel Gómez Pereiraren El amor perjudica seriamente la salud ere egin zuen eta arrakasta handia lortu zuen harekin.
Urte askotan egin zion bilutsik grabatzeari uko eta paper ugari galdu zuen horregatik, Días contados edo Un paseo por las nubes y Tierra. Jamón, jamón egin zuenetik Abre los ojos etorri zen arte ez zen berriro bilutsik agertuko.
Amenábar eta Almodóvar
Aurreko lanen arrakastaren ondoren, bere ametsa betetzeko aukera izan zuen eta, 1997an, papertxo bat lortu zuen Pedro Almodóvarrekin. Javier Bardem, Liberto Rabal, José Sancho eta Ángela Molina protagonista zituen Carne trémula filma zen hura.
1997an, Sofía izan zen Alejandro Amenábarren Abre los ojos filmean, beste batzuen artean, Eduardo Noriega eta Fele Martínezen ondoan lan egin zuelarik. Arrakasta itzela izan zuen.
1998an, La niña de tus ojos ("Zure neskato begikoa") egin zuen Fernando Truebarekin eta berarekin izan ziren Antonio Resines, Jorge Sanz, Loles León, Rosa María Sardá edo Santiago Segura. Goya Sarien XIII. edizioan eta beste sari batzuetan ere balio handia eman zioten Peneloperen lanari. Europar zinearen sarietan ere izendatu zuten.
Hollywood
Azkenean, Almodóvarren lanetan sartu zen eta Todo sobre mi madre filmean HIESak jotako transexual batekin harremanetan hasiko den moja baten papera egingo du. Oscarrerako lana izango zen hura ere.
2000n, AEBetan zegoen, jada, eta All the pretty horses egin zuen Matt Damonen ondoan, La mandolina del capitán Corelli Nicolas Cagen ondoan edo Vanilla Sky Tom Cruisekin edo Blow Johnny Deppekin. Tom Cruisen bikotekidea izateak ate asko ireki zion han, baina europar zineak ekarriko zizkion kritika hoberenak
2004an, No te muevas egin zuen. Gainera, David di Donatello saria irabazi zuen, eta Goyarako izendapena ere bai.
2006an, Volver egin zuen Pedro Almodóvarrekin eta Canneseko Zinemaldian garaile izan zen beste artistekin batera: Carmen Maura, Chus Lampreave, Lola Dueñas, Blanca Portillo eta Yohana Cobo. Film horrekin, 2007ko urtarrilaren 23an, Oscar Sarietako izendapena lortu zuen Judi Dench, Meryl Streep, Kate Winslet eta Helen Mirrenekin lehian. Azken honek irabaziko zion The Queenen egindako lanagatik.
2007ko urtarrilaren 28an, Penélope Cruzek bigarren Goya irabaziko zuen Volverren Raimunda izateagatik. Lan berak jaso zuen 2006ko urrian Hollywood Awards saria.
Elegy egin zuen gero, Isabel Coixeten zuzendaritzapean eta Ben Kingsleyren ondoan.
Woody Allen
Woody Allenen Vicky Cristina Barcelona egin zuen Javier Bardem, Scarlett Johansson edo Rebecca Hallekin batera. 2007ko udan egin zuten Avilés (Asturias) eta Bartzelonan eta oso ondo saldu zen, kritika onak lortuz, bai Espainian eta baita kanpoan ere. Berriro etorri ziren izendapenak, baina Kate Winsletek hartu zion aurrea Urrezko Globoetan eta bakoitzak berea lortu zuen Oscar Sarietan. 2009 izan zen Peneloperen ibilbidearen kontsolidazioa. 3. Oscar Saria lortuta zuen, jada.
Nine
Oscar Sarietarako 3. izendapena izango zuen hau. 2009an egingo zuten lan hau Rob Marshallen izendapenean. Ondo lagunduta dago film honetan: Daniel Day Lewis, Marion Cotillard, Sophia Loren, Judi Dench edo Nicole Kidman ziren bertan eta, nola ez, Kate Hudson ere bai. Oraingoan ere, beste sari batzuz gain, Urrezko Globoetarako ere izendatuko zuten.
2009an estreinatu zuten 2006an Adrien Brodyrekin batera egindako Manolete, arazo ekonomikoek atzeratu baitzuten momentu hura.
2010ean, azken 2 hamarkadetako Oscar sarietan agertu direnen artean hoberen jantzi dena kontsideratu zuten eta 2007ko edizioan soinean eraman zuen Versacea ezin da erraz ahaztu.
2010ean, Sex and the City 2 ere egin zuen, Carmen interpretatuz.
Telebista
- Jaime Chávarriren Ella y él.
- Ricardo Palaciosen Crónicas Urbanas.
Antzerkia
- Marta Montblancen Don Juan.
Bizitza pertsonala
Barazkijalea omen da eta ez omen du alkoholik kontsumitzen.
Lau hizkuntza hitz egiten ditu: ingelesa, frantsesa, italianoa eta gaztelera.
Lagun onak egin ditu munduan, Scarlett Johansson, Ashton Kutcher eta Shakira tartean.
Harreman asko ezagutu zaizkio Peri Nacho Canorekin hasi zenetik. Jamón, jamón egin zuenean hasi omen zen Javier Bardemekin, baina hantxe geratu zen hura ere.
Tom Cruisekin lotu zenean, nazioarteko prentsara egin zuen salto eta, harreman hura bukatu zenean, Matthew McConaughey ezagutu zuen Sahararen filmazioan.
Lagun gehiago ere esleitu dio prentsak, baina 2010eko uztailaren 14an, Javier Bardemekin dago ezkonduta eta familia izan dute, jada.
Filmografia
Zinema
Taula honetan ikus daitezke film bakoitzaren zuzendaria, enpresa ekoizlea eta beste izenburuak (gaztelaniaz, frantsesez):
Pertsonaiak eta sariak
Telebista
Urtea | Izenburua | Papera | Oharrak |
---|---|---|---|
1991 | Série rose | Javotte | Atala: "Elle et lui" |
1992 | Framed | Lola Del Moreno | 3 atal |
2018 | The Assassination of Gianni Versace: American Crime Story | Donatella Versace | 5 atal. Primetime Emmy Sarietarako hautagaia. |
Erreferentziak
- ↑ Rebecca MURRAY: «Penelope Cruz Biography», About.com Guide
- ↑ Mábel GALAZ: «Pe y Bardem sellan su historia de amor en Bahamas», El País, 2010-07-14.
- ↑ «Penelope Cruz: la "Pe" comme passion», Marie-Claire.
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Penélope Cruz |
- (Ingelesez) Penélope Cruz (IMDb)
- 1974ko jaiotzak
- Gizabanako biziak
- Madrilgo Erkidegoko jendea
- Espainiako emakume aktoreak
- Emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar sariaren irabazleak
- Emakumezko aktore onenaren Goya Sariaren irabazleak
- Emakumezko bigarren aktore onenaren Goya Sariaren irabazleak
- Cannesko Zinemaldiko emakumezko interpretazio onenaren saridunak
- Donostia Sariaren irabazleak (Zinemaldia)